“Torturaren ostean berreraikitzen genero perspektibatik” mahai ingurua Zizurkilen otsailaren 13an, Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunean

Otsailaren 13a Euskal Herriko Torturaren Aurkako Eguna da, 1981. urteko egun hartan Joxe Arregi hil zenetik, bortizki torturatua izanagatik jasandako zauri larrien ondorioz. Orduz geroztik urtero salatzen da Estatu espainiarrak tortura euskal jendartearen kontra sistematikoki baliatu duela, bere estrategia errepresiboaren baitan.

39 urte pasa dira jada Joxe Arregik hil aurretik esandako “oso latza izan da” hartatik. Hori dela eta, urtero, infernu hori bizi behar izan zuten milaka emakume eta gizonak hartzen ditugu gogoan egun horretan.

Egiari Zor Fundaziotik aldarrikatzen dugu gertatutakoa ezagutzea berme onena dela jasandako mina ez errepikatzeko. Egia ezagutzea beharrezkoa da, izugarria bada ere, gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa orok izan behar baitu aitortua eta erreparatua, tortura kasu.

Kriminologiaren Euskal Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak 2017ko abenduan aurkeztu zuten EAEko torturari buruzko txostena. Bertan jasotzen den argazkia beldurgarria da: gutxienez 4.113 tortura kasu frogatutzat jotzen dira, 3.415 pertsonak jasan dituztenak azken 50 urteetan. Kasuen %15,8 emakumeei dagozkie.

Txosten hori bost hamarkada baino gehiagoan polizia-etxeetan gertatutako krimen sistematiko baten testigantza argia da eta, gainera, oraindik inork ez du bere gain inolako ardurarik hartu.

Aurtengoan fokua torturak jasandako pertsonen osaketa prozesuan eta esperientzia traumatiko horri aurre egiteko mekanismoetan jarri nahi izan dugu, Zizurkilen antolatutako mahai inguruaren bidez. Ezin ulertu baitaitezke gatazkaren testuinguruan emakumeek jasandako indarkeria forma anitzak, tortura tarteko, horiek posible egin dituzten genero-arrazoiei erreparatu gabe.

Mahai inguruan parte hartuko dute torturak jasandako hiru emakumek: Nekane Txapartegi, Olatz Dañobeitia eta Miren Azkarate. Feminismoaren betaurreko moreak jantzita aztertuko dute nola egin dakiekeen aurre tortura bezalako giza eskubideen urraketa larri batek dakartzan ondorioei. Arratsaldeko 19.00etan izango da, Atxulondo Kultur Etxean.

Horrez gain, otsailaren 16an, Joxe Arregi oroitzeko hainbat ekimen ere antolatu ditugu:

  • 9.00etan: ibilaldia “Haizetsu”ra, P.M.Otaño plazatik abiatuta.
  • 13.00etan: ekitaldia Joxe Arregi plazan. Ondoren, bazkaria Urkamendi elkartean.