Ekidin zitekeen. Salbuespenezko espetxe sistemak eragindako heriotzak aintzat hartu eta ofizialki aitortzea ezinbestekoa da.

Maiatzaren 22an, ibarko Txaltxa Zelai parkean, ekitaldi bat antolatuko dugu 1987an Josu Retolaza presoaren heriotza dela eta.

Aldarrikatuko dugu beharrezkoa dela aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek jasan dituzten biolentziak, zuzenekoak eta zeharkakoak.

Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka giza eskubideren urraketa gertatu dira, ehundaka heriotza. Horiei guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor diegu.

Salbuespenezko espetxe sistemak eragindako heriotzei dagokienez, azken 6 hamarkadetan, 38 euskal preso politikok (13k 2011. urtetik hona) eta 16 senide/lagunek galdu dute bizitza. Gainera, kartzelan sartzea ekiditeko beste 2 pertsonak ere bere buruaz beste egin zuten.

Heriotza horiek badute zerbait komunean: guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabikagarria izan da: behar bezalako osasun arreta ukatzea, ospitaleratzea zaildu izana, ebakuntza bat edo tratamendua jasotzea atzeratzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloak berandu eta modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, dispertsioa...

Espetxe-sistemak berak eragotzi egiten du presoen osasunerako eskubidea bermatu behar dutenek heriotza horien ondoriozko erantzukizunak beren gain hartzea eta hauek depuratzea.

Egiari Zor Fundazioaren ustetan, beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak, zuzenekoak eta zeharkakoak, aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da behingoz desagertzea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak, salbuespenezko espetxe politika kasu.

Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezkoa da pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea.