Egun on eta mila esker gaurkoan, urtero lez gurekin egun berezi hau konpartitzera hurbildu zareten guztioi. Gaurkoan, Santi eta Josu oroitzeaz gain, Estatuaren indarkeria bidegabea sufritu duten horiei ere eskaini nahi diet gaurko eguna. Hainbestetan ixilduak, gutxietsiak eta justifikatuak izan diren gure minei ere errespetu eta aitortza osoa zor zaielako. Jaso ezazue besarkadarik sentituena eta zin dagizuet jarraituko dugula gure senideen memoria lehen lerrora ekartzen, merezi dutelako! [...]

Egiari Zor Fundazioa Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen zuzendari den Monika Hernandorekin eta, Jonan Fernandez, Bake eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusiarekin bildu da irailaren 13an,  giza eskubideen urraketak jasandako biktima guztiei babesa eskainiko dien Lege integral berri bat martxan jartzeko eskaera luzatzeko eta lan horretan laguntzeko gure prestutasun osoa adierazteko. 2017-09-14 12:42:16[...]

Pasa den abuztuaren 10ean 1960 eta 1978 urteen artean motibazio politikoko biolentzia jasan zuten biktimek 12/2016 Legearen baitan aitortuak izateko eskaerak egiteko epea amaitu ostean, Egiari Zor Fundazioak tramitazio prozesu guztian lagundu ditugun biktimek eskaerak egiteko izan dituzten zailtasunen balorazio bat konpartitu nahi izan du Eusko Jaurlaritzako arduradunekin.

Biktima guztiengana heltzeko agertutako konpromisoa urria izan dela kritikatu dugu bileran, urte hauetako biktima kopuru handiena torturatu eta zaurituen artean egonik, hauekin harremanetan jartzeko ekimenik ez baita martxan jarri. Datuen arabera, gutxienez 1.566 pertsonak jasan zituzten torturak 1960 eta 1978 artean; eta 250 pertsonatik gora zauritu ziren motibazio politikoko biolentziaren eraginez. Horiek guztiengana heltzeko lanean jardun da Egiari Zor Fundazioa azken hilabeteotan. Baina ahalegina handia izan bada ere, ezinezkoa izan da guztiekin kontaktuan jartzea, eta guztira 44 eskaera tramitatzen laguntzera heldu gara.

Etorkizunean horrelako egoerak ez errepikatzeko, Jaurlaritzari martxan jartzen dituen Legeen betetzea ziurtatzeko neurriak hartzea eskatu diogu; eta giza eskubideen urraketak jasandako biktima guztiei babesa eskainiko dien Lege integral berri bat martxan jartzeko gure proposamena ere aurkeztu dugu, tramitaziorako denbora-mugarik gabea. Ziur baikaude urraketa guztien aitortzak prozesu mantso baina etengabea behar duela izan.

Egiari Zor Fundazioa