Nafarroako Torturatuen Sareak herrialdeko torturatuen datuak eta testigantzak biltzeko prozesua jarri du abian

Elkarrekin eskaini dugun prentsaurrekoan iragarri dugu ekimen honen helburua dela Nafarroako torturen zentsu ahalik eta zabalena eta zorrotzena egitea, pertsona horien guztien aitortzaren eta erreparazioaren alde lan egiteko.

Inprimakiak betetzeko guneak zabalduko dira abenduan eta urtarrilean. Torturaren biktima guztiak dinamika honetan parte hartzera animatzen zaituztegu, zuen testigantza emanez.

Prentsaurrekoko hitzartze osoa:

Hemen bildutakoak, gure historia hurbileko une desberdinetan tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara. Nafar torturatuak gara. Eta lagun gehiagorekin batera, Torturatuen Sarea ehuntzen hasi gara Nafarroan.

Nafarroako geografia osoko pertsonak gara, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Izan ere, gure datuen arabera, Nafarroan torturaren gaitza 80 herrik baino gehiagok bizi izan dute eta 80 udalerri horietan gutxienez tortura kasu edo salaketa bat dago ikertu, aitortu eta erreparatu gabe.

Jakin badakigu, egiten ari garen datu-bilketaren ondorioz, Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako oinaze fisiko eta/edo psikologikoa mila kasuren inguruan dagoela 1961etik 2012ra bitarteko aldian. Belaunaldi ezberdinen sei hamarkada, sufrimendu isildua, estigmatizatua eta ahanzturara kondenatua.

60 urteko inpunitatea: torturaren errealitatea ukatuz edo kuarteletan eta komisaldegietan gertatutakoaren ebidentzia argiak zirelarik, erakundeetako zenbait arduradunek, hainbat alderdi politikok eta komunikabide jakin batzuek beste alde batera begiratuz. Isiltasun hori, askotan susmo bihurturik, hain erabilia izan den algo habrá hecho esaldian ezaugarritua, gu kriminalizatzeko eta horrela zigor bikoitza ezartzeko arrazoia ere izan da. Horregatik, aipatutako hamarkadetan Nafarroan torturaren praktika sistematikoaren onarpen ofiziala lortzeko egin beharreko bidearen gogortasun eta zailtasunaz jabetzen gara.

Bide hori egitea helburu, Nafarroan Torturatuen Sarea ehuntzeko konpromisoa hartu dugu, Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten ehunka pertsonei ahotsa emateko, eta baita gure artean zaintzeko ere.

Ondorioz, hiru helburu argi dituen elkarte gisa eratzeko erabakia hartu dugu:

- Nafarroan torturatuen bozgorailu izatea.

- Nafarroan, Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako torturen eta tratu txarren kopuruari buruzko errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena egitea.

- Pertsona horien guztien aitortzaren eta erreparazioaren alde lan egitea.

Horregatik guztiagatik, gaur, prentsaurreko honen bidez, Estatuko Segurtasun Indarren aldetik Nafarroan tratu txarrak eta torturak jasan dituzten pertsona guztiak, edo haien senideak, hurrengo hilabeteetan Nafarroako hainbat eremutan banatuko ditugun formularioak betetzera animatu nahi ditugu. Errespetutik eta ardurarik sakonenetik, badakigulako zer mingarria den hau egitea. Baina guztiontzat berebiziko garrantzia duela uste dugu, eta horrexegatik eginkizun honetara gonbidatzen zaituztegu.

Ildo horretan, abenduan eta urtarrilean egingo dugu lehen bultzada, nahiz eta jakin badakigun lan hori denboran luzatu beharko dugula hainbeste pertsonarengana iritsi ahal izateko.

Torturatutako pertsona ahalik eta gehienen artean, AUZOLAN erraldoia egin nahi dugu. Horrela, gure Sarea zabaldu eta Nafarroan torturatuen errolda ahalik eta zehatzena osatu ahal izango dugu. Beraz, formulario horiek helburu hauekin betetzea eskatzen dizuegu:

- Sareko bazkide egin zaitezte, eta, horrela, Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonen ahotsa emango digun subjektua eraikitzen lagundu.

- Datu eta informazio hori ahalik eta era zehatzenean helaraztea, Nafarroan azken sei hamarkadetan Estatuko Segurtasun Indarrek torturatutako lagunen aitortzan egin nahi dugun bidean lagungarri izateari begira.

Benetan baliagarriak izan nahi dugu Nafarroan tratu txarrak eta torturak jasan dituzten pertsonentzat, eta, horregatik guztiagatik, zuengandik hurbil egon nahi dugu. Formularioak jaso eta betetzeko prestatu ditugun guneetara joatera animatu, eta, era berean, Nafarroako Torturatuen Sareak otsailaren 12an Berriozarko Musika Eskolako Auditorioan egingo duen aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu.

Bada garaia torturaren gaitza ahanzturatik ateratzeko, inpunitatearekin amaitzeko. Jendarteari, hurrengo belaunaldiei, gertatu dena argitzea zor diegu. Hori baita tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Inork, inoiz gehiago guk pairatu duguna jasan behar ez izateko.