Txabi Etxebarrietaren familiak tramiteei ekin die 1968an jasan zuen giza eskubideen urraketa aitortua izan dadin

Eskaera honen helburua da aitortzea Txabi Etxebarrietak giza eskubideen urraketa jasan zuela, eta biktima gisa aitortua izan dadila, betiere Balorazio Batzordea osatzen duten adituek hala irizten badiote.

Txabi Etxebarrietaren familiak izapideak hasi ditu aitortza eskaera aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 28ko 12/2016 Legearen baitan, EAEko motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa. Familiak aktiboki parte hartzen du Egiari Zor Fundazioaren dinamikan, Estatuen indarkeria jasan duten biktimen eskubideen defentsan lan eginaz.

Bi arrazoi nagusik bultzatu dute familia prozesu hau hastera:

Batetik, Eusko Jaurlaritzak bizitzeko eskubidearen urraketei buruz 2016an argitaratu zuen "Memoriaren udal erretratuak" txostenak, Txabi Etxebarrietari zegokionez, honako hau zioen: "nahikoa argitu gabeko kasua da, eta gertatutakoaren inguruko bertsio kontrajarriak daude".

Bestetik, 50 urtean lehenenegoz, familiak orain arte ezezaguna zen dokumentazio ofiziala eskuratu ahal izan du, eta, haien ustez, honek kasua argitzen lagundu dezake, beti defendatu duten norabidean: Txabi menderatu eta armagabetu ondoren, exekutatu egin zutela. Dokumentazio hori aitortza eskaerari erantsiko zaio, ondoren Balorazio Batzordeak azter dezan.

Hortaz, 50 urte baino gehiagoren ostean, Txabi Etxebarrietaren familiak 1968ko ekainaren 7an Benta Handin gertatutakoari buruzko dokumentazio ofiziala behingoz aurkeztu dezake, posible izan dadin prozesu berri bat abiatzea gertatutakoaren egia ezagutzeko eta jasandako giza eskubideen urraketa aitortzeko.