“Feminismoak irakatsi digu torturatutako emakumeen bizipen pertsonalak kolektiboak eta politikoak ere badirela. Tortura biolentzia matxista dela. Osatzeko, aitortza ezinbestekoa da”

Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunean, generoak torturaren aplikazioan izan duen dimentsioaren inguruan hausnartu genuen Zizurkilen antolatutako mahai inguruan.

Pasa den otsailaren 13an 39 urte bete ziren Joxe Arregi hil zenetik, jasandako tortura bortitzek eragindako zaurien ondorioz. “Oso latza izan da” hitzak euskal jendartearen memorian indarrez grabatuta daude orduz geroztik.

Egiari Zor Fundazioaren agendan urteroko zita da egun hori, jasandako mina ez ahazteko, Joxe eta bere antzera torturaren ondorioz bizia galdu behar izan zutenak gogoan izateko eta giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten milaka pertsonen eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko.

Aurtengoan, torturak jasandako 3 emakumek hartu zuten parte Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean antolatutako mahai inguruan. Horietariko bi bertan zeuden: Olatz Dañobeitia eta Miren Azkarate. Beste bat, berriz, Nekane Txapartegi, Suitzan zen. Euskal gatazkaren testuinguruan emakumeek jasan duten (eta oraindik ere jasaten duten) biolentzia gurutzatuen testigantza argiena izan zen azken horrena: tortura, salbuespenezko espetxe politika, jazarpena, errepresioa, erbestea...

Hiruretariko bakoitzaren hitzartzea oso ezberdina izan zen, azpimarra bizipen edo ideia zehatz bati egin nahi izan ziotelako. Ez zuten, ordea, polizia etxean pasatakoen inguruko xehetasunik eman. Horren ordez, torturak jasan ostean egin beharreko prozesuari erreparatu zioten, eman beharreko pausoei, zailtasunei, beldurrei... Emozioei, azken batean.

Hori guztia emakumetasunetik, gainera, horrek egun generoa ulertzeko dugun eskema binarioen arabera esan nahi duen guztiarekin. Baina batez ere, hiru hizlariak mintzatu ziren beren azaletan giza eskubideen urraketa larria jasan ostean feminismoaren ikuspegi kritikoa lagun izanda aurrera egiteko bidea dagoeneko egin duenaren esperientziatik.

 

“Komisarian nire zati bat geratu zen. Orduz geroztik, hildako biziduna naiz. Nire zati hori bueltan, jasan nuena aitortzen denean bakarrik etorriko da”.

 

Hasteko, aztertu zuten teoria eta praktika feministak zein ekarpen egin diezaiokeen torturaren ondorioen kudeaketari. Hiru hizlariak bat etorri ziren oraindik ere gaiak planteatzen dituen erronkak oso handiak direnaren ideian, eta guztiaren oinarrian aitortza dagoela aditzera eman zuten. “Bestela, zauriak ixtea ezinezkoa izango da”.

Hiru ideiatan laburbildu zuten feminismoak egindako ekarpen hori:

  1. Gertakari oro, tortura barne, genero ikuspegitik aztertzea ezinbestekoa da. Generoak gizarte baten jarduteko moduak errotik baldintzatzen ditu, eta beharrezkoa da aztertzea zein dimentsio, eragin, efektu... izan dituen.
  2. Generoak Euskal Herriko testuinguru sozial eta politikoan izan duen eragina aztertu eta aintzat hartu behar da. Euskal Kriminologia Institutuak egindako ikerketaren baitan tortura praktikak generoaren arabera ezberdinak nola ziren aztertzen bazen ere, beharrezkoa da ikertzen jarraitzea.
  3. Torturak jasandako pertsonak nola sentitu diren aztertu behar da.

Jarraian, hausnartu zuten tortura emakumeak erasotzeko nola baliatu izan den, arma politiko gisa nola erabili den, zigortzeko politikoki parte hartzeko erabakia hartu zuten emakumeak, arau heteronormatiboak hautsi eta “zegokien” postua betetzeko prest ez zeuden disidenteak.

Esaterako, hiru hizlariek azpimarratu zuten nola amatasuna erasotzea ohiko praktika izan den torturatzerako garaian. Tortura sexuala ere izan zuten aipagai, emakumeen kontrako ohiko praktika izan delako. Edota torturak salatzera ausartu diren emakumezkoei emandako sinesgarritasun ezaz ere mintzatu ziren.

Torturak jasandako pertsonei biktima kontzeptuarekin identifikatzeak sorrarazten dien ezinegonaz ere mintzatu ziren hiru hizlariak. Eraiki den biktimaren ideia gatazkarekin harremanik izan ez duen pertsonarena dela defendatu zuten, eta horrek politikan aktiboki parte hartzeko erabakia hartu duten pertsonak inkomodo sentiaraztera eraman ohi dituela. Aitortu zuten biolentzia jaso duen pertsona oro dela biktima, baina sarritan badirudiela horrekin identifikatzeak subjektu aktibo izaera albo batera uzten duela. Horren aurrean, feminismoak hainbat alternatiba planteatu izan dituela aipatu zen: biziraulea, erresilientea...

Justiziaren ideia ere izan zen mintzagai. Biktima ororen eskubidea baita justizia, baina ikuspuntu feminista batetik horrek esan nahi duenaz hausnartzea beharrezko jo zuten, honako premisa oinarri hartuta: gure eskubideak urratu dituen heteronormak eman behar al digu justizia?

Mahai inguruaren ondorio nagusia honakoa izan zen: torturaren ostean berreraikitzeko, aitortza da ezinbestekoa (kolektiboa, euskal jendartearena, eta baita instituzionala ere, ardurak dituzten horiena). Eta, horrez gain, esperientzia pertsonalak kolektibizatzea, gertatutakoaren inguruan jardutea eta hori politikoa dela ohartzea ere beharrezkoa da. Ikuspegi hori da, funtsean, feminismoak praktikoki eta teorikoki biktimari egin diezaiokeen ekarpen garrantzitsuena.

Amaitu zuten esanaz oraindik ezagutzeko asko dugula euskal gatazka politikoaren baitan gertatutakoaren inguruan, eta hori eguneroko lana dela, ez soilik egun zehatzetan egin beharreko memoria ariketa. Gainera, azpimarratu zuten mugimendu feministatik egiten den lana baliagarria izan daitekeela torturaren inguruan ezagutzen ez ditugun hainbat errealitate ezagutzeko, eta egia eraikitzen jarraitzeko. Egia, genero perspektibarik gabe, sekula ez baita osatuta egongo.

Jardunaldiaren ideia nagusiak biltzen dituzten bideoak laster ikusgai izango dira gure webgunean.