“Torturaren ukazioa garaitu dugu. Hamarkada luzeetan torturatu gaituztela jakina da. Orain, biktimak aitortzeko eta erantzukizunak nork bere gain hartzeko ordua iritsi da”

Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunean, Zizurkil eta Bilbon antolatutako ekitaldietan aldarrikatu dugu torturaren biktimen aitortza ezinbestekoa dela bizikidetza eraikitzen jarraitzeko.

Urtza Alkortaren hitzartzea (Zizurkilen)

“14 dira Euskal Herrian torturak ostu dituen bizitzak. Baina horietako batek ere ez du oraindik aitorpen ofizialik lortu inongo erakunderen eskutik”

Joxe Arregi ez zen gatazka politikoaren testuinguruan torturen ondorioz hildako lehena izan. Aurretik hil zituzten Mercedes Antxeta, Vicente Lertxundi, Manuel Thomas Gomes, Jose Maria Quesada, Javier Escalada, Antinio Goñi, Juan Jose Munduate eta Alfredo Valcarcel.

Joxe ez zen lehena izan, beraz. Baina bai 78ko erregimenaren erreformaren eta Espainiako Konstituzioaren sinaduraren osteko lehena. Esanguratsua da datua.

Hala ere zoritxarrez, demokrazia deritzon hori heldu ostean, beste izen batzuk ere gehitu zizkioten torturagatik hildakoen zerrenda tetrikoari: Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro.

Guztiak, kartzelan edo komisaldegietan jasandako kolpe eta zauri bortitzek, edo horiek eragindako ondorio larriek, eraman zituzten. Baina ziur pertsona horietariko askoren izenak entzutea arrotza zaigula, ezezagunak zaikzigula, urte luzeetan inposatu nahi izan diguten ukazioaren eta ahanzturaren ondorioz.

Tortura praktika sistematikoa izan da atxiloketa zentroetan, ondo diseinatutako egitura bati eskerrak. Ez zen, beraz, polizia jakin batzuen kontua izan. Tortura posible egin zuten mediku forentseek, epaileek, abokatuek, komunikabideek, uneko gobernu arduradunek, zenbait alderdi politikoetako buruzagiek...

70 urte luzetan gertatzen ari zenaren salaketa publikoa, gorputzetako marka eta zauri nabarmenen argazkiak, biktimen eta haien ingurukoen suntsitze psikologikoa... ez ziren froga nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kendu eta hura geldiarazteko ezer egin ez zutenentzat.

Are gehiago esango dut: torturatzen zituzten bitartean edo torturapean eragindako lesio larrien ondorioz aipatu berri ditudan 14 pertsonak heriotzaraino eraman izana ere ez zen nahikoa izan. Inork ez zuen ezer egin.

14 izen horiek dira Euskal Herrian torturak ostu dituen bizitzak. Baina horietako batek ere ez du oraindik aitorpen ofizialik lortu inongo erakunderen eskutik.

Gaur, hemen esan nahi dugu nahikoa dela jada. Ezinezkoa da etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aitortzen ez baditugu.

Tortura giza eskubideen urraketa larria da. Beraz, torturaren biktimek, eta torturapean bizia galdu duten pertsonek, dagokien tokia behar dute izan herri honek bizi izandakoaren memoriaren liburuan.

Horregatik, tortura kasuak ikertzen eta argitzen jarraitu beharra dagoela aldarrikatzen dugu, baina, batez ere, argitu beharra dagoela horiek posible izan zitezen baldintzak sortu zituzten horien erantzukizun politikoak zein izan ziren. Egia argitara ateratzea justizia kontua da.

Ezin onartu dezakegu ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen jarraitzea, botere publikoetatik giza eskubideak urratzeko erabakiaren ondorio diren erantzukizun politikoak ebidentzian uztea galarazteko. Demokraziaz, zoru etikoaz edo iraganaren berrikuspen kritikoaz hitz egiteko, ezinbestekoa da norberaren ardurei eta jarrerei erreparatzea, eta jarrera hipokritak alde batera uztea.

Etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitu ahal izateko, pertsona guztien eskubideak bermatuta behar dute egon, baita tortura jasan dugunonak ere. Eta horren ondorioz hil zituztenen izenak espreski aitortzea oinarrizkoa da, aurrerantzean berriro ere ez daitezen gutariko inorentzat arrotzak izan. Eurak oroitzea, berriro horrelakorik gertatuko ez dela bermatzeko modurik onena da. Ez dezagun, beraz, gertatu dena ahantzi.

 

Jon Patxi Arratibelen hitzartzea (Zizurkilen)

“Torturaren ukazioa garaitu dugu. Hamarkada luzeetan zigorgabetasun osoz torturatu gaituztela jakina da. Orain, biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak nork bere gain hartzeko ordua iritsi da”.

Joxe Arregirena oraindik aitortu gabeko kasua da, 40 urte luze pasa badira ere. Garaian poliziak esan zuenaren arabera, Arregik zituen lesioak “atxilotu zuten unean egin omen zitzaizkion”. Bertsio horri guztiz kontrajartzen zaizkio, ordea, hainbat eta hainbat ebidentzia: gorpuari ateratako argazki latzak, edo Carabanchelgo presoen testigantza, esatearako.

Hori da, tamalez, Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan gertatu diren hainbat eta hainbat eskubide urraketaren aitortzak gaur egun oraindik planteatzen duten erronka: poliziaren testigantzak edo bertsioak zeuden ebidentzien gainetik hartu dira aintzat urte luzeetan, Estatuak baliatu duen indarkeriaren dimentsioa difuminatzeko, ezkutatzeko, kamuflatzeko. Eta, horrela, gatazka politiko baten existentzia ukatzeko.

Hortaz, egia argitara ateratzeko, hasteko desmuntatu egin behar dira eskubide urraketak ukatzeko eraikitako gezurrak. Hainbat eta hainbat heriotzaren kasuan egin beharreko lana da hori, eta baita torturak jasan ditugunon kasuan ere, urte luzeetan gezurra esan izana edo gure buruari mina egin izana leporatu baitigute.

Ezin dugu ahaztu tortura posible izan dela hura ahalbidetzen zuen estatu-itun bat zegoelako. Oso ondo diseinatutako sistema bat, non bakoitzak bere papera bete behar zuen eta non zigorgabetasuna funtsezkoa zen. Horrela izan da posible hamarkadetan zehar, isilpean, baina modu sistematikoan, indarkeria baliatu izana proiektu politiko jakin bat kriminalizatzeko eta komunitate oso bat beldurtuta eta isilpean manendu nahi izateko.

Ni, estaerako, 2010. urtean atxilotu eta torturatu ninduen Guardia Zibilak. Eta egun Espainiako Gobernuko Barne Ministro den Fernando Grande-Marlaskaren aurrean torturak salatu banituen ere, inork ez zuen jasandako hori argitzeko eta ikertzeko ezer egin. Hori izan da modus operandia beste milaka tortura kasuekin ere.

Azkenean, Giza Eskubideen Europako Auzitegia izan zen Espainiaren ikertzeko prestutasun falta publikoki salatu zuena, azkenekoz pasa den urtarrilean egin duen modu bertsuan. Horrek, ordea, ez du erreakziorik eragin tortura betikotzeko erantzukizun politikoak dituzten horiengan. Isilik geratu dira. Edo, bestela, horrelako sententzia baten larritasuna ukatzeko sinestezinak diruditen ahaleginak nola egiten dituzten ikusi behar dugu. Eta nahikoa da jada.

Gure testigantzak emanez, gure gorputz zanpatuak erakutsiaz, guri eta gure inguruari eragin diguten mina argitara ateraz, torturaren ukazioa garaitu dugu. Hamarkada luzeetan zehar eta zigorgabetasun osoz torturatu gaituztela jakina da dagoeneko. Orain, biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak nork bere gain hartzeko ordua iritsi da.

Ez da lan makala hori, ordea. Aberrazio hori pairatu genuenoi zor zaigu:

  • Egia, errekonozimendua eta erreparazioa, giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek merezi duten maila berean.
  • Aitortzarako legeak, jasan dugun eskubide urraketa larria modu ofizialean aitortu eta erreparatzeko.
  • Memoria politika publikoetan lekua, argi gera dadin tortura Estatuak gatazkaren testuinguruan modu sistematikoan baliatu duela, herritarron eskubideak zaindu beharrean, urratzeko.
  • Ikerketak, torturak izan duen benetazko dimentsioa zein izan den argitara ateratzeko.

Eta horrez gain, beharrezkoa ere bada gure biktimarioek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak beren gain hartzea, eta goresteak eta kondekorazioak kentzea. Horiek umiliatuta sentiarazten gaituztelako.

Izan ere, gure mina eragin zuen biolentziari, Estatuari, hain zuzen ere, ez zaio inolako eskakizunik egiten. Ez zaio eskatzen autokritikarik, egindako mina aitortzeko. Horrek pentsatzera garamatza behin eta berriro eztabaida publikoan dabilen autokritika eskaera ez dela, benetan, bakeari eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako konbikzio moraletan oinarritzen, interes politiko zehatzetan baizik.

Bizi izan dugun errealitatea ukatu duten mediku forentseek, epaileek, komunikabideek eta klase politikoak, inpunitateari tokia egiteaz gain, posible egin dute arduradunek ez hartzea beren gain dagokizkien erantzukizunak. Eta, hala ere, jasan behar dugu batzuek pentsatzea ustezko nagusitasun moral baten jabe direla, beren ekintzen erantzukizunak norbere gain ez hartzeko.

Etorkizuneko bakea eraikitzeko, ezinbestean, iraganean gertatutakoaren inguruan jardun behar dugu, horrek sorrarazten dituen korapilo guztiekin. Baina, berriro diogu, gure determinazioa da lanean gogor jarraitzea egun ezberdintasunak diren horiek topagune bilaka daitezen.

Gu sinetsita gaude hamarkadetan bizitako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria dela horrelakorik ez errepikatzeko berme. Urtzak esan moduan, beraz, ez dezagun gertatu dena ahantzi. Ez ditzagun torturaren biktimak, Joxe eta beste 13 hildakoak ahaztu, eta berma ditzagun behingoz herri honetan giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona guztien eskubideak.

 

Ane Muguruzaren hitzartzea (Bilbon)

“Ez dugu ahaztu behar gatazkaren testuinguruan bizi izandako biolentziak eragindako tragedia. Gertatutako guztia ezagutu behar dugu, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin”

Bere azken hitzak izan ziren. Xuxurla bat infernuan bederatzi egun eman ondoren. Infernua, bandera eta izen ofizialarekin: Segurtasun Zuzendaritza Nagusia edo DGS.
"Oso latza izan da". "Oso gogorra izan da". Hain gogorra, ezen handik gutxira bihotza geratu baitzitzaion. 1981eko otsailaren 13an izan zen. Joxe Arregi Izagirre zuen izena.

Orduz geroztik, otsailaren 13an, Euskal Herriko Torturaren Kontrako Eguna ospatzen da; infernu hartatik inoiz itzuli ez zirenak gogoratzen dira gaurko egunean, baita infernua jasan zuten milaka pertsonak ere... Bizi izandako egia hori salatzeko eguna da.

"Abentura arraro bat" idatzi zuen Eva Forestek, inpunitate espaziora iristen den atalasetik igaro ondoren, beste batzuek geroago jarraituko zuten bideari ekinez, tortura izeneko izugarrikeria horretatik itzultzen ari zirenen testigantza urratuak gaitzetsiz.

Salaketak, erroldak, testigantzak, argazkiak, autopsiak, protokoloak, abestiak, poemak, izugarrizko ondorioak, trauma transgenerazionala... Tortura gure historia familiar, sozial, akademiko, kultural, psikikoaren parte da oroimena daukagunetik: hemen torturatu egin da.

Gaur esan dezakegu gaitz honen inguruko negazionismoa gainditu dugula. Negazionismoa, torturaren zerbitzura eta zigorgabetasuna.

Gaur egun, egia instituzional bat dugu, krimen baten aplikazio sistematikoa adierazten duen txosten mardul ofizial bat. EAEn bakarrik, 4.113 tortura-kasu egiaztatu dituen ikerlana. Gure borondatea da Nafarroan ere ikerketa hau egin ahal izatea, eta hemen eta beste edozein lekutan praktika hori desagerrarazteko behar diren mekanismoak aktibatzeko abiapuntua izatea. Biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko mekanismoak. Errealitate hori kontuan hartuko duen memoria publikoa garatzeko mekanismoak.

Egiari Zor Fundazioaren ustez, ez dugu ahaztu behar gatazkaren testuinguruan bizi izandako biolentziak eragindako tragedia. Gertatutako guztia ezagutu behar dugu, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin. Giza eskubideen urraketa guzti-guztiak eta testuinguru horretan sortutako sufrimendu guztiak identifikatu, aitortu, erreparatu eta memoria politiketan eta ekimen instituzionaletan jaso behar dira. Memoria, ez errepikatzeko mekanismoa izan dadin.