Erabaki honek ez du zalantzan jarri Espainiako Barne Ministerioak 2013an hartutako erabakia, zeinak ezberdin tratatzen zituen Estatu terrorismoa pairatu zuten biktimen senideak eta bestelako biolentziak jasan zituztenenak, ETArena kasu. Estatu terrorismoaren biktimek argudiatu zuten erabaki horrek beren senideen errugabetasun presuntziorako eskubidea urratzen zuela, ETAko kidetzat jotzen zituelako, hori inolako sententzia judizialetan frogatzen ez bazen ere.
Espainiako Gobernuak 2013. urtean ukatu egin zien Estatu Terrorismoak hildako biktimen senitartekoei jasotzea zegokien kalteordainen zati bat, eta beraz, pareko trataera izatea giza eskubideen urraketa berberaren biktima izandako gainontzeko biktimen senitartekoekiko. Horretarako, Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 8. artikulua hartu zuten oinarri, zeinak dioen posible izango dela “kalteordaina ukatzea edo murriztea biktimak edo eskatzaileak antolatutako delinkuentzian parte hartzen badu edo bortizkeriazko delituak egiten dituen erakunde bateko kide bada”.
Pertsona horiei bizitzeko zuten eskubidea urratu zieten, giza eskubideen urraketa larria, eta ez ziren sekula epaituak edo kondenatuak izan ETAko kide izateagatik. Barne Ministerioak harutako kalteordainen parekatzea ukatzeko erabakia soilik oinarritu zen polizia txostenetan eta prentsan argitaratutako artikuluetan.
Estatu espainiarraren sustapenpean praktikara eramandako Guda Zikinak hildako pertsonen senitartekoek, erabaki honekin, ulertu zuten beren senideen errugabetasun presuntziorako eskubidea urratzen zela, eta giza eskubideen urraketa larriak kategorizatzen ari zirela, zenbait eskubideren aitortzarako aintzat hartzen zelako biktimei bizitzeko eskubidea urratu zien biolentziaren jatorria.
Hori dela eta, biktimen senitartekoek erabaki zuten Estatu espainiarreko justizia auzitegi ezberdinetara jotzea, Europako Giza Eskubideen Auzitegira heltzeraino, bermatzeko beren senitartekoei zegozkien eskubideak errespetatzen zirela. Horretarako argudiatu zuten beren errugabetasun printzipioa urratzen zuela Ministerioren erabakiak, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 6.2. artikuluan honako baitio: “arau-hauste bat egin duen pertsona oro errugabetzat hartu behar dela erruduntasuna legegalki deklaratzen den artean”.
Azkenik, Estrasburgoko Auzitegiak, gaurko bere ebazpenean, erabaki du ezin dituela onartu biktimen senitartekoek aurkeztutako errekurtsoak, batetik, ezin baita esan pareko giza eskubideen urraketak jasandako biktimen senitartekoei kalteordainak ukatzeko erabakiak aurrez aipatutako 6.2 artikulua urratzen duenik; eta, bestetik, biktimekiko akusazio zuzenik ez badago, ez baitira senitartekoen eskubideak urratzen.
Egiari Zor Fundaziotik uste dugu interpretazio hori eskandalua dela, errugabetasun presuntziorako eskubidea prozesu penal batean inputatutako pertsona orori dagokiolako. Edozein pertsona izan behar da errugabe epai irmo batek bere zigorra zehaztu artean.
Eskubide hori estatu demokratikoetako zigor sistemen oinarrietariko bat da, nazioarteko hainbat erreferentziazko dokumentuetan jasotzen dena:
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko (1948) 11.1 artikulua: “Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean”.
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena (1966): 14.2 artikuluan dio “pertsona orok du errugabetasun presuntziorako eskubidea bere erruduntasuna legearen arabera frogatzen ez den artean”.
Europako Giza Eskubideen Hitzarmena (1950): 6.2 artikuluak dio “lege haustea egin izanaz akusatua izan den pertsona oro errugabea da bere erruduntasuna uneko legediaren arabera frogatzen den arte”.
Ez dugu ulertzen nola den posible 6.2 artikulua, errugabetasun presuntzioari dagokiona, eta berau urratzearen inguruko interpretazioek gaurkoan bezalako iritzi antagonikoak sorraraztea.
Izan ere, gogoratu behar da Euskal Kriminologia Institutuko juristek Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren eskariz egindako txostenean ondorioztatu zutela Barne Ministerioaren erabakia modu argian zela babes judizialaren kontrakoa, urratzen zuela errugabetasun printzipioa, ikuspuntu prozesaletik legalitate printzipioa urratzen zuela eta baita hori oinarritzen den botere banaketaren printzipioa bera ere. Gainera, aipatutako txostenak gehitzen zuen biktima horiek jasandako oinarrizko giza eskubideen urraketa horren zela larria eta gertakariak horren zeudela frogatuta (gogoratu dezagun Guda Zikinaz ari garela, Estatu Terrorismoak eraildako pertsonez), ezen kalteordainen parekatzea ukatzea “prebarikazio administratiboa ere izatera heldu zitekeela”.
Beraz, Egiari Zor Fundazioaren izenean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakiaren aurrean, gure atsekabea adierazi nahi dugu. Horrez gain, esan nahi genuke oso larria deritzogula errugabetasun presuntzioa urratzen ez dela kontsideratzeko ezarritako terminoei, orain artean ezezagunak zirenak (gogora dezagun ez dagoela biktimen inolako kidetzarik frogatzen duen sententzia judizialik). Gainera, salatu nahi dugu erabaki honek, beste behin, “bigarren mailako biktima” trataera ematen digula Estatuaren biolentziak pairatu ditugunoi.
Azkenik, gogorarazi nahi genuke Egiari Zor Fundazioak lanean jarraituko duela pareko aitortza maila duten arte euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako oinarrizko giza eