Alderdi Popularrak Estatuko Segurtasun Indarren lana goratzeko aurkeztu duen ekimena eraso zuzena da poliziaren indarkeria jasan dugunontzat

Proposamen hau desberdinen artean eraikitzen ari garen bizikidetzaren aurkako erasoa da, eta gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi diogu, eraso zuzena baita poliziaren indarkeria jasan dugunontzat.

 

Euskal Herriko herritarrok urteak daramatzagu bizikidetza lantzen, jorratzen, topagune izan daitezkeen gutxieneko komun horiek aurkitu nahian, guztion artean pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan eta konpromisoan oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko oinarri sendo bat ezartzen laguntzeko. Ukaezina da euskal jendarteak, zentzu horretan, bilakaera nabarmena izan duela.

 

Azken garaiotan etengabeko eztabaida dago mahai gainean, gatazka politikoaren esparruan eman diren hainbat jarduera edo dinamika ETAk egindako indarkeriaren gorespenaren eta apologiaren testuinguruan kokatzeko. Duela gutxi ikusi ditugu presoen giza eskubideen aldeko jarduerak kriminalizatzeko saiakerak; edo pertsona horiei espetxe-egoeraren berri emateko argitalpen bat itxiera.

 

Oraingoan, Alderdi Popularrak Espainiako Diputatuen Kongresura eraman duen legez besteko proposamenarekin egin dugu topo. Proposamen horrek, Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan "berunezko urteetan" egindako lana aintzatestea eskatzen du, baita herri horretan destinatu ziren agenteak kondekoratzea ere.


Horren aurrean, Egiari Zor Fundaziotik egoki deritzogu honako hau gogoratzeari:

 

  • EAEko eta Nafarroako gatazkaren testuinguruan 219 pertsona hil dira Estatuko Segurtasun Indarren eskuetan.

  • Zerrenda horri beste 83 heriotza ere gehitu behar zaizkio, gerra zikinak edo "kontrolik gabeko" ekintzen ondoriozkoak, hain zuzen ere. Hainbatetan judizialki frogatuta geratu izan da ESIetako kideek heriotza horietan izan duten parte hartzea eta erantzunkizuna (adibidez, Intxaurrondon, Bilboko goi-buruzagitzan eta abar).

  • 5.000 pertsona baino gehiago torturatu zituzten zigorgabetasun osoz.

  • Ehunka zauritu larri eragin zituzten, batzuk bizitza osorako ondorioak dituztenak bala-talkengatik, gomazko jaurtigaiengatik edo ke-poteak aurpegira jaurti izanagatik.

  • 31.000 pertsona inguru atxilotu zituzten prebentziozko kode penal bat aplikatuta, eta horietako asko torturatu egin zituzten, baita espetxeratu eta kargurik gabe aske utzi ere.

 

Giza eskubideak urratzen dituen indarkeria baten erradiografia orokorra da hori, eta orain Diputatuen Kongresuan ohoratu nahi dute.

 

Egin Zor Fundazioaren ustez, LBP hori guztiz gaitzesgarria da, honakoagatik:

 

  • Gure giza eskubideak urratu zituen indarkeriaren apologia- eta gorespen-ekintza argia da.

  • Biktimizatu gintuzten polizien ekintzak legitimatzeko ahalegina da. Eta, horrekin batera, baita haien jardueren biktima izan ginenon kriminalizazio sinbolikoa ere.

  • Probokazio eta umiliazio ekintza bat da haien indarkeria pairatu genuenontzat.

  • Estatuko aparatuek eragindako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko EAEko eta Nafarroako legeei zilegitasuna kentzeko saiakera bat ere bada. Lege horiek aitorpen ofiziala eskainiko diete lurralde horretan lan egiten duten poliziek eragindako biktimei.

 

Gure ustez, proposamen hau desberdinen artean eraikitzen ari garen bizikidetzaren aurkako erasoa da, eta gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi diogu, eraso zuzena baita poliziaren indarkeria jasan dugunontzat.