36ko gerratik hona estatuaren indarkeriak eragin dituen biktimak omendu dituzte Azpeitian, ekitaldi hunkigarri batean.
Euskal Herriaren historian «eskuzabalak» izan eta askatasunaren bila «dena eman dutenei» omenaldia egin zieten atzo Azpeitian frontoi bete jendek. Egia behar dute, eta egia aldarrikatzen dute. Hala esan zuen Joxean Agirrek: «Egia, herri memoria, askatasunarekiko konpromisoa eta konponbide justua, gure besoak eta hankak izango dira. Oroimenetik konponbidera eramango gaituztenak». Historia «alderantziz» kontatuta, «herri memoria lausotu eta egia osoa ezkutatu nahi dute», haren esanetan. Hori gertatzerik ez dutela onartuko ohartarazi zuen, nolanahi ere: «Gure herriak egia jakin behar du. Gatazka politikoaren eta haren ondorioen inguruko egia osoa».
«Askatasun demokratikoak konkistatu nahian errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zieten guztiak» omendu zituzten, estatuaren indarkeriaren hainbat biktimak antolatutako ekitaldian. 36ko gerran hildakoetatik hasi, frankismoan «dena» eman zutenetatik pasatu, eta 1975eko irailaren 27an fusilatuta hil zituzten Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegirengana arte. GALek hilak, gerra zikinak desagerrarazitakoak eta abar ere gogoratu zituzten.
Txalo zaparrada sentitua jaso zuten urte horietan guztietan hildako hainbaten senideek agertokira igo zirenean. Frontoi guztia zutik. Joseba Permach eta Hasier Arraiz ezker abertzaleko kideak zeuden taldetxoa altxatu zen aurrena, eta haien atzetik, jende guztia. Txalo beroak, eta malkoak. Joxean Agirrek jarri zuen hitzetan ikusleek txalotan adierazitakoa. Angel Otaegiren hitzak gogoan —fusilatu aurretik amari esan zion ez zuela zertan lotsatu eta burua tente ibiltzeko, berak askatasunagatik eman zuela odola—. «Mina» jasan behar izan dutela badakiela adierazi zien Agirrek, gertatutakoaz gain eurei buruz «ezer ez dakitenek» haiengatik esaten dituztenak entzunda hartu dutela min. «Iraina» ere jasan behar izan dutela. «Ez zaitezte lotsatu inoiz», esan zien. «Ez ezkutatu maitasuna eta memoria! Haiei esker izango dugu askatasuna. Burua beti tente ibiltzeko herri ikur eta ondare ditugu».
Egia bide, askatasuna amets goiburupean egin zuten ekitaldi hunkigarria. Haritz adaxka iruditzat hartuta, belaunaldiz belaunaldi nola igaro den irudikatuz.
Agirrek egiaren beharra nabarmendu zuen: «Ez dugu onartuko errealitatearen gure kontakizuna aintzat ez hartzea». Euskal Herriko gatazkari «bidezko konponbidea emateko konpromisoa» azaldu zuen, akordio politiko eta demokratikoaren bidez. «Itun politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du». Izan ere, haren arabera, konponbidea ez da posible izango «mundu ikuskera, bizimodu eta egitasmo desberdinen arteko eztabaidaren ondorioz denon arteko akordio sendoa lortzen ez den bitartean».
Gatazkak utzitako ageriko biktimak omendu zituzten, baina Agirrek ohartarazi zuen indarkeriak gizarte zibilean ere egin duela tokia: «Heriotza eta sufrimendua izan dira hainbat hamarkadatan, askatasuna lortzeko ametsa izan dugun guztion bidaide. Zoritxarreko bidaidea».
Joan den ostegunean, urtero bezala, Txikiri Zarauzko hilerrian egin zioten omenaldian Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izan ziren aurreneko aldiz. Maixabel Lasa Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria han izan zen, besteak beste. Emandako pausoa onartu egin behar dela esan zuen Agirrek. «Txikia izan arren, pausoa da». «Injustizia oinarri duten beste ehunka kasu badaudelako». Urrats gehiago behar direla ohartarazi zuen, ordea, «bi aldeetatik». Nolanahi ere, haren ustez, instituzioek beren erantzukizuna onartu behar dute. «Elkar ulertzeko ariketa» behar delako, eta horretarako, ezinbestekoa delako «ardurak nork bere gain hartzea».
Elkar ulertzea ezinbestekoa dela ohartarazi zuen Txikiren anaia Mikel Paresedek. Anaiaren argazkiak ikusi berritan, emozio handiz hartu zuen hitza, eta argi eman zuen mezua: «Euskal Herria une interesgarrian dago, eta aprobetxatu egin behar dugu». Nabarmendu zuen «nahi bada» posible dela elkar ulertzea. Hark halaxe egin baitu oraintsu, alde guztietako biktimekin elkartuta. Gogorra izan zela onartu zuen, baina ez da damu. «Batzuetan bihotzean min egiten diguten gauzak egin behar ditugu aurrera egiteko».