Dokumentua aurkeztu dugu: Errazten, berriro inoiz ez

ERRAZTEN 'Berriro inoiz ez' dokumentuaren aurkezpenean, 150tik gora estatuaren biktima bilduta, gatazkaren ondorioak modu integralean landu daitezen.

Bizi dugun gatazka politikoaren testuinguruan indarkeriaren ondorioak latzak eta tragikoak izan dira. Gure geografiaren luze-zabalean jatorri ezberdinetako indarkeriak erabili dira, eta ezin da ukatu sufrimendu handia eragin dutela.

Agerikoa da euskal gizartea une erabakigarri batean aurkitzen dela bakearen, bizikidetzaren eta herri honen normalizazio politikoaren erronken aurrean. Erronka horiek bidea urratzen ari dira urte askotako gatazka politikoaren, giza eskubideen urraketen, indarkeriaren eta enfrentamendu sozialaren ondoren.

Gaur egun, gatazka gainditzeko agertoki egoki batean gaude eta, horregatik, gatazkaren arrazoiak eta ondorioak konponbidean jartzea ezinbesteko ariketa da, egiari, gertatutakoaren errelatoari eta memoria indibidual nahiz kolektiboari egin beharreko ekarpena.

Egiari Zor Fundazioan parte hartzen dugun Estatuaren biktimon ustez, lehenik eta behin oinarri politikoak jarri behar dira azken berrogeita hamar urteotan gure herrian gertatu dena sekula berriz errepika ez dadin. Guretzat hori da lehentasuna.

Printzipio horretan oinarrituta, giza eskubideen urraketen inguruko errelato eta gertaera guztiak maila berean ikusarazi behar dira gizartearen aurrean eta guztiak argitzeko ahalegina egin behar da. Gaur egun, errelato eta gertaera horietako batzuk nabarmentzeko joera dago, eta beste batzuk ukatu, ezkutatu edo minimizatu egiten dira. Joera hori gainditu beharra dago.

Euskal Herrian biktimen iritziak askotarikoak eta pluralak direla jakinik, gure iritzia, gure izaera eta gure existentzia ere islatuko dituzten espazioak eta ekimenak sortzeko eskaera egiten dugu.

Egiari Zor Fundazioa osatzen dugun biktimok gure ekarpen xumea egin nahi dugu ildo horretan, bi helburu nagusirekin: irekitzen ari diren aukerak baliatzea eta gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituen xede horiek zapuzteko arriskuei aurre egitea.

Hona hemen dokumentua osorik.