Euskal Herrian torturak osturiko 14 bizitzak aitortzea eta erreparatzea beharrezkoa da bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitu ahal izateko

Donostiako Antigua auzoan egindako lore eskaintzan, torturapean 1961. urtetik gaur egun arte hildako 14 pertsonak gogoan izan ditugu Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunean. Horrez gain, aurkeztu dugu pertsona horien bizitzak memoriaren parte izatea beharrezkoa dela aldarrikatzeko prestatu dugun bideoa.

Gaur, martxoak 24, biktimen duintasunari eta giza eskubideen urraketa larriei lotutako Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken mende erdian bizi izan dugun gatazka armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak elkarbizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak.

Zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso dute dagoeneko. Aldiz, ez da horrelakorik egon Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetutakoen kasuan.

Gaurkoekitaldi honetan, torturapean edo torturaren ondorioz hildako 14 pertsonak izango ditugu gogoan:

  1. Mercedes Antxeta venezuelarra, 1961ean Caracasen hil zena, Meliton Manzanasen tortura basatiek eragindako kalte larrien ondorioz.
  2. Vicente Lertxundi Mayoz, 1962an Donostian hil zena, Martuteneko kartzelako funtzionarien kolpeek eragin zizkioten zaurien ondorioz.
  3. Manuel Thomas Gomes, 1966an hil zena, Martuteneko kartzelan hau ere, atxilotzerakoan jasandako kolpe izugarrien ondorioz.
  4. José María Quesada Lasarte antiguotarra, 1968an hila, atxilotuta zegoen bitartean buruan etengabe eman zizkioten kolpe latzen ondorioz.
  5. Javier Escalada Navaridas, Iruñean Hezkuntza Lege Berriaren kontrako protesta batean parte hartu ostean hil zutena, 1970. urtean, hain zuzen ere.
  6. Antonio Goñi Igoa, jaiotzez Etxarri-Aranazkoa zena, 1970ean Donostian Burgoko prozesuaren kontrako manifestazio batean parte hartzeagatik atxilotu eta torturatu zutena. Antoniok ezin izan zuen bizi izandako huraren karga berekin eraman.
  7. Juan José Munduate Zamakona basauritarra, 1971ean jasandako torturen ondorioz atake epileptiko batekin hil zena.
  8. Alfredo Valcárcel Navarro, Arrigorriagakoa, 1975ean Bilboko Indautxuko polizia etxean giltzurrunetan jasandko kolpeen ondorioz hila.
  9. Joxe Arregi Eizagirre zizurkildarra, 1981ean Madrilgo DGSn bortizki torturatu ostean hil zena. Oraindik ere oso gogoan ditugu bere gorpuaren argazkiak eta bere hitzak: “oso latza izan da”.
  10. Esteban Muruetagoiena Scola medikua, bederatzi egunez hormigoizko kutxa txiki batean ia jatekorik gabe inkomunikatuta izan ostean 1982an hil zena.
  11. Mikel Zabalza Garate, 1985ean Intxaurrondoko kuartelera eraman zutena, eta bertan torturapean hil ostean, 20 egunez desagerrarazi zutena, azkenik Bidasoako uretan agertu zen arte.
  12. Juan Calvo Azabal bilbotarra, Ertzaintzak atxilotu eta Arkautera eraman ostean, bertan jasandako kolpeen ondorioz hil zena, 1993an.
  13. Gurutze Iantzi Igerategi, Guardia Zibilak Urnietan 1993an agindu juidizialik gabe atxilotu zuena eta Madrilgo Tres Cantoseko kuarteletik hilik irten zena.
  14. Xabier Kalparsoro Golmaio “Anuk”, Bilboko Indautxuko polizia etxeko lehiotik behera ustez “erori” ostean, Basurtuko ospitalean hil zena, 1993an hau ere.

Ez da kasualitatea Antigua auzoko plaza hau aukeratu izana gaurko ekitaldi hau egiteko, herri honetan torturak jasandako 14 bizitzak gogoratzeko lore eskaintza, hain zuzen ere.

