Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diogu adierazpen argi bat egin dezala erantzukizunak bere gain hartzeko

Asko eta asko beren erantzukizunetik salbuetsita uzten duen kondena generikorik ez dugu behar.

Felipe Gonzalezen gobernuan barne ministro izan zen Jose Barrionuevori El Pais egunkariak egindako elkarrizketaren edukia dela eta, Estatuak antolatutako ekintzen biktimok, Egiari Zor Fundazioan ordezkaturik gaudenok, gure balorazioa helarazten diogu iritzi publikoari.

Lehenik eta behin, eskerrak eman behar ditugu, gure senideen aurkako estatu-krimenen justifikazio publikoaren aurrean Euskal Herrian gehiengo politiko eta sozialak adierazitako gaitzespen-erreakzio oldeagatik. Zalantzarik gabe, egun oso modu positiboan hartzen ditugu klase politiko eta instituzionalaren erreakzioak, sarritan haien falta sentitu badugu ere.

Ez da gauza berria ministro ohiaren hitzen zama umiliagarria. Ez da gauza berria horrek eragiten digun birbiktimazioa, oinazea eta babesgabetasuna. Zoritxarrez, horixe da Estatuaren indarkeriaren biktima guztiok pairatzen duguna horrelako pertsonaiak plaza publikoan agertzen diren aldiro egin zutena justifikatzeko. Jada ez gaitu ezerk harritzen gutako batzuk: hain da errepikakorra, hain-hain da zantarra!

Barrionuevo jaunaren adierazpenek ez dute lehendik ez genekien ezer berririk ekarri informazioaren ikuspegitik, nahiz eta haren hitz eta keinuei darien epika nabarmentzeko modukoa izan. Zigorgabetasun osoz sentitzen denaren eta egindako terrorismoaz harro dagoenaren jarrera baino ez du erakutsi.

Gai honetan paradigma-aldaketa bat ikusten dugu. Lehen ukazioa erabiltzen zen, ekintza terroristetan edozein parte-hartze edo erantzukizun ukatzen zen; egun, berriz, estrategia da Estatu-aparatuek eragindako terrorismoa zuritu eta legitimatzen saiatzea. Izugarria da, zuzenbide-estatu baten ikuspegi demokratikotik.

Barrionuevok inongo zalantzarik gabe bere egin ditu inoiz epaitu gabeko delitu-ardurak. Jose Maria Larretxea Goñiren bahiketa agindu izana aitortu du. Frantziako Jendarmeriak eragotzi zuen lau polizia espainiarrek egindako bahiketa-saiakera hura 1983ko urriaren 18an, Lasa eta Zabala bahitu eta bi egunetara.

Hamarkadetan salatzen ari garena aitortu du: Estatuak, Felipe Gonzalezen Gobernuaren bitartez, terrorismoa eta gerra zikina erabili zituela. Haren agindupean segurtasun indarretako kideek eta soldatapeko mertzenarioek hiltzaile gisa zihardutela. Lubaki beretik tiro egiten zuten lagunak dira, bere esanetan.

Esan gabe doa gai honen inguruan Fiskaltzak ofizioz jardun beharko lukeela, Felipe Gonzalez presidente ohiak ETAko buruzagitza lehertzearen erabakia bere esku egon zela aitortu zuenean egin beharko zukeen moduan. Izan ere, ekintza terrorista bat gauzatzeko aukera eta erabakimena duenak ondotxo dakielako Gobernuaren baitan bazela egitura terrorista bat, eta inplizituki onartu egin zuelako berea zela operazio terrorista hori gauzatzeko edo bertan behera uzteko erabakimena.

CIAren paperak desklasifikatu ondoren, Fiskaltzak esku hartu beharko zukeen argitzeko zein izan zen Jose Luis Corcueraren papera Antonio Cardosa Errenteriako postariaren hilketa eragin zuten bonba-gutunen bidalketan edo Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hiltzean eta gorpua desagertzean.

Egun Barne ministro den Fernando Grande Marlaskak dioen dioen moduan, azaldutako gertaera horiek ekintza terroristak izan baziren eta EGIA ez bada preskribatzen, zigorrik eta judizializaziorik gabeko delitu-egintza bati buruzko aitorpen horrek eginbide judizialak irekitzea ekarri beharko luke, argitzeko eta erantzukizunak seinalatzeko bada ere.

Horri lotuta, Larretxea Goñi familia aztertzen ari da Barrionuevoren aurka kereila kriminala aurkezteko aukera, anaiaren aurkako bahiketa agintzeagatik.

Fiskaltzak oraingoz ez du ezer egin, eta inork ez du zertan harritu. Espainiako Justizia alde batean kokatu izan da, eta inoiz ez du interesik erakutsi estatu-terrorismoak eragindako krimenak argitzeko, ez Triple A-renak nahiz BVErenak UCDren garaian, ez GALenak PSOEren gobernuetan.

