Felipe Gonzalezek eta Espainiako Gobernuak dagozkien ardurak beren gain hartu behar dituzte GAL antolatzeari dagokionez

Orain berri desklasifikatu den CIAren dokumentu sekretu batek honakoa eman du aditzera: "Felipe Gonzalezek armadaren kontrolpean dagoen mertzenario talde bat osatzea adostu du, terroristak legez kanpo borrokatzeko".

Egiari Zor Fundazioarentzat errebelazio hori ez da ezustekoa, duela hamarkada batzuk lotu baitzuten dagoeneko Espainiako Gobernuko presidente ohia GALen "X"rekin.

Ezustekoa da, ordea, albiste honek izan duen oihartzun mediatiko txikia eta eragin duenberreakzio politiko eta instituzional urria, publiko egindako dokumentazioaren edukiaren larritasuna kontuan hartuta: estatu espainiarreko gobernuko presidente batek, demokratikotzat eta zuzenbidekotzat jotzen den Estatu bateko presidenteak, talde terrorista bat eratzea erabaki zuela pertsonak hiltzeko.

Uste dugu, gauza jakina zen arren, 36 urte geroago gertatu den errebelazioak ez diela gertakizunei larritasun apur bat ere kentzen; aitzitik, areagotu egiten du izan ere:

  • 36 urtetan Estatuaren terrorismoa ikertzeko borondate politikorik ez da egon.
  • Diru publikoarekin finantzatutako krimenak estaltzeko diru publikoa erabili da.
  • GAL sortzea erabaki zen botere karguek biziarteko pentsioak kobratu dituzte eta gertaera horiekin lotuta kondenatutako Gonzalezen gobernuko beste kide batzuei indultuak eman zaizkie.

Beraz, guk, biktimak garen aldetik, honako hau adierazten dugu:

  • Erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu behar zaie GALen sorrerarekin zerikusia izan zuten guztiei, bai eta beste alde batera begiratu eta gure senideak hil eta tirokatzen zituztenean isildu zirenei ere.
  • Gertakari horietatik eratorritako erantzukizun guztiak argitzeko eskatu behar da, besteak beste: 29 hilketa; larriki zauritutako pertsona kopuru handia; bahiketak; pertsonen ondasunen aurkako kalteak;...
  • Eragindako kaltea aitortzeko eskatu behar da.

Gainera, gogoratu behar dugu GALek eta Estatuaren terrorismoaren beste sigla batzuek (BVE, Triple A, ATE, GAE...) egindako krimen gehienetan (kontutan izanik 79 pertsona erail zituztela) ez dela gertatutakoaren eta haren erantzuleen inguruko egia osoa ezarri.

Gure ustez, garaia da Estatuko terrorismoari eta gatazka politikoaren esparruan giza eskubideak urratu eta heriotzak eragin dituen bestelako Estatuaren indarkeria mota anitzei argia jartzeko.

Horregatik, uste dugu Estatu espainiarrean desklasifikatu egin behar dela Sekretu Ofizialen Legearen blindajearen pean dagoen dokumentazio guztia. Izan ere, lege horrek ukatu egiten digu biktimen familiei senideekin gertatutakoaren egia jakitea, eta, kasu batzuetan, baita gorpuzkiak non dauden jakitea ere (Naparra, Pertur, Larre edo Hernándezen kasuak).