Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, euskal gatazka politikoan giza eskubideen urraketak jasan dituzten emakumezkoen datuak argitara atera ditugu

Euskal gatazka politikoaren testuinguruan Estatuak baliatutako biolentzia gure gizartean estrukturalki barneratuta dauden beste hainbat biolentziarekin nahastu izan da, biolentzia matxista kasu.

Estatu terrorismoak, poliziak, espetxe zaindaritzak… baliatutako indarkeria eta biolentzia matxista, txanpon beraren bi aldeak dira: biak izan dute tokia hetero-patriarkatuaren pribilegiopean.

Gizartearen egitura patriarkalak erreproduzitu egin dira polizia etxeetako txoko ilunetan, poliziaren kontroletan, espetxe ziegatan…

Estatuaren biolentzia jasan duten biktimen eskubideen aitortzaren alde lan egitea, heteropatriarkatuak oinarrian dituen balore matxistekin eta biolentziekin apurtzeko jardutea ere bada.

Horregatik guztiagatik, gaurkoan, gatazkaren testuinguruan giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten emakumeak nahi ditugu gogoan izan, emakume izateagatik ere biktima izan direlako.

Euskal gatazkaren testuinguruan, 46 emakumek galdu dute bizia Estatuaren biolentzien eraginez:

  • 25k Estatuko agenteen eskuetan.
  • 10k Estatu terrorismoak erailda.
  • Eta beste 11k salbuespenezko espetxe politikaren eraginez.

Bereziki aipagarria da euskal presoen dispertsio eta sakabanaketak 9 emakumezko erail dituela, beren kontra zeharkako biolentzia baliatuta, beren burua arriskuan jartzera behartu zituztelako. Hori ez da kasualitatea.

Hildako 46 emakume horien artetik, soilik 7k jaso dute nolabaiteko aitortza: 5ek dute terrorismoaren biktima aitortza, eta beste 2k Jaurlaritzaren 107/2012 dekretuarena.

Torturak jasandako emakumeak, berriz, 581 izan dira, Eusko Jaurlaritzak 2017. urtean aurkeztutako ikerketaren arabera. 22 soilik izan dira ofizialki aitortuak.

Tortura praktikatu den komisaldegi eta kartzelak instituzio guztiz hierarkikoak dira. Bertan akaso beste inon baino modu argiagoan erreproduzitu dira generoaren araberako botere harremanak.

Horregatik izan dira ezberdinak emakumeak torturatzeko praktikak. Horregatik jasan dute emakumezkoek tortura sexuala gizonezkoek baino askoz gehiagotan. Horregatik bortxatu dituzte emakumezkoak komisaldegietan. Horregatik iraindu nahi izan dituzte, emakumeari zegokion rola ez jokatu izana leporatuta.

Gatazkaren testuinguruan eskubide urraketa horiek guztiak jasan dituzuen emakumezkoak gogoan zaituztegu, eta lanean jarraituko dugu hetero-patriarkatua suntsitu eta aitortza osoa lortu arte.

Gora borroka feminista!