Iraganaren memoria, orainaren berme

Gaurkoan, azaroak 14, ospatu da Euskal Autonomia Erkidegoan Memoriaren Eguna, pasa den igandeko hauteskundeak zirela medio atzeratu baitzen.

Egiari Zor Fundaziotik uste dugu ezinbestekoa dela ez ahaztea euskal gatazka politikoaren testuinguruan jazotako enfrentamendu armatuak eragindako tragedia. Beharrezkoa da gertatu den oro ezagutzea, bermatzeko etorkizunean berriro horrelakorik ez dela errepikatuko. Horretarako, nahi eta nahi ezkoa da identifikatzea, aitortzea, erreparatzea eta memoriari lotutako ekimen instituzionaletan aintzat hartzea giza eskubideen urraketa guztiak eta bestelako sufrimenduak.

Memoria baita, azken finean, berriro ez errepikatzeko mekanismorik onena.

Hori guztia dela eta, memoriak ez lioke erantzun behar bestelako edozein motako interesi: biktima guztiek, sufrimendu guztiek behar dute izan bere baitan tokia, eta behar dute jaso pareko tratamendua, izan pareko ikusgarritasuna; finean, berdintasun osoa, eragindako minaren erantzule izandako biolentziaren araberako kategorizaziorik egin gabe.

Memoria iraganari lotutako kontua da, gertatutakoarekin zerikusia duena. Gaurkoan, baina, Egiari Zor Fundazioak orainean arreta jartzeko nahi du dei egin. Izan ere, Euskal Herrian oraindik errealitate krudel batek indarrean dirau, eta arriskuan jartzen ditu astebururo ehundaka herritar: salbuespenezko urruntze eta dispertsio politikak.

Jakin badakigu inork, ezerk, ez digula itzuliko galdu dugun hori. Baina gaur, orain, hemen, bizitza gehiagoren galera ekiditea posible da.

Horregatik, gaurkoan, honakoa nahi dugu aditzera eman:

  1. Behingoz amaitu dadila gaurdaino 16 heriotza eragin dituen urruntze politika.
  2. Desira dugula datorren urteko azaroaren 10a heltzean, inor ez dadila behartuta sentitu bere burua arriskuan jartzera; eta aintzat hartuak izan daitezela ospakizunetan giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona guztiak, izan modu zuzenean, izan zeharkakoan, diskriminaziorik gabe.

Iraganean gertatutakoaren memoria da horrelakorik berriro ez errepikatzeko tresnarik onena, eta memoria horrexek behartzen gaitu, gainera, gaur hartuko ditugun erabakien bidez, bermatzera etorkizunean beste inork ez duela horrelakorik jasango.