Torturaren Aurkako Taldeak antolatuta, barikuan (hilaren 14a) Torturarekin Biziz hitzaldia emango dute Olatz Barrenetxea psikologoak eta Tasio Erkiziak. (Hitza)
Hain zuzen, Gernika-Lumoko kultur etxeko erakusketa gelan emango dituzte azalpenak 19:30etik aurrera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “torturek norbanakoen bizimoduan daukaten eragina aztertuko dute”. Izan ere, kartzeletako ziegetatik kanpora ere, torturen eragina pairatzen jarraitzen dute torturatuek.
Gaiagaz lotuta ere, Rosi Aranak torturari buruzko erakusketa bat jarri du, kultur etxean bertan. Aranak dioenez, «jende askok uste du torturak kartzelako ziegan geratzen direla». Baina ez da horrela gertatzen. «30 urte pasata ere, egunerokotasunean eragiten jarraitzen dute torturek». Gernikarraren berbetan, gauzarik txiki eta arruntenak ere mingarri bihurtu daitezke zenbaitetan. Hala, tratu txarrak jasan dituzten pertsonak hil arte ari dira torturaren eragina pairatzen.
Arana errealtate hori ikustarazten ahalegindu da, eta, horretarako margolanak erabili ditu. Hain zuzen, 11 margolan jarri ditu ikusgai preso ohiak. Horietako bakoitza testu labur bategaz osatuta dago. Testu horietan, torturatu dituzten euskal herritarren zenbait testigantza batu ditu bertokoak.