Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak praktikatutako 4.113 tortura kasu, gutxienez, frogatuta daude, 3.415 pertsonak jasan dituztenak, EAEko torturaren inguruko ikerlanaren arabera. Gainera, txosten horrexek dio “zifra horiek kaltetuen datu errealaren azpitik daudela”.

Beste alde batetik, Euskal Memoria Fundazioak dio, bere Euskal Herriko torturaren ikerlanean, 5.657 direla egiaztatutako tortura kasuak, 4.643 pertsonek pairatu dituztenak.


Ofizialki aitortutako tortura kasuak 103 izan dira (kasuen %2,5 soilik). Horra hor, Estatuek, batez ere espainiarrak, duten jarrera negazionistaren beste froga nabarmen bat.

  • Aurkeztutako salaketa guztien artetik 31 pertsonak bakarrik lortu dute “torturaren biktima” kontsiderazioa sententzia judizialen bidez (iturria: EAEko torturaren txostena). Gainontzeko salaketa guztiak artxibatuak izan dira.

  • Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 dekretuaren Balorazio Batzordeak 1960 eta 1978 urteen arteko 72 tortura kasuren ebidentzia aitortzen du, “Ahanzturatik ateratzen” txostenean jasotzen den moduan.

Nazioarteko bi erakunde garrantzitsuk (Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta Nazio Batuen Erakundeak) 12 aldiz kondenatu dute espainiar Estatua tratu txarrak eta torturak zeharo debekatzen dituzten tratatuak behin eta berriro urratzeagatik.