Ekidin zitekeen.

Giza eskubideak mendekuaren edo zigor erantsiaren gainetik jarri izan balira, errealitatea oso bestelakoa izango zen.

 

Ekidin zitekeen. Salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak

Espetxe barruan giza eskubideen aurkako erasoak etengabeak izan dira eta oraindik ere dira. Espainiako Gobernuak eta, ondoren, haren homologo frantsesak abian jarritako salbuespenezko espetxe-politika, gatazka politikoaren esparruan zuen errepresio-estrategiaren barruan sortu zen. Espetxe politikaren eremuan terrorismoaren aurkako borrokaren babesean hartu ziren neurri horiek.

Indarrean dagoen salbuespenezko espetxe sistema oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez duen sistema da. Osasunerako eskubidea eta torturarik edo tratu anker eta apalesgarririk ez jasateko eskubidea urratzen dituen salbuespen sistema da.

Azken 4 hamarkadetan, demokrazia deritzon garai honetan, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dute bizitza egoera ezberdinetan, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondorioz. Horiez gain, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelaratzea saihestu nahian. Heriotza hauek ekidin zitezkeen. Giza eskubideak mendekuaren, zigor erantsiaren, segurtasunaren edo beste edozein kontsiderazioren gainetik jarri izan balira, errealitatea oso bestelakoa zatekeen.

Espetxe politika anker honek ekidin zitezkeen heriotzak etengabe eragin ditu. Esaterako, 2011. urtetik 13 preso hil dira.

Heriotza horiek badute zerbait komunean: guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Behar bezalako osasun arreta ukatzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloak modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, 1.graduko eta FIES sailkapen sistematikoak, komunikazio guztien interbentzio iraunkorra, … urruntze eta dispertsio politikak ere...

Gaurkoan Eibarren gaudelarik saihestezina da gogora ekartzea 2001ean Brievako espetxera bizitan zihoazela, urrunketa politika horren ondorioz Soraluzeko lagunak izandako ezbeharra. Asier Heriz eta Iñaki Sáez galdu genituen eta Irantzu Benito larriki zauritua suertatu zen. Eibarko plaza honetatik gure besarkadarik beroena haien senide eta lagunei.

Salbuespenezko espetxe-politika gobernuek hartutako erabakien emaitza da, eta, beraz, arduradun zuzenak ditu, eta horiek bere gain hartu behar dute beren erantzukizuna. Aitortu beharko dute euskal presoei espetxe politika anker hau ezarri zitzaiela arrazoi politikoak direla medio, makurtze politikorik ematen ez zen bitartean onartu egiten zutela preso horien osasunaren higadura, haien artean Josu Retolazarena.

Estatuek onartu beharko dute gatazka politikoaren baitan aintzat hartu zutela pertsona batzuk heriotzaraino eraman zitzaketela helburu politiko batzuen arabera.

Azken urte luzeotan Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa larriak ehundaka, milaka izan dira. Horiei guztiei aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak zor dizkiegu, bizikidetza oinarri duen gizarte berria eraikitzen jarraitzeko.

Horregatik, beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak ere, zuzenekoak eta zeharkakoak, aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea. Baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak. Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea izan behar da abiapuntua, inolako baldintzarik gabe.

Hainbat ahots entzuten ditugu memoria publiko bat eraikitzeko beharraz mintzo direnak, diotenak gertatutakoaren oroitzapena dela ez errepikatzeko bermerik onena. Baina sektore horiek gaurkoan aipagai dugun indarkeria instituzionalak eragindako heriotzak saihesten dituzte, inoiz gertatu ez balira bezala, presoei eta haien senitarteko eta lagunei bizitzeko edo osasunerako eskubidea bezalako oinarrizko eskubideak urratu izan ez balizkiete bezala.

Giza eskubideen eta giza duintasunaren balio gorenari buruzko erreferentzia ugari entzuten ditugu. Baina errolda eta estatistika guztietatik kanpo geratzen dira salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioak.

Gertatutakoaren memoria ezin da ikuspegi partikular eta alderdikoiekin zerikusi handiagoa duten interesetara mugatu. Memoria, gizarte anitz batean bizikidetza demokratikoa garatzeko beharrezko ariketa gisa ulertuta, ezin da inola ere "egokitu" herri honen historia kolektiboaren zati batzuk ahazten dituzten arau batzuetara.

Biktima guztiek, hildakoek eta bizirik daudenek, indarkeriaren ondoriozko sufrimendu guztiek, lekua izan behar dute memoriaren politika publikoetan, baita Josu, Asier edo Iñakiren bezalako heriotzek ere.

Memoria iraganari dagokion kontua da, gertatu zenari lotutakoa. Baina gaur orainera jo behar dugu: oraindik ere biziak lapurtzen jarraitzen duen espetxe-errealitate bat bizirik dagoelako. Oraindik ere badira Euskal Herrian gertatu denaren oroimenaren liburuan tokirik ez duten errealitateak.

Gaur, indarkeria-adierazpen horri amaiera ematea eskatzen dugu. Espetxe-salbuespenaren aplikazioarekin behingoz amaitzea eskatzen dugu. Eta aitortuak izan daitezela hori urte luzeetan aplikatzearen ondorio guztiak, baita horrek eragin dituen eskubide-urraketa eta sufrimendu guztiak ere.