Joxe Arregi Espainiako Poliziak bere atxiloaldian hil arte torturatu zueneko 41. urteurrenean, gure giza eskubideak urratu izanaren ondorioak gainditzetik urrun gaudela adierazi dugu.
Ez dira nahikoak torturaren erabilera gaitzesten duten ekintza sinbolikoak. Torturari buruzko txostena gai honen inguruan egiteko dagoen bide luzearen abiapuntua baino ez dela argi daukagu.
Hemen Egiari Zor Fundazioaren hitzartze osoa:
Joxe Arregi Espainiako Poliziak bere atxiloaldian hil arte torturatu zueneko 41. urteurrena da gaur. Euskal Herriko tortura kasuen artean, oihartzun handiena izan duen kasuetako bat izan da Joxerena, heriotzeraino torturatu zuten herrikidearen gorpuari ateratako argazkiek komisaldegietan gertatzen ari zen basakeria zein zen erakutsi baitzioten munduari.
“Oso latza izan da”. Halaxe deskribatu zuen Arregik, hilzorian, komisaldegiko tortura. Arregiren heriotza torturaren ondoriozko lehen heriotza-kasua izan zen erregimenaren erreformaren ondoren, baina zoritzarrez ez zen azkena izan....demokrazia deritzon honetan beste bost herritar hil zituzten torturaren eraginez.
Arregiren heriotzak ez zuen diktadura frankistaren herentzia maltzur horrekin bukatu eta milaka euskal herritarrek modu sistematikoan pairatu dugu, edozein zelarik ere Estatuko gobernuaren kolorea. Horrela, gutxienez 5657 dira dagoeneko egiaztatuta dauden tortura kasuak.
Arregi hil eta bi urtera, Felipe Gonzalezen gobernuak, gehiengo politikoaren babesarekin, ZEN plana ekarri zigun. Plan horrek milaka herritarren atxiloketa arbitrarioa ahalbidetu zuen, demokrazian tortura polizia-tresna gisa gaitu zuen eta hura aplikatzeagatik prozesu judizialak eragozteko beharra ezarri zuen.
Gu ez gintuzten torturatu legearen gainetik jarri ziren guardia zibil, polizia nazional edo ertzain gutxi batzuek. Estatu-estrategia baten barruan ziharduten poliziek torturatu gintuzten, eta estrategia horren parte ere baziren:
Atxilotuen inkomunikazioa ahalbidetzen zuten salbuespenezko legediak onartu zituzten alderdi politikoak.
Inkomunikazioaren, atxiloketaren luzapenaren eta atxilotuen osotasunaren arduradunak diren epaileak; sistematikoki alde batera uzten baitzuten tortura-salaketa bakoitza ikertzeko betebeharra;
Auzitegiko medikuak, tortura estaltzeko eta inpunitatea ahalbidetzeko funtsezkoak.
Komunikabideak, torturaren negazionismoaren zutabeetako bat bilakatuz.
Estrategia hori proiektu politiko legitimo bati eta hura partekatzen zuen orori aurre egiteko diseinatu zen. Hala, ETAren aurkako ustezko borrokaren babespean, 40.000 pertsona inguru atxilotu zituzten, horietatik 30.000 baino gehiago kargurik gabe aske geratu baziren ere, horietako asko tortura eta behin-behineko espetxealdia pairatu behar izan zituzten.
Espero dugu laster herri honetako erakundeek milaka eta milaka herritarrei zuzenean eragiten dien gai honi buruzko ikerketa bat abian jartzea.
Gaur baieztatu dezakegu negazionismoa gainditu dugula, tortura inpunitate osoz gauzatutako praktika sistematikoa izan dela, dagoeneko Egia ofiziala baita.
Baina bide luzea dugu oraindik egiteko.
Euskal Herriko instituzioei dei egiten diegu gaurkoan, ahalik eta lasterren aitortza eta erreparazioarako mekanismo bizkor eta eraginkor bat aktibatu dezaten; Torturatutako komunitatearen aitortza eta erreparaziorako prozesua denboran ezin da luzatu.
Torturatutako pertsonek, Estatuko indarkeriaren gainerako biktimek bezala, urte gehiegi daramatzate legeak ematen dizkien egia, aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermearen eskubideak baliatzeko aukerarik gabe. Legeak egitea ez da nahikoa; biktimak duintzeko prozesuek eraginkorrak izan behar dute.
Oraindik urrun gaude ere gure giza eskubideak urratu izanaren benetako ondorioak gainditzetik. Torturaren erabilera prozesalaren gaia aktualitatea da beste behin ere. Honek pertsona askoren iraganari eragin dio, baina gaur egun torturaren hainbat biktimaren orainari eta etorkizunari modu zuzenean eragiten jarraitzen du. Hauxe konpondu beharreko anomalia demokratikoa da, eta duen larritasunagatik ulertezina da gehiengo instituzional eta politikoaren ixiltasuna;
Ozen diogu, aitortza ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak ezinbestekoak dira, behingoz torturaren dimentsioaren eraginarekin amaitzeko.
Ez dira nahikoak torturaren erabilera gaitzesten duten ekintza sinbolikoak. Torturari buruzko txostena gai honen inguruan egiteko dagoen bide luzearen abiapuntua baino ez dela argi daukagu.
Giza eskubideen urraketa larri baten biktima zuzen gisa, jasaten dugun kategorizazioa gaindituko duen marko legal integrala eta parekidea zor zaigu.
Milaka herritarrok pairatutako giza eskubideen urraketen aitortza ofiziala behar dugu beraz 2016/12 Legearen epea berriz irekitzea eskatzen dugu. Ahaztu gabe 1999tik aurrera jasandako urraketen aitortzarako bidea ere ireki beharra dagoela.
Indarkeria instituzionalaren adierazpen zital honek 14 pertsona hil zituen herri honetan, eta berariazko aitorpena eta erreparazioa jaso behar dute.
Tortura indarrik gabe uzteak exijitzen du torturaren erabileraren bitartez lortutako edozein etekin ere bertan behera uztea.
Edozein lekutan gertatzen dela ere Tortura erabat desagerraraztea bermatu behar zaigu: komisarietan, adingabeen edo ta atzerritarren zentroetan edo espetxeetan...
Gehiago luzatu gabe, gure errealitateak memoriaren alorreko politika publikoen parte izan behar du, aitortza, erreparazioa eta errepikapena ekiditeko benetan eskubide eraginkorrak bilakatzeko.
Eta horrez gain, beharrezkoa ere bada gure biktimarioek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak beren gain hartzea behingoz.
Gure zaurien erantzuleek herri honetan milaka pertsonari eragindako kaltea aitortzeko adina ausardia izatea espero dugu; Estatuko indarkeriak sortutako tragediaren erantzukizun politikoak bere gain hartzeko behar adinako heldutasun demokratikoa izatea espero dugu;
Eta hemengo instituzioengandik ere espero dugu herritar batzuek jasaten dituzten eskubide-urraketa nabarmenen aurrean ez isiltzeko prestasuna izatea.
Horrela bakarrik kokatu ahal izango dugu bizikidetza gutxieneko parametro demokratikoetan, gatazka politikoa eta haren ondorioak behin betiko konpontzeko bideari ekiteko.