Egiari Zorrek modu positiboan baloratzen du ekainaren 26an aurkeztutako “Ahanzturatik ateratzen” txostena, zeinak 1960 eta 1978. urteen artean polizia-indarkeriak eragindako 187 giza eskubideen urraketa kasu motibazio politikoko biktima gisara errekonozitzen dituen. Aitzitik, ezin da ahaztu aitortzeke dauden giza eskubideen urraketa guztiak askoz gehiago direla.
Berri ona da mota honetako txosten batek hamarkadetan zehar ezkutatua eta ukatua izan den errealitate dramatikoaren atal bat jasotzea: Estatuak eta bere aparatoek praktikara eramandako biolentziaren ondoriopeko biktimen existentzia. 107/2012 Dekretuaren Balorazio Batzordeak aurkeztutako txostenaren ondorioak aurrerapauso bat gehiago dira, gatazka politikoa ukatzen, jatorri bakarreko biolentzia aitortzen eta esklusiboki ETAren eraginpeko biktimen existentzia aitortzen duen errelato monolitikoa pitzaduraz josten ari den honetan.
Baina hala ere, ezin da ahaztu Dekretuaren Balorazio Batzordearen aurrean testigantza eman ostean aitortuak izan diren 187 kasu hauek, bakoitzaren garrantzia ukaezina izanik ere, icebergaren punta soilik direla.
Egundaino, orotariko erakundeek osatutako zentso eta txostenek jaso duten moduan, polizia indarkeriaren ondoriopeko giza eskubideen urraketak zenbaezinak dira. Orain bi hilabete eskas, Espainiako Gobernuak 2016. urteko uztailean Eusko Legebiltzarrak onartutako biktimen errekonozimendurako Legea errekurritzeko erabakia hartu zuen, zeinak 1978 eta 1999 urte bitartean giza eskubideen urraketak jasandako pertsona orori errekonozimendua eman asmo zion, 1960 eta 1978 artean jazotakoei aukera berri bat zabaltzeaz gain: torturatuak izandako pertsonei, larriki zaurituak suertatu zirenei eta baita hildakoei ere.
Errekurtsoaz haratago ordea, giza eskubideen urraketak jasandako pertsonek (edo haien senitartekoek) Legearen baitan aitortza jasotzeko eskaerak tramitatzen jarraitzeak garrantzia ikaragarria du, hori baita gertatutako guztiaren errealitate hori, “iceberga” bere osotasunean, argitara emateko bide bakarra. Estatuak eta bere aparatuek eragindako giza eskubideen urraketak gertatutakoa ezagutzeko eta herri honek bizitako gatazka politikoaz hitz egiteko baliagarri behar dute izan.
187 kasu hauen errekonozimendu instituzionalak zabaldu duen bidea jorratzen jarraitzea lehentasun osoko gai bilakatu behar da Eusko Jaurlaritzarentzat eta arlo horretan lanean dihardugun antolakunde guztientzat, jazotako giza eskubideen urraketa ororen errekonozimendu osoa lortzeko anbizioz jokatuaz. Kontatzen ez dena, sekula gertatu izan ez balitz bezala, ahanzturaren putzuan itoko baita.
Guzti hori dela eta, Egiari Zor Fundaziotik, 1960 eta 1978 urteen artean tortura jasandako pertsona orori, eraso larriak pairatutako pertsona orori edota senitarteko bat erahildako pertsona orori, 12/2016 Legearen baitan errekonozituak izateko eskaera tramitatzeko deia luzatu nahi diogu (eskaera aurtengo abuztuaren 10a baino lehen aurkeztu behar da). Modu berean, lan honetan laguntza eta aholkua behar duten guztiei laguntza ere eskaini nahi genieke. Horretarako, info@egiarizor.org helbidearen bidez jar zaitezkete gurekin harremanetan.