Karlos Saldiseren erailketaren 40. urteurrenean Lezon aldarrikatu genuen beharrezkoa dela “Estatuak dagozkion ardura politikoak bere gain hartzea”

Lezoko Karlos Saldise plazan herri batzordearekin batera antolatutako ekitaldian senide eta lagunek ere parte hartu dute. 40 urteren ostean aitortza ofiziala beharrezkoa dela aldarrikatu dute eta Estatuaren zigorgabetasuna salatu.

Egiari Zor Fundazioaren izenean Ane Muguruzak hartu du hitza. Hona irakurritako adierazpena:

Eguerdi on guztioi, eta mila esker gaurkoan Lezoko Karlos Saldise plaza honetara bertaratu izanagatik, oroitza eta salaketa ekitaldi honetan parte hartzera.

70eko eta 80ko hamarkadetan Estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko. Francoren gobernuaren egiturek, SECEDek eta informazio zerbitzu militarrek jarri zuten martxan gerra zikin hori, baina UCDren gobernuaren garaian, “Trantsizio Demokratikoa” deritzonaren garaian, hain zuzen ere, jarraipena izan zuen.

Estatu terrorismoaren lehen belaunaldi horrek ATE, GAE, Triple A edo Batallón Vasco Español bezalako siglapean egin zituen erasoak. Beranduago heldu zen GAL, PSOE gobernura heltzearekin batera. Estatu terrorismoak, Euskal Herriko luze eta zabalean, gutxienez 79 pertsona hil zituen. Tartean, Lezoko auzokide sanjuandarra zen Karlos Saldise Korta.

Euskaltzalea eta ezkerreko militante abertzale konprometitua izan zen Karlos Saldise. Horregatik hil zuen tiroz bere etxeko atarian Estatu terrorismoak 1980ko urtarrilaren 16an, 33 urte zituela.

Bi talde parapolizial ezberdinek aldarrikatu zuten erailketa: Batallón Vasco Españolek, Eginen; eta Grupos Armados Españolesek (GAE) Diario Vascon. Hala ere, garaian ikerketa ofizialik ez zen egin. Hiru hilabete eskas pasa zirenean auzia artxibatu egin zuten eta egun, oraindik, zigorgabe dirau, antzeko kasu gehienen antzera.

Karlosek beste hainbatekin batera, Euskal Herriarentzat defendatzen zuten proiektu politikoa, ekonomikoa, soziala, parez pare kontrajartzen zen, eta oraindik ere da, diktadore genozidak “lotuta, eta ondo lotuta” utzitakoarekin. Erregimenaren biziraupenerako bada bakarrik molda daitekeen konstituzioaren bidez gutxi batzuek blindatu zuten horrekin, hain zuzen.

Demokrazia espainiarraren oinarrian daude inpunitatea eta biolentzia. Erregimen militar faxistak eragindako krimenak sekula gertatu ez balira bezala jarri zen abian demokrazia hau, Estatuko botereak depuratu gabe, horrela ahalbidetuaz urte luzeetako biolentzien erantzuleek beren postuetan jarraitzea, eta frankismoa instituzioetan betikotzea.

Tamalez, Karlos zein Eestatu terrorismoak erahildako gainontzeko pertsonak ez ziren izan Estatu espainiarrak gure herrian praktikara eramandako biolentzia anitzen ez lehenengo ez azken biktimak. Hori dela eta, gaurkoan, Lezoko plaza honetatik eta Karlos Saldise zenaren konpromisoa gogoan dugularik, Estatuaren biolentziaren biktima horiei guztiei nahi diegu eskaini omenaldi hau: egia itzaletik argitara ateratzeko borrokan eta lanean diharduten horiei guztiei; komunikabideetan tarte txikirik ere ez duten horiei; efemerideetan agertzen ez direnei; debekatutako izen-abizenak dituztenei; kontatu ezin den historia dutenei.

Herri honen askatasuna lortzeko bidean hamar milaka herritar ibili dira eta bizitza eman dute. Garai ezberdinetan, bandera ezberdina soinean, ideologia konpartitu gabe batzuetan, baina askatasun ametsaren bidean denak. Haien bizitza eta lekukotza gure historiaren atal zatiezina da, faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zietelako. Zuentzat guztientzat gure oroitzarik beroena.

Asko mintzo gara memoriaz, inolako desenkusarik gabe biolentziari zilegitasuna kenduko dion memoria demokratikoa eraikitzearen beharraz. Hala ere, badirudi bakarra dela deslegitimatu beharreko biolentzia. Ez milaka pertsona bide bazterretan anonimotasunean mantentzen dituena; ez Estatuaren fondo erreserbatuekin finantzatu zena; ez manifestazioak edo asanbladak disolbatzeko tiroak jaurtitzen zituena; ez kontroletan euskal herritarrak akabatzen zituena; ez demokraziaren jarduna, oinarrizko eskubideen jarduna, oztopatu duena;…

Hilabete asko daramatzagu ikusten eta entzuten nola ahots ezberdinak mintzo diren biktimen umiliazioaz. Gurean gertatutako biolentzia bakar baten biktimei egiten diete erreferentzia, ordea. Akaso Estatuaren biolentziak jasan ditugun biktimok ez dugu arrazoirik umiliatuta sentitzeko?

Bizi dugun egoeraz jabetu besterik ez dago, edo gure biktimarioek bizi duten egoera aztertu, zentzu apur batekin ohartzeko guk ere umiliatuta sentitzeko nahikoa arrazoi baditugula.

