Azaroak 20: Santi eta Josu: egia bide, askatasuna amets. Ametzola eta Errekaldeko ekitaldietan irakurritako testu osoa

Egun on eta mila esker gaurkoan, urtero lez gurekin egun berezi hau konpartitzera hurbildu zareten guztioi. Gaurkoan, Santi eta Josu oroitzeaz gain, Estatuaren indarkeria bidegabea sufritu duten horiei ere eskaini nahi diet gaurko eguna. Hainbestetan ixilduak, gutxietsiak eta justifikatuak izan diren gure minei ere errespetu eta aitortza osoa zor zaielako. Jaso ezazue besarkadarik sentituena eta zin dagizuet jarraituko dugula gure senideen memoria lehen lerrora ekartzen, merezi dutelako!

Azken urte luzeotan pil-pilean dagoen eztabaida semantikoa gertutik jarraitu dugu, zeinaren bidez batzuk saiatzen ari diren oinarri etiko bat ezartzen, giza eskubideak printzipiotzat hartuta, euskal gatazkaren baitan gertatu den biolentzietariko bat deslegitimatzeko.

Estatuek praktikara eramandako biolentzia jasan dugun biktimok (guda zikinaren biktimok, torturaren biktimok, segurtasun indarren biolentziaren biktimok...) ez dugu, orain artean, ahotsik altxatu. Gaurkoan, baina, argi esan nahi dugu ez dugula inondik inora onartuko eztabaida semantiko bat patrimonializatzea eta erabiltzea banaketa gehiago sortzeko eta egun jada sufritzen dugun kategorizazioa are gehiago sakontzeko.

Egun oraindik inolako instituziok ez dio exigentziarik egin dagozkion ardurak bere gain hartzeko ez Estatu espainiarrari, ez polizia indarrei, ez gure senideen erahilketen arduradun politikoei, ez gure biktimarioei… Ez dute egin. Ez al da inmorala saiatzea ezartzen biolentzia baten kontrako oinarri etikoa, beste biolentzia batzuk gaitzetsi gabe? Akaso norbaitek uste al du, bada, justua den mina sortzen duen biolentziak daudela?

Biolentziaren biktimak garela esaten digute, abstraktuan. Kolpatu gintuen biolentziak arduradunik izango ez balu bezala. Jasan dugun biolentzia beste batzuk adina gaitzesgarria ez balitz bezala. Bada, bai, bazen. Eta hori omititzeak mesede gutxi egiten dio gure konpromiso osoa duen bizikidetzaren eraikuntzari.

Santi, Josu, Gurutze, Xabier, Mikel, Lutxi, Rafa… eta beste hainbat ez ziren erahilak izan gatazka erlijioso edo sozial baten testuinguruan. Ez. Gatazka politiko baten baitan hil zituzten, Estatua biolentziaz baliatu zen gatazka baten testuinguruan, hain zuzen. Estatu frankistak biolentzia baliatu baitzuen boterera heltzeko, boterea mantentzeko eta boterea birformulatzeko. Eta haren atzetik etorri zirenek, berdina egin zuten.

Gaur hemen gaudenak, Santi, Josu eta gainerako guztiak, Estatuak frankismo garaian, Trantsizioan eta demokrazian praktikara eramandako biolentziaren biktimak gara. Hori ukatzea krimen horiek zigorgabe uzteko modurik onena da eta, aldi berean, gu biktimariorik gabeko biktima izendatzen saiatzeko modu baldarrena.

Biolentzia horiek aipatzea ekidin nahi duten berberak dira deliturik ikusten ez dutenak Iñigo Cabacasen erahilketan. Edo, Estatu krimenei “erantzunezko terrorismoa” deitzen dietenak. Edo tortura basatiak jasan dituen gorpu baten heriotza arrazoi naturalak medio gertatu dela diktatzeko lotsagabekeria izan dutenak.

Aitortza ofizialari dagokionez, egun bizi dugun distantzia izugarria da, eta hazi egiten da, ebidenteagoa bilakatzen da, biolentziak horrela kategorizatzen direnean. Garaia da behingoz euskal gatazkaren biktima guztiak aitortzeko. Eta hori, Euskal Herriko lurralde guztietako instituzioen ardura da, baina baita euskal jendartearena ere.

Aski da jada. Ezin jarraitu ditzakegu justifikatzen poliziaren biolentzia, Estatu espainiarraren biolentzia terrorista… Ezin jarraitu dezakegu erabiltzen estatu krimenak makilatzen eta justifikatzen dituzten terminoak, horrela lortzen den bakarra baita duten larritasuna baretzea, biolentziaren jatorria lausotzea eta ardura politikoa ez zehaztea. Modu horretan, biolentzia hori normalizatzen da, krimenen inpunitatea normalizatu dugun modu berean. Ez dezagun ahaztu: giza eskubideen urraketa larriak dira, behartutako desagertzeak, erahilketak eta torturak.

Justiziaren ordua heldu da. Nahiz eta aurrerapauso gutxi espero ditzakegun ohiko justiziagandik. Baina bada beste justizia bat, sustatu behar duguna: egia, hain zuzen. Gure esku dago lana egitea eta egiak itzaletik argira ateratzeko herritar dinamika zabalak martxan jartzea. Torturak jasan dituzten pertsonen egiak. Errealitatea ilunpean mantendu duten bertsio ofizialen egiak.

Hori dela eta, sekula ez diogu uko egingo justiziari. Zor diegulako bizitza urratu zietenei. Merezi dugulako horrelako ezer berriro ez errepikatzea. Gure egiten dugulako gizarte berri bat, hobeagoa eta bidezkoagoa, eraikitzeko konpromisoa.

Euskal jendartearen gehiengoak egiten du bat da giza eskubideen defentsarerekin eta biolentziaren kontrako sentimenduarekin. Gure herrian gertatu dena idazten saiatzeko baliatzen ari diren termino sortak helburu bakarra du, eta da difuminatzea bizi izandako drama. Garaia da behingoz aurre egiteko gatazkak eragin duen orori, ondorio guztiei, belaunaldi berriek ez dezaten berdina bizi behar.

Santik eta Josuk euren bizi osoan zehar jardun zuten bakearen eta askatasunaren alde lanean. Gaur, urteroko moduan, Errekaldera eta Ametzolara gatoz, aditzera emateko marraztu ziguten bidetik oinez jarraitzeko konpromisoa dugula, eta gure alboan sentitzen ditugula, egunez egun.