egiari-zor-txaloak.jpg

Nor gara?

Egiari Zor Fundazioa 2012ko apirilaren 22an sortu zen eta Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan frantziar eta espainiar Estatuen indarkeria jasan duten biktimen eskubideen alde lan egitea du xede.

Fundazioan parte hartzen dugunok biktima horien senideak gara, hildakoak badira, eta zaurituak, torturatuak edo beste biolentzia motaren bat jasan dugunok.

Sektore zabala eta plurala gara, ikuskera anitzeko pertsonak elkartzen dituena.


Zergatik sortu ginen?

Urteetan biktima gisa aitorpen ofizialik jaso ez dugulako sortu ginen: Estatuek monopolizatutako datuen artean, ez ginelako aintzat hartuak. Hortaz, elkartzen gaituena da guztiok jasan izan dugula Estatuen bortxa, modu batean edo bestean, eta, kasu gehienetan, egundo inork ez duela bere gain hartu horren erantzukizunik.


Zertarako sortu ginen?

Gure sufrimendua akuilu bihurtzen saiatzeko erabaki genuen elkartzea, eta gure laguntza emateko, ETAk 2011n behin betiko su etena iragarri ostean, Euskal Herrian zabaldu den bake prozesu berriaren testuinguruan.

Gatazkaren arrazoiak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politikoan oinarrituriko konponbide demokratiko baten alde lan egiteko bokazioa dugu.


Zerk elkartzen gaitu

Hau da gure konpromiso nagusia: elkarbizitza, giza eskubideak eta bakea oinarri izango dituen gizarte berri bat eraikitzen laguntzeko lan egitea.

Euskal gizarteak ez zuen jakin geldiarazten urte luzez bizi izandako giza eskubideen urraketa etengabea. Huts egin zuten elkarrizketa, akordio eta negoziazio bide guztiek.

Eragotzi egin behar dugu halakorik inoiz errepika dadin. Hori da gure konpromiso etiko nagusia.

Hauek dira gure lana hezurmamitzen duten printzipioak:

  • Ezinbestekoa da gatazka ikuspegi integral batetik jorratzea eta hori posible egiteko baliabideak eskaintzea: heriotzek, exekuzio estrajudizialek, desagertze behartuek, tratu txar eta torturek, mehatxuek eta bestelako sufrimendu guztiek hamaika drama indibidual eta kolektibo eragin dituzte. Tragedia hori bere osotasunean onartu eta erreparatu beharra dago.

  • Edozein indarkeria mota erabiltzearen kontrako jarrera irmoa dugu: inoiz ez zen halakorik gertatu behar. Hori bai, ez da ahaztu behar oraindik ere indarrean dirautela zenbait biolentzia motek. Horien guztien behin betiko amaiera exijitzen dugu.

  • Beharrezkoa da kontakizun poliedriko eta anitza, betiere egia osoaren narrazioa bermatuz.

  • Arbuiatu egiten dugu biktimak interes alderdikoi edo partikularrak defendatzeko erabiltzea.

  • Biktimen arteko kategorizaziorik ez: giza eskubideen urraketa antzekoa denean, erantzuna ere halakoa izatea exijitzen dugu.

  • Biktima guztien aitortza eta erreparazioa erraztuko luketen mekanismo berritzaileak probatu eta martxan jartzearen aldekoak gara, ez dugulako uste justiziaren helburu nagusia, eredu tradizionalean gertatzen den legez, zigorra ezartzea izan behar duenik. Zentzu horretan, egia osoa argitara ateratzea xede nagusi duen justizia aldarrikatzen dugu eta justizia-ekintza gisa ulertzen dugu egia ezagutua eta ofizialki onartua izatea.


Zein da gure lana?

Gure lan ildo nagusiak lau dira:

  1. Gaur egun arte euskal gatazka politikoaren biktimek jasan duten kategorizazioa gainditzea eta giza eskubideen urraketa berdinak jasan dituzten pertsona guztiei aitortza maila berdina ziurtatzea. Horretarako, biktimen zerbitzura jartzen ditugu dauden legezko baliabideak (tramitazioetan lagunduaz, aholkularitza emanaz...) eta lan egiten dugu haien aitortza posible egin dezaketen mekanismo berritzaileak martxan jartzeko.
  2. Ezkutuan dauden egiak itzaletik argira ateratzea. Gatazkaren baitan bizi izandako sufrimendu askok eta askok ezkutuan diraute oraindik, ezagutzen ez ditugulako edo nahita estaliak izan direlako. Horiek guztiak argitara ateratzeko egiten dugu lan, gertatu den guztia ezagutu eta ezagutzera emateko. Horrela bermatuko baitugu bizi izandako sufrimendua etorkizunean berriro ez dela errepikatuko. Horretarako, kasu zehatzen inguruko hitzaldi sortak antolatu eta ikerlanak burutzen ditugu.
  3. Bizikidetza eraikitzeko justizia eredu berria beharrezkoa dela aldarrikatzea: gatazka politikoaren ondorio guztiak konponduta eta gaindituta dauden egoera bat erdiesteko, ezinbestekoa da sufrimendu gehiago ez eragitea. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela zigorra beharrean egia helburu duen justizia eredu alternatibo bat eraikitzea, gatazka gehiago luza ez dadin, honen ondorioak betikotu ez daitezen eta konponbideak oztopo gehiago izan ez ditzan. Xede hori lortzeko, euskal gizarteko arlo instituzional eta sozialen konpromiso sendo eta zabala beharko da. Hausnarketa hau gizarteratzen saiatzen gara gure eguneroko jardunean.
  4. Gure biktima-eragileen inpunitatea publikoki salatzea: kolpatu gintuzten krimenen atzean zeuden arduradun zuzenak eta zeharkakoak nortzuk izan ziren ezagutzeko, ezagutzera emateko eta publikoki salatzeko egiten dugu lan, kasu gehienetan, oraindik ere inork ez baititu bere gain hartu ardura horiek.