Aurtengo urriaren 24a. Madril. Bandera frankistak ikusi genituen, “¡Viva Franco!” oihuak entzun, eskuin beso goratuak… Diktadorearen eta bere obra odoltsu eta biolentoaren gorazarre argia izan zen hori guztia. Baina Espainiako justiziak hemen ez zuen biktimen umiliaziorik ikusi, ez zuen terrorearen exaltaziorik ikusi, ez zuen hiltzaile genozida baten figuraren omenaldirik ikusi… Honakoa da, bada, oinordeko den Estatuaren maila demokratikoa.

Umiliantea da GALekin izandako harremanagatik kondenatutako zenbait politikarik kartzelan Altsasuko gazteek baino denbora gutxiago pasa izana.

Umiliantea da gure senideen exekutore izan zirenak kondekoratzea eta biziarteko ordainsariak jasotzea.

Umiliantea da Euskal Herriko erakunde nagusietariko batzuek etengabe uko egitea autokritika eskaerak egiteari gure gizartea kolpatu zuten hainbat eta hainbat biolentziaren eragileri eta ardurak izan zituzten guztiei.

Umiliantea da oraindik gaur egun ehundaka pertsona behartzea astebururo kilometroak eta kilometroak egitera, arriskuan jarriaz beren bizitzak salbuespenezko erabaki politiko batzuen ondorioz.

Umiliantea da aipatu gabe uztea zer nolako inpunitatearekin urratu zituen Estatuak ehundaka herritarren giza eskubideak.

Umiliantea da ez eskatzea autokritikarik egiteko Iñigo Cabacas hil zutenei, Gurutze Iantzi hil zutenei, Gasteizko martxoaren 3ko krimenen arduradunei, Almeria kasukoei, Jose Atanes hil zutenei… Gutxi batzuk aipatzearren.

Ekidin nahi gaituzte. Estatuaren biolentziaren biktimen zerrenda osatzen dugunak ekiditen gaituzte. Modu kontzientean, gainera, haiek bere gain hartzeko prest ez daudena beste batzuei exigitzearen hipokrisiari aurre egin behar ez izateko. Honen guztiaren oinarrian dagoena da indartzen saiatzea Estatuaren biolentziaren erabilera legitimatu asmo duten diskurtsoak, ehundaka pertsonaren giza eskubideak urratu zituztenak. Hori ez al da moralki onartezina?

Gure mina eragin zuen eta sekula horren aitortzarik egin ez duen biolentziari ez zaio inolako eskakizunik egiten, ez da interpelatzen. Honek pentsatzera garamatza behin eta berriro eztabaida publikoan dabilen autokritika eskaera ez dela, benetan, bakeari eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako konbikzio moraletan oinarritzen, interes politiko zehatzetan baizik.

Biktimak kategorizatzen diren bitartean, biolentziak ukatzen, erantzunkizunak kamuflatzen… amaitezina dirudien etika demokratikoaren inguruko eztabaida batean gaude murgilduta, honen helburua solik delarik bizi dugun gatazkaren izaera politikoa difuminatzea, eta ez pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetu osoz diharduen kultura demokratiko berri baten eraikuntza.

Eta ez da nahikoa esatea biolentzia ezberdinetako biktimak badirela; ez da nahikoa, zenbait eskubideren jabe egingo bagaituzte ere, biolentzia batzuk bakarrik ofizialki aitortuko dituzten legeak abian jartzea.

Beharrezkoa da ardura politikoak nork bere gain hartzea, eta hausnartzea zergatik izan den posible, zein testuingurutan izan den posible, Estatu batek horrelako krimenak aurrera eraman ahal izatea, bere inpunitatea ikustaraztearekin batera.

Bizi izan dugun errealitatea ukatu duten mediku forentseek, epaileek, komunikabideek eta klase politikoak, inpunitateari tokia egiteaz gain, posible egin dute arduradunek ez hartzea beren gain dagokizkien erantzunkizunak. Eta, hala ere, jasan behar dugu batzuek pentsatzea ustezko nagusitasun moral baten jabe direla, beren ekintzen erantzunkizunak norbere gain ez hartzeko.

Gure eskubideak babestu behar zituen horrek urratu ditu gure giza eskubideak eta egin gaitu biktima. Ez al da moralki onartezina, errealitate horren aurrean, beste alde baterantz begiratzea?

Ziurta dezakegu gaur hemen gaudenok ez dugula inolako arazorik ezberdin pentsatzen dutenekin. Baina ez dugu onartuko inor saiatzea inposatzen gertatutakoaren inguruko kontakizunik, bakarra balitz bezala, beren arduren jabe ere egin nahi ez dutenean; eta ezta moraltasunaren inguruko lezioak ematen saiatzerik ere.

Pluraltasun ideologikoari diogun errespetutik, eta kontziente izanik etorkizuneko bakearen eraikitzeko, ezinbestean, iraganean gertatutakoaren inguruan jardun beharko dugula, horrek sorrarazten dituen korapilo guztiekin, gure determinazioa da lanean gogor jarraitzea egun ezberdintasunak diren horiek topagune bilaka daitezen.

Horretarako, uste dugu elkartzen gaituen horri heldu behar diogula, eta hausnartu behar dugula banatzen gaituenaren inguruan, guztion artean aurrera egiteko konpartitzen dugun helbururantz: elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza, non hamarkadetan bizitako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria izango den horrelakorik ez errepikatzeko berme.

Amaitzeko, esan nahi dugu gatazka behin betiko konpontzeko eta bideratzeko gure konpromisoak indarrean dirauela. Gatazka sortu izanaren arrazoiak politikoak izan ziren, eta politikoak beharko dute izan irtenbideek, pertsona guztiak dagozkien eskubideen jabe direla bermatzeko, elkarbizitza demokratikoa eraikitzen jarraitzeko eta gatazka behin betiko gainditzeko.

Aurrera goaz, haritzaren sendotasunarekin, egia bide eta askatasuna amets.

Gora Karlos!