Iruñean Mikelen arreba Idoia Zabalzak eta Nafarroako Torturatuen Sareak emandako prentsaurrekoan aldarrikatu dute familiari eta tortura jasan duten milaka pertsonei eragin zaien kaltea aitortzeko ordua dela. Horrez gain, martxoaren 6rako deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia ere egin dute.
Nafarroako Torturatuen Sareak Nafarroako Gobernuari eskatu dio martxan jartzeko beharrezko mekanismoak torturak izandako benetako dimentsioa ikertzeko eta neurtzeko, eta biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko, horrela, gaitz hori beste inork jasan ez dezan.
Eta exigitu dute neurriak har daitezela giza eskubideen urraketa larri hori eragin duten erantzuleei sariak eta kondekorazioak kentzeko.
Hona Jon Patxi Arratibelek eta Ainara Gorostiagak irakurri duten hitzartze osoa:
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu, Nafarroako Torturatuen saretik Egiari zor fundazioa eta Mikel Zabalzaren senideei, agerraldi honetan hitza emateagatik.
Dakizuenez, Torturatuen sarea, torturak jasan ditugun nafar lagun ezberdinek osatzen dugu. Orain bi urte egin genuen gure aurkezpen publikoa. Ordutik, Nafarroan torturaren inguruko ikerketa burutzea exijitu dugu.
Gaurkoan, berriro ere, orain arte defendatu den bertsio ofiziala falazia bat dela plazaratzea dagokigu: Mikel Zabalza heriotzeraino torturatu zuten. Aste honetan argitara atera den audioak erakutsi duen bezala, Guardia Zibileko eta CESIDeko goi-kargudunek ezin hobeto ezagutzen zuten atxilotuen egoera. Ez bakarrik sistematikoki erabiltzen ziren tortura-metodoak, baita horiek heriotza eragin zezaketela ere.
Garaian, elkarrizketa horren transkripzioa bi kazetarik aurkeztu zuten, Mikelekin gertatutakoa argitzeko froga gisa. Baina auzitegiek ez zuten garrantzitsutzat jo. Gaur egun, inork ez du oraindik erantzukizunik bere gain hartu.
Hamarkadetan zehar, tortura Estatuko erakundeek onartu eta legitimatutako praktika izan da, eta zenbait alderdi politikok, epailek, auzitegiko medikuk eta komunikabidek ere, era batera edo bestera, babestu dutena. Horregatik, gaurkoan berriro ere, Mikel Zabalzaren familiari zein tortura jasan dugun milaka herritarroi behingoz aitortza ematea exijitzen dugu, eta eragin zaigun kaltea onartu. Era berean, herri honetan milaka pertsonak jasan dituzten torturen erantzukizunak argitu daitezela galdegiten dugu.
Beste inork, inoiz, infernu hori pairatuko ez duelaren bermea nahi dugu. Aitortza eta erreparazioa nahi dugu. Ildo horretatik, garrantzitsua iruditzen zaigu ikerketa ofizial bat egitea Nafarroan, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek zenbat pertsona torturatu ahal izan dituzten argitzeko; eta, hartara, giza eskubideen urraketa larri horrek lurraldean izan dituen ondorioen argazki osoa eskaintzeko. Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, garaian hasitako lan ildoarekin jarrai dezala.
Honen guztiaren aurrean, martxoaren 6rako, Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu. Reconocimiento. Reparación. No repetición. lemapean manifestazioa burutuko dugu, arratsaldeko 17:30tan, Iruñeko Autobus geltoki berritik. Nafar jendarteari bertan parte hartzera deia luzatu nahi dugu, itzalari argia ematea guztion ardura delako.