Torturaren Aurkako Ekitaldia Zizurkilen.

  Joxe Arregi zizurkildarraren heriotzaren data (Otsailak 13) Torturaren Aurkako Eguna Bilakatu zen Euskal Herrian. Atzo, Otsailak 17an bere izena duen Zizurkilgo plazan «Egia bide, askatasun amets» lelopean TORTURAREN AURKAKO EKITALDIA burutu zuten. "Bakean oinarrituriko etorkizuna eraikitzeko Estatu espainolak tortura sistematikoki erabiltzen duela onartzea" ezinbestekotzat jo zuten.

Hamaika dira torturaren ondorioz hil diren euskal herritarrak. Milaka torturaren zama azalean pairatu dituzten euskal herritarrak. Atzo, hildakoen senitartekoek arrosa zuri bana jaso zuten Zizurkilen Joxe Arregiren arreba Maribirekin batera. Guztien ohorez dantzatu zuten biolinez lagundutako aurreskua eta guztiak ekarri zituzten gogora. Mercedes Antxeta, Manuel Tomas, Antonio Goñi, Juanjo Munduate, Alfredo Valcarcel, Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro gogoratu zituzten atzo Zizurkilen.

Horiek dira torturak hildakoak, baina Egiari Zor fundazioko Nagore Mujikak nabarmendu zuenez, euskal herritar askok eta askok pairatu dute Estatuaren indarkeria mota hau azken hamarkadetan.
Dagoeneko egiaztatutako 4.800 kasu daude, baina 10.000 lagun inguru izan litezke tortura pairatu dutenak. Gobernu guztiek eta polizia guztiek izan dituzte atxilotutakoak torturatzeagatik jarritako salaketak.
«Zuek ez zineten torturaren bidaiatik itzuli. Zuengatik eta ankerkeria hori bizi izan duzuen guztiengatik beste inor infernu horretatik pasa ez dadin basakeria honekin amaitzeko gure konpromisoa erakusten dugu», adierazi zuen Mujikak.
Duela 32 urte Joxe Arregik jasandakoa azaltzeko erabili zituen hitzak gogora ekarri zituen. «Oso latza izan da». 72 poliziak inkomunikatuta egon zen bederatzi egunetan eragindako zauriak azaltzeko Arregik erabilitako lau hitz horiek «Zizurkilen egin zuten eztanda eta hortik Euskal Herriko bazter guztietara hedatu ziren».
Konponbide politikoa
Gatazkaren jatorria eta ondorioak politikoak direnez, konponbide politikoa beharrezkoa dela gaineratu zuen Mujikak. «Akordio politikoa eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidearen alde lan egingo dugu. Elkarbizitza eta eskubide guztiak onartzea eta gauzatzea ahalbidetuko duen bidea izango da. Gure ekarpenak etorkizun hobe batean du zentzua, hau baita berme bakarra gertatutako bidegabeke- ria eta minak errepika ez daitezen».
Alde horretatik, dei berezia egin zien Lakuako Gobernuari, Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan ordezkatuta dauden alderdiei eta giza eskubideen memoria eta indarkeria desberdinek Euskal Herrian eragindako biktima guztiak onartuko dituzten arduradun politiko guztiei.
«Hauxe da eskaera: behingoz errelato guztiei bide ematea, giza eskubideen urraketa guztiak aitortzea eta haien aurrean justiziarako eta erreparaziorako politika eraginkorrak aktibatzea», azaldu zuen.
Era berean, urte hauetan guztietan gertatukoarengatik ardurak eskatzea ere beharrezkoa dela nabarmendu zuen Mujikak. «Gertatutako guztiarengatik erantzukizunak exijitzeko orduan ezin ditugu albo batera utzi estatuak, horien agenteak eta hamarkada askotan zehar errepresioa eta estatu-terrorismoa ahalbidetu duten alderdi, gobernu eta erakundeetako kargudunak», adierazi zuen. Zentzu horretan, frankismoan tortura babesten zuten legeak gero ere indarrean izan zirela gogorarazi zuen. Aldaketa bakanetakoa PSOEren Gobernuak inkomunikazio epea hamar egunetik bostera jaistea izan zen. «Horrek `eraginkorragoak' izatera behartu zituen tortura erabiltzen zutenak. Helburu berberak lortzeko denbora gutxiago zuten».
«Benetako erronka torturatu guzti-guztientzat egia, justizia, erreparazioa eta errepikatuko ez den bermea eskuratzea da. Inor ez dadila bidearen erdian geratu, inork ez dezala gertatutakoarengatik ardura ahots txikiarekin eskatu», gaineratu zuen Egiari Zor fundazioko kideak.