Salbuespenezko espetxe politikak hiltzen jarraitzen du

Ekidin zitekeena berriro gertatu da. Berriro ere, euskal presoen kolektiboari sistematikoki aplikatzen zaion espetxe politika ankerrak bizitza berri bat eraman du Oraingoan Igor Gonzalez Sola Bilboko bizilagunarena.

Hasteko, familia eta lagunei gure dolumin sakonenak helarazi nahi genizkieke.

Euskal gizartea murgilduta dago bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan, eta aurrera egiten jarraitu ahal izateko, beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politika behin betiko desaktibatzea. Indarrean dagoen legedia behingoz betetzea, gaixo dauden presoak behingoz kartzelatik ateratzea eta bizitzeko eskubidea bermatzea beharrezkoa da.

Presoen urruntze eta isolamendu sistematikoa bertan behera uztea ezinbestekoa da, pertsona guztien giza eskubideak babesteko eta bermatzeko, baita Estatuaren zaintzapean daudenenak ere. Espetxe politikak hiltzen jarraitzen du.

Azken 6 hamarkadetan, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dute bizitza egoera ezberdinetan, pertsona talde honi sistematikoki aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien ondorioz. Kartzela barruan, zehazki, 20 pertsona dira hil direnak.

Galdutako bizitza bakoitza konponezina da eta tragedia ikaragarria eta sufrimendu ikaragarria sortzen du.

Hori dela eta, gaur egun oraindik indarrean dauden indarkeriazko adierazpenak behingoz gelditzeko eskatzen dugu, hala nola salbuespenezko espetxe politika, ondorio tragiko eta konponezinak sortzen jarraitzen baitu.

Espetxe politika erabaki politiko zehatzen ondorioa da; horren diseinuak, aplikazioak eta betikotzeak indarkeriazko estrategia bati erantzuten diote, erantzukizunak daudelarik.

Indarkeriazko hamarkada luzeek sortutako ondorioak gainditzeko, ezinbestekoa da heriotzak sortzen dituzten baldintzak behingoz ezabatzea, oinaze eta sufrimendu berriak sortzeari uztea.