Aitortzarik ez duten Estatuaren biktimek bizi duten diskriminazioarekin bukatzeko garaia dela aldarrikatu dugu Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunean

Horretarako, hitza eman diegu sekula aitortzarik jaso ez duten bost biktimari. Bilbon aurkeztu dugun bideo batean bildu ditugu hausnarketa guztiak.

Biktima bakoitzaren banakako testigantzen bideoak ere ikusgarri dituzue:

  • BEGO MARTINEZ DE MURGIA: Mikel Martinez Murgiaren arreba, 1972. urtean Guardia Zibilak Lekeition tiroz hila.
  • PERU DEL HOYO: Kepa del Hoyo presoaren semea, 2017. urtean Badajozko kartzelan hila.
  • MAITANE VALCARCEL: Alfredo Valcárcel Navarroren iloba, 1972an jasandako torturen ondorioz hila.
  • PATXI ARRATIBEL: 2011. urtean Guardia Zibilak atxilotua eta torturatua.
  • IRANTZU BENITO: 2001. urtean errepideko ezbeharrean larriki zauritua dispertsio politikaren eraginez.

Horra ekitaldian Ixone Fernandezek eta Ane Muguruzak irakurri duten adierazpena:

Gaur, martxoak 24, biktimen duintasunari eta giza eskubideen urraketa larriei lotutako Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken mende erdian bizi izan dugun konfrontazio armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak elkaribizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak.

Zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso dute dagoeneko. Aldiz, ez da horrelakorik egon Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetu gaituztenontzat.

Jatorri bereko biolentzia oso ezberdinak jasan ditugun biktimak gara. Gehien-gehienetan, ezezagunak garenak. Ukatu gaituztelako. Iruzurtitzat jo gaituztelako. Estatu espainiarrak eta bere sistema judizialak ahalbidetu dutelako jasan genituen eskubide urraketak eta krimenak posible izan zitezela.

Azken urteotan Hego Euskal Herriko bi Parlamentuek gure aitortza posible egiteko urratsak emateko saiakera egin badute ere, oraindik, bizi dugun diskriminazio egoera gainditzeko egiteke dagoen bidea luzea da oso.

Estatuak sorrarazi duen sufrimendu guztia ezagutu, ezagutzera eman eta aitortu beharra dago. Sufrimendu horien arduradunak zein izan ziren, zergatiak zein izan ziren ezagutu behar dugu. Egia osoa argitara atera beharra dago. Eta, bide horretan, guk ere egiteko handia dugula nahi dugu aldarrikatu.

Uko egiten diogu gehiago zain egoteari. Guk, gaia perspektiba berri batetik lantzea proposatzen dugu, biktimon beharrak erdigunean jarrita, hain zuzen. Hori horrela izanik, zer da, benetan, biktima bezala, lagungarri zaiguna? Egia ezagutzea.

Egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du. Ehundaka eta ehundaka pertsonak bizi izandako mina aitortzeko baliagarria da. Biktimak erreparatzeko eta duintzeko bitartekoa eta bidea da.

Hori, eskura ditugun tresnen bitartez egin behar dugu, mekanismo berriak saiatuaz, gure testigantzak emanaz eta euskal gizarteko sektore sozial eta instituzional ahalik eta zabalenen konpromisoa oinarri hartuta. Egia guztiak argitara ateratzeko, eta egia guztiek gatazkaren kontakizunean dagokion tokia izan dezaten.

Horretarako, herri mailatik lan handia egin daitekeela uste dugu, bereziki ebidentzian uzteko bertsio ofizialen bidez estalitako kasuen inguruko zalantzak edo guztiz argitu gabe dirauten gertakariak.

Hori dela eta, tokian tokiko komunitatea ordezkatuko duen batzordeak martxan jarri eta ikerketa informalak abiatuko ditugu. Horien lana izango da ebidentziak aztertzea, lekukoen testigantzak entzutea, informazio guztia argitara ateratzea eta ondorioak zerrendatzea, etorkizunean posible egiteko egia ezagutzea eta biktima horien aitortza ofiziala.

Norabide horretan, gaurkoan lehen pausoa nahi izan dugu eman, oraindik aitortzarik jaso ez duten bost biktimari hitza emanez, aitortza gabezia horrek haiengan zer eragiten duen ezagutzeko eta, haienak bezelako testigantzak ere entzunak behar dutela izan aldarrikatzeko.

Bost biktima dira, biolentzia oso anitzak jasan dituztenak, horien jatorria berdina bazen ere: Estatua.

  1. Bego Martinez de Murgia: Mikel Martinez Murgiaren arreba, 1972. urtean Guardia Zibilak Lekeition tiroz hila, Jose Benito Mujika “Xenkirekin” batera. Egun oraindik egiazkotzat jotzen den Francoren garaiko poliziaren bertsioaren arabera, aurrez aurreko tiroketan hil zen Mikel, nahiz lekukoek eta gertaeraren xehetasunek argi aditzera ematen duten ez zela egon horrelakorik.
  2. Peru del Hoyo: Kepa del Hoyo presoaren semea, 2017. urtean Badajozko kartzelan hila, bihotzekoak jota. Salbuespenezko kartzela politikak, urrunketak, lehen graduan bizi beharrak… zegokion tratamendua jasotzea oztopatu zioten, eta heriotza eragin zioten.
  3. Maitane Valcárcel: Alfredo Valcárcel Navarroren iloba. Alfredo 1972ko irailean Policia Armadak atxilotu eta torturatu zuen Bilbon. Giltzurruneko gaixotasuna zuen eta atal horretan jasan zituen, bereziki, torturak. Horien eraginez, bi urte eta erdiko sufrikarioaren ostean, hil egin zen.
  4. Patxi Arratibel: Etxarri-Aranatzen atxilotu zuen Guardia Zibilak 2011. urtean. Inkomunikazio egoeran zegoelarik, torturak jasan zituen. Sinarazi zioten polizia deklarazioetariko batean “aztnugal” idatzi zuen, “laguntza” alderantziz. 2015. urtean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarra kondenatu zuen, bere tortura salaketak ez ikertzeagatik.
  5. Irantzu Benito: Irantzu larriki zauritu zen errepideko ezbeharrean 2001. urtean, dispertsio eta sakabanaketa politikaren ondorioz Avilako kartzelan preso zegoen lagun batengana bisitan zihoanean. Berarekin zihoazten Iñaki Saezek y Asier Herizek bizitza galdu zuten.

Gaurkoan, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu jarraian aurkeztuko dugun bideoan parte hartzeko prestutasuna izan duten pertsona guztiei. Garaia da diskriminazioarekin amaitzeko. Garaia da Estatuaren biolentzia jasan dugun biktima guztioi dagokigun aitortza emateko. Egiari Zor Fundazioak bide horretan lanean jarraitzeko konpromiso irmoa du. Lortu arte.