ESTATU TERRORISMOA: INPUNITATEARI STOP! 4 hamarkada luze eta gero, egia osoa nahi dugu

Hernaniko Plaza Berrian egindako ekitaldian aldarrikatu dugu ez dugula onartuko Estatuak praktikatutako biolentziak gehiago ukatzea errelato zehatz bat modu interesatuan elikatzeko. Exigitzen dugu argitu daitezela krimenak eta dagokionak bere gain hartu ditzala ardurak, bizikidetza eraikitzen jarraitu ahal izateko.

Lau hamarkada luzeetan jasan dugun Estatu terrorismoak sakonki eragin du gure herriaren historian, ehundaka familiatan eta milaka pertsonatan. Bortxaketez, bahiketez, torturez, behartutako desagertzez eta Estatuaren babespean egindako hilketez jositako historia izan da guk bizi izandakoa, inkomodoa guztiz konfrontazio biolento garaian gertatutakoaren inguruko ikuspegi partzial bat inposatu nahi duten horiek guztientzat.

Inkomondoa, bai, gure bizipenek kontraesanez betetzen dutelako gertatutakoaren inguruan haiek egin nahi duten kontakizuna, ebidentzian uzten dutelako zer nolako diskriminazio lotsagarria jasaten dugu oraindik biktima askok eta askok eta agerian uzten dutelako jasandako inpunitatea. Estatu terrorismoa eta inpunitatea: txanpon beraren bi aldeak.

Dagoeneko 40 urte pasa dira Estatu Espainiarrak sustatu eta praktikara eramandako terrorismoak Justo Elizaran donostiarra erail zuenetik. 1979ko irailaren 13an lanera zihoala tirokatu zuten, eta Baionako ospitalean hil zen gaurkoa bezalako egun batean, 24 urte zituela. Hori dela eta, gaur Hernaniko Plaza Berri honetan bera oroitzeko tarte bat hartu nahi izan dugu, eta bere familiari eta seme-alabei gure besarkadarik beroena nahi genieke helarazi.

Baina Justo ez zen izan Estatu terrorismoaren biktima bakarra. Izen-abizenak, tamalez, hamarnaka dira. Horietariko bakoitzaren atzean aitortu eta erreparatu gabe dirauten sufrimendu eta eskubide urraketak, berriz, zenbaezinak dira oraindik.

Egun “heriotzaren traingelua” izenez ezagutzen dugun inguruan, Batallón Vasco-Españolek, Estatuak gerra zikina praktikatzeko baliatu zuen sigletariko bat, 1979 eta 1981 urteen artean gutxienez zazpi pertsona erail zituen: José Ramón Ansa, Tomás Alba, Felipe Sagarna, Miguel Arbelaiz, Luis Mari Elizondo, Joaquín Altimasbere eta Francisco Javier Ansa.

Tamalez, baina, heriotza horiekin ez zen amaitu Estatu terrorismoa eskualdean: David Salvador, Rafael Goikoetxea, Iñaxio Astiasuinzarra, Carlos Saldise, María José Bravo, Jose Kamio, Martín Sagardia... Zerrenda luzeegia da. Guzti-guztiak oroimenean zaituztegu.

Guztira, 78 dira gerra zikinak eta Estatu terrorismoak Euskal Herrian eraildako pertsonak.

Estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko. Francoren gobernuaren egiturek garatu zuten ideia, eta UCDko gobernuak jarri zuen martxan, ATE, GAE, Triple A edo Batallón Vasco Español bezalako taldeak martxan jarrita. Beranduago heldu zen GAL, 1983an, hain zuzen ere, Felipe González PSOEko gobernuaren buru zelarik, diru publikoarekin sortu eta finantziatuta.

Inolako alderdi politikok, inolako gobernuk, ez du egundo bere gain hartu horren larriak diren gertakariei dagokienez.

Ez dago biktimariorik gabeko biktimarik. Estatu Terrorismoa praktikatu eta ahalbidetu zutenek izen-abizenak eta siglak dituzte. Erantzunkizunak dituzte.

Tamelez, ordea, oraindik inolako instituzio publikok ez du exigitu dagokionak ardurak bere gain hartu ditzala: ez Estatu espainiarrari, ez indar polizialei, ezta gure senideen erailketen arduradun politikoei ere.

Heldu da pauso hori emateko garaia. Heldu da garaia argitzeko zein diren krimen horien ardura zuzenak eta zeharkakoak.

Ezin onartu edo justifikatu daiteke Estatuko botereek terrorismoa baliatu izana modu guztiz zigorgabean giza eskubideak urratzeko eta erailtzeko, eta bitartean, guk jarraitzea egia jakiteko dagokigun eskubidearen jabe izan gabe. Gertakari askok eta askok dihardutelako oraindik Francoren garaiko Sekretu Ofizialen Legearen itzalpean.

Behingoz exigitzen dugu bertan behera utzi daitezela egia jakiteko eskubidea baldintzatzen diguten lege horiek guztiak, eta desklasifikatuak izan daitezela gertatutakoa ezkutuan mantentzen duten dokumentu ofizialak. Exigitzen dugu argitu daitezela krimenak eta dagokionak bere gain hartu ditzala ardurak. Egin diezaiogun aurre Estatu terrorismoaren gaiari zintzotasun demokratikoarekin.

Estatu espainiarreko eta Euskal Herriko hainbat sektore ideologikok abiada biziko lasterketari ekin diote dagoeneko, azken hamarkadetan gertatutakoaren inguruko kontakizuna idaztea helburu, aldebarkartasunetik eta era guztiz partzialean.

Gaur, argi eta garbi aditzera eman nahi dugu ez dugula onartuko Estatuak gatazkaren testuinguruan praktikara eramandako biolentziak gehiago ukatzea errelato zehatz bat modu interesatuan indartzeko helburuarekin. Neurgailuak, ezinbestean, berbera behar du izan biolentzia politikoaren ondorioz hildakoez ari garenean. Ezinezkoa da biolentziaren jatorriaren arabera kategorizazioak egitea.

Gure senitartekoei lapurtu zizkieten biziak kultura etiko berri bat abiatzeko lagungarri izan daitezela soilik nahi dugu, pertsona guztien giza eskubideen errespetua oinarri izango duen euskal jendarte berri bat eraikitzeko.

Egia, aitortza, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat. Egia, heriotza horiek guztiak berriro gertatuko ez direla bermatzeko.