José María Quesada Lasarte tortura larrien ondorioz hil zen lehen pertsonetako bat izan zen. Auzo honetakoa zen.

Jose Maria askotan atxilotu zuten 1958tik 1962ra arte. Azken aldi horretan, Donostiako komisarian torturatu ondoren, Madrilgo Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusira bidali zuten, eta han jarraitu zuen kalbarioarekin, harik eta Carabanchelgo espetxean sartu zuten arte, burua deformatuta zuela jaso zituen kolpeengatik, errotuluak agerian, oinez ibili ezinik eta buruko min izugarriekin.

Gerra kontseiluan epaitu zuten, eta 1963ko urrian aske utzi zuten, Francoren erregimenak Joan XXIII.a aita santuaren heriotzagatik deklaratu zuen indultu baten ondorioz.

Baina bere osasun arazoak areagotuz joan ziren: hurrengo urteetan hiru ebakuntza egin zizkioten, bat belarrian eta bi burmuinean, guztiak torturatzen zuten bitartean buruan jasotako kolpeen ondorioz. Hala ere, bere egoerak okerrera egiten jarraitu zuen, eta, azkenean, 1968ko urtarrilean hil zen.

Gaur, martxoak 24, Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Egun honetan, Egiari Zor Fundaziotik aldarrikatzen dugu, nahiz eta jada 54 urte igaro diren Jose Maria hil zenetik, bere kasuak, torturagatik hildako beste 13 pertsonena bezala, aitortzarik eta egiarik gabe jarraitzen duela. Tortura basati horien guztien erantzuleek, egile materialek eta erakunde erantzuleek zigorgabetasun osoa izaten jarraitzen dute. Eta nahikoa da jada.

Balio etikoetan eta giza eskubideen errespetuan hezteko beharraz hitz egiten da, indarkeria arbuiatu eta deslegitimatzeko beharraz, baina biolentzia anitzak elkarbizi izan diren hamarkada luzeetako enfrentamentuan protagonista izan den indarkeria bakar bat aipatuz.

Harrituta gaude ikusita oraindik nola ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen dituzten botere publikoek torturatu eta hiltzeko erabakiaren ondoriozko erantzukizun politikoak beren gain hartu ez ditzaten. Indarkeria oro arbuiatzeko jarrera sinesgarria izan dadin, neurgailu bera erabili behar da guztientzat: urraketa bera jasan duten pertsonentzat, eskubide berberak.

Tortura praktika sistematikoa izan da atxiloketa zentroetan, ondo diseinatutako egitura bati eskerrak. Ez zen, beraz, polizia jakin batzuen kontua izan. Tortura posible egin zuten mediku forentseek, epaileek, abokatuek, komunikabideek, uneko gobernu arduradunek, zenbait alderdi politikoetako buruzagiek…

Gaur, hemen esan nahi dugu nahikoa dela jada. Ezinezkoa da etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aitortzen ez baditugu.

Egiari Zor Fundaziotik ez dugu ahazten, eta gure ustez ezinbestekoa da ez ahaztea herri honetan gertatu dena, gatazka politiko baten testuinguruan urratu diren eskubide guztiak, inoiz gertatu behar ez zen guztia. Hori dela eta, gaur gogoan ditugun 14 pertsona horiei buruzko bideo bat egin dugu, eta gaurtik aurrera gure sare sozialetan ikus ditzakezue.

Tortura kasuak ikertzen eta argitzen jarraitu beharra dagoela aldarrikatzen dugu, baina, batez ere, bitkimak aitortu eta erreparatu behar direla: hil zituzten 14ak, eta torturatu zituzten 5657ak.

Egia argitara ateratzea justizia kontua da. Eta torturak ostutako pertsonen izenak oroitzea, berriro horrelakorik gertatuko ez dela bermatzeko modurik onena da. Ez dezagun, beraz, gertatu dena ahantzi.