Zalantzarik gabe, zaila da denbora-tarte zehatz bat zehaztea Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren ondorioz sortutako biktimak kuantifikatzeko.
Egiari Zor Fundazioan zorrotzak izaten saiatzen gara jasan dugun indarkeria adierazpenen jatorriaren eta ondorioen diagnosia egiterako garaian. Zentzu horretan, euskal gatazka politikoaren jatorria aztertzea helburu badugu, gure herriak gaur egun arte bizi izan duen continuum bortitzaren abiapuntua den mugarri argi bat topatuko dugu: 1936ko uztailean matxinatutako bandoak emandako estatu-kolpea. Hori dela eta, gure ustez, gatazka politikoaren ondoriozko biktima desberdinak zenbatzerako orduan, erreferentzia, zalantzarik gabe, data hori izan behar da.
Gainera, uste dugu kuantifikazio horri ez zaiola muga gisa jarri behar 2010. urtea, eta gaur egun arte iritsi behar dela, gatazka politikoak oraindik dirauelako. 2011n ETAk jarduera armatua behin betiko utzi ondoren, indarkeria poliziala, jazarpen ideologikoa, atxiloketa politikoak, komunikabideen ilegalizazioak, mobilizazioen debekuak eta abar eman dira. Gertakari horiek guztiak ezin dira “euskal kasuaren” motibazio politikoaren testuingurutik kanpo ulertu.
Horren adibide dira Iñigo Cabacasen heriotza, Ertzaintzak 2012an jaurtitako pilotakada baten eraginez; euskal preso eta iheslarien sakabanaketak gaur egun arte iraun izana edo 2016an Altsasuko zazpi gazteak espetxeratzea, bi guardia zibilekin taberna batean izandako liskarragatik. Gatazka politikoak oraindik irauten du, eta eskubide urraketek irauten dute, ETAk jada hiltzen ez badu ere.
Zalantzarik gabe, ETAren jaiotzaren eta jarduera armatuaren aurretik, eta une berean, existitzen zen dagoeneko indarkeria zuzena, egiturazkoa eta kulturala, Francoren diktadura-erregimenak praktikara zeramana, hain zuzen ere. Egiari Zorren ustez, bortxa horrek bere horretan dirau, neurri txikiagoan bada ere, 2018an ETA behin betiko desagertu bazen ere. Larria da benetan, giza eskubideak babesteko ardura duena izatea horiek urratzen dituena.
Memoria historikoaren eremuan lanean diharduten elkarteek izugarrizko lana egiten dute 1936ko estatu-kolpearen ondorengo urteei dagokienez, frankismoaren lehen hamarkadak barne. Horregatik, Egiari Zorrek espainiar eta frantses Estatuen biolentziak eragindako biktimak kuantifikatzeko 1960 urtea hartzen du erreferentziatzat, bereziki azpimarratuz, gainera, zein txikia den denbora horretan ofizialki aitortutako biktimen kopurua. Jarraian ikusi daitezke hildakoen, torturatuen eta zaurituen inguruko zifrak eta ehunekoak.
Oso anitzak eta pluralak izan dira Estatuek urte luzeetan zehar baliatu izan dituzten biolentzia formak Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan. Hori dela eta, oso anitzak eta pluralak dira, baita ere, biolentzia horiek sorrarazi dituzten biktimak.
Bakoitza zerrendatzea lan benetan konplexua da, gatazkaren ondorioak haien azaletan jasan dituen pertsona bakoitzak bizi izandakoaren inguruko ñabardura ezberdin bat eskaini baitezake (eta, gure iritzitan, horrela behar du).
Nolanahi ere, 1960tik hona, Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriaren ondorioz hildako, zauritutako eta torturatutako pertsonen kopuruari erreparatzen badiogu, eta ohartzen bagara gehienak biktima gisa aitortuta ez daudela, Euskal Herriak bizi duen errealitatearen argazki nahiko fidela izango dugu.