Egun on eta mila esker gaurkoan, urtero lez gurekin egun berezi hau konpartitzera hurbildu zareten guztioi. Gaurkoan, Santi eta Josu oroitzeaz gain, Estatuaren indarkeria bidegabea sufritu duten horiei ere eskaini nahi diet gaurko eguna. Hainbestetan ixilduak, gutxietsiak eta justifikatuak izan diren gure minei ere errespetu eta aitortza osoa zor zaielako. Jaso ezazue besarkadarik sentituena eta zin dagizuet jarraituko dugula gure senideen memoria lehen lerrora ekartzen, merezi dutelako! [...]

Bertan aditzera eman dugu ezin dugula babestu Estatuaren biktimon errealitatea alde batera uzten duen unitate didaktiko bat, eta ez garela edukietan ordezkatuta sentitzen, Estatuak praktikara eramandako biolentziaren inzidentzia errealaz argi hitz egitea saihesten duelako. Hori dela eta, Jaurlaritzari eskatu diogu dokumentua berehala erretiratzeko eta unitate didaktiko berri baten erredakzioari ekiteko, horrela bermatzeko ezagutzera ematea zein izan diren euskal gatazkaren baitan existitu diren biolentzia guztiak. 2018-11-14 18:31:55[...]


Horra Ane Muguruza eta Enkarni Blancok Bilbon egindako prentsaurrekoan irakurri duten adierazpen osoa:

Arratsalde on guztioi, eta mila esker gaurkoan deialdi honi erantzun izanagatik. Honen bidez baloratu nahi ditugu Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak, Gogora Memoriaren Insitutuak eta Hezkuntza Sailak landu duten “Herenegun” unitate didatikoko edukiak.

Gaurkoan, Egiari Zor Fundazioaren izenean, aditzera eman nahi dugu unitate didaktiko honek sakoneko ulertu ezina eragin digula. Ulertu ezina, mina, haserrea eta sumina.

Dokumentuaren ustezko helburuekin bete-betean bat egiten badugu ere, hain zuzen ere, bakearekiko konpromisoa, giza eskubideen errespetua eta biolentziaren kontrakotasuna oinarri harturik heztea, uste dugu egindako lanak ez diela erantzun, inondik inora ere, aurrez ezarritako helburu horiei.

Unitate didaktiko honek 1960 eta 2018. urteen arteko gertakarien memoria jorratu nahi izan du. Horretarako, eta ia modu esklusiboan, ETAren biolentziak eragindako tragediaren analisi kritikoa egiten du. Aldiz, modu guztiz azalekoan aztertzen ditu aurretik jada existitzen ziren bestelako biolentzia batzuk, edo garaikideak izan ziren batzuk: Estatuak praktikara eramandakoak, hain zuzen ere, zeinek biktima kopuru izugarria ere eragin zuten.

Egiari Zor Fundazioarentzat, biolentzia horiek larritasun berbera dute, posible egin baitzituzten botere politikoek, gobernuek, poliziek eta epaitegiek. Hortaz, uste dugu maila berean aitortuak, kontatuak eta gaitzetsiak behar dutela izan.

Hori guztia dela eta, adierazi nahi dugu ezin dugula babestu gure errealitatea alde batera uzten duen eta gure biktimazioaren arduraduna ukatzen duen unitate didaktiko bat. Estatuak praktikara eramandako biolentziaren biktima garen heinean, ez gara ordezkatuta sentitzen, baliatzen den terminologia dela medio, eta dokumentuak dituen omisio larriak direla medio.

Testuak Estatua eta biolentzia hitzak elkarrekin aipatzea ekiditen du. Horrela, soilik lortzen den bakarra da legitimatzen jarraitzea Estatu espainolak gatazkaren testuinguruan praktikara eramandako ekintza biolentoak. Herri honek jasan dituen biolentzietako baten ardura saihestea ez da zuzena, ez da etikoa. Gainera, horrek ez du bermatzen berriro ez errepikatzea. Unitate didaktiko batean ezin da saihestu euskal herritarron eskubideak zaindu eta gordetzeko ardura zuen hark, horren ordez, erahil eta torturatu egin zuela. 

Adibide zehatz batzuk aipatzearren,

    • dokumentuan “botere nagusikeria ez-legitimoa” edo “erantzun terrorismoa” bezalako terminoak baliatzen dira.
    • Poliziaren inpotentzia aipatzen da Estatu terrorismoa praktikatu zuten taldeen sorrera, torturaren erabilera edo bestelako giza eskubideen urraketak justifikatzeko.
    • Modu ulertezinean sinplifikatzen da diktadura militar frankista zer izan zen edo Trantsizioa deritzona zer izan zen, herri honen historia biolentoa markatu zuten garai korapilatsu eta odoltsuak izanik biak.
    • Hainbat eta hainbat giza eskubideren urraketak justifikatzeko eraikitako bertsio ofizialak ontzakotzat jotzen dira.
    • Torturak herri honetan izan duen dimentsioa guztiz sinplifikatzen du.
    • Etab.

Gertakari horiek guztiek eragin duten mina eta sufrimendua txikiagotuta lortzen dugun bakarra da giza eskubideen urraketen aurrean indiferentzia moralez jokatzea. Gainera, horrela, biolentzia praktikatu zuten Estatuko agente horien inpunitatea normalizatzen da. Eta jasandako biolentzia, urtu eta justifikatu egiten da.

Amaitzeko, uste dugu gaur egun onartezina dela, horrelako ekimenen bidez, Estatua bereizten saiatzea praktikara eraman zuen biolentziagandik. Sekula bere gain hartuak izan ez diren ardura politikoak daude guda zikinaren atzean, torturaren atzean edo Segurtasun Indarrek praktikatutako biolentziaren atzean. Milaka pertsona torturatzearen ardura, edo ehundaka erahiltzearena, ez dagokie soilik horrenbestetan mailaz igo dituzten eta kondekoratu dituzten exekutoreei. Krimen horiek ez dira agindua bete zuen poliziaren edo diru publikoarekin ordaindutako mertzenariaren ardura bakarrik.

Egiari Zor Fundazioaren izenean uste dugu unitate didaktiko batek ezin dituela egin biolentzien arteko horrelako kategorizazioak, baldin eta helburu badu belaunaldi berriak heztea bakearekiko eta giza eskubideekiko errespetu osoa oinarri duen kultura berri baten arabera. Mota honetako ekimen batek ziurtatu behar du euskal gatazkaren baitan gertatu den guztia ezagutzera ematea eta existitu diren biolentzia guztiak zein izan diren erakustea, berriro errepikatu ez daitezen. Eta, “Herenegunek”, argi eta garbi, ez du helburu hori bete. Bestela, arrisku larri baten aurrean jarriko dugu gure burua: gure seme-alabei aditzera ematea izan zela biolentzia bat justua eta legitimoa, giza eskubideak urratu bazituen ere.

Hori guztia dela eta, eskatzen dugu “Herenegun” unitate didaktikoa berehala erretiratua izan dadila, eta dokumentu berri baten erredakzioari ekiteko, zeinak helburu izango duen ezagutzera ematea zein izan diren euskal gatazkaren baitan existitu diren biolentzia guztiak. Horretarako, uste dugu nahitaezkoa dela, eztabaida eta hausnarketarako nahikoa tarte utzita, Euskal Herriko instituzio eta eragile sozialon parte hartzea bermatzea, bizi izan duguna eta sufritu duguna kontatzeko aukera izan dezagun.

Egiari Zor Fundazioa