Zigorgabetasuna, horixe izan da erantzuna. Zigorgabetasun horren bidez, krimen horiek eta beste batzuk ahalbidetu dira, eta gainera urteetan betikotu dira. Horrek ekarri du gutako asko sinetsita egotea “espainiar injustizia” pairatutako giza tragediaren erantzulea ere badela.

Gatazkaren testuinguruan aplikatutako justizia-ereduari buruz zerbait ikasi dugu urte hauetan. Erabateko desoreka duen justizia-eredua da, legearen pisu guztia indarkeria eragin duten batzuengan jartzen duena, biziarteko kartzela-zigorra ezartzera iritsiz; indarkeria eragin duten beste batzuei, ordea, zigorgabetasuna oparitzen die, zehazki gure sufrimenduaren erantzule diren horiei. Hori al da, benetan, justizia-eredu bidezkoa, estatu demokratiko eta zuzenbidezko deitzen denarentzat?

Guk ezetz diogu. Justizia-eredu honek alde batera uzten ditu zenbait giza eskubide urratzeagatik eratorritako erantzukizunak eta ondorioak, eta, hala ere, beste zenbait betikotzeko ahalegina egiten du. Eredu horrek ez dio berdintasunezko justiziari eta justizia neutralari erantzuten, eragindako indarkeriaren jatorriaren arabera baitihardu. Justizia-eredu horrek ez du bizikidetza demokratikorako esparru integral baten alde egiten, garaileen eta garaituen eskeman oinarritutako bizikidetza-esparru baten alde baizik, Estatuaren biolentzia legitimatzen duena eta arduradun jakin batzuen zigorgabetasuna sendotzen duena.

Gaur gaurkoz, ezein alderdi politikok, ezein gobernuk ez du oraindik bere gain hartu gertakari larri horien gaineko erantzukizuna.

Eta erantzukizuna ez da egile materialena bakarrik; ez da kargu publiko jakin batzuena bakarrik. Erantzukizunek sigla politikoak zipriztintzen dituzte, hala nola UCD eta Alianza Popularretik (egun, PP) hasita, PSOEraino; eta horrela izango da eragindako kaltearen aitorpen publikoa gauzatzen ez den bitartean, eragindako biktimei aitorpena egiten ez zaien bitartean eta argitu gabeko kasuak argitzeko dokumentazio erreserbatua desklasifikatzeko prozesu bat irekitzen ez den bitartean.

Aurrera urrats bat egin beharko lukete erailtzeko, giza eskubideak urratzeko eta Estatuko kriminalei zigorgabetasuna emateko Estatuaren estrategiari babes politiko eta mediatikoa eman ziotenek. Aurrera pausoa eman beharko lukete isiltasun-ituna sinatu zutenek eta haien adostasunaz terrorismoa Estatuaren beste tresna bat bihurtzea ahalbidetu zuten guztiek. Aurrera pausoa eman beharko lukete etekin politikoa lortzeko eta gero Moncloara iristeko aferaz baliatu zirenek, ondoren, ordainetan, Gobernuko goi-kargudunak eta Estatuko segurtasun indarretako kideak indultatu eta espetxetik goiz atera zituzten horiek guztiek.

Estatu-itun horren ondorioz, oraindik orain indarrean da sekretu ofizialen lege frankista. Lege horrek eragotzi egiten digu informazio garrantzitsu bat eskuratzea, blindatu egiten baitu. Gerra zikina eta estatu terrorismoa bezain gauza larri batetik eratorritako gertakari eta erantzukizun guztiak agerian utziko lituzke. Lege horren erreformak, baina, egiarako dugun eskubidea murriztu nahi digu eta gure senideen aurka egindako krimenen arduradunen zigorgabetasunari eutsi.

Ez dugu behar barka eskean etor daitezen. Estatu-terrorismoaren gaitzespen generikoak ere ez dira nahikoak: badirudi modu espontaneoan sortutako zerbait izan zela edo lau zororen erabaki isolatua izan zela! Estolderiak existitzen badira eta blindatuta badaude, zigorgabetasuna existitzen bada eta parlamentuan ikerketa-batzordeak blokeatzen badira, justiziak beste alde batera begira jarraitzen badu, bistan da Estatuak erantzukizunak badituela, sigla politiko zehatzak argi eta garbi zipriztintzen dituzten erantzukizunak. Eta agerian uzten dute Estatuaren beraren eta gaur arte sostengatu duten alderdien izaera demokratiko eskasa.

Ez. Asko eta asko beren erantzukizunetik salbuetsita uzten duen kondena generikorik ez dugu behar. Maila instituzional goreneko deklarazio bat behar dugu, eta, horregatik, Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diogu adierazpen argi bat egin dezala erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako kaltea aitortzeko. Eskatzen diogu erabaki demokratiko bat har dezan, hots, estatu-terrorismoak eragindako krimenak ebaztea ahalbidetuko duen dokumentazio sekretua desklasifikatzea. Terrorismo horretan ez zuen GALek bakarrik jardun.

Eraikitzeko garaia da, orainean inbertitzekoa eta etorkizun batera proiektatzekoa. Egun horrelako gertaerek ezin duten lekurik izan, ezta errepikatzeko aukerarik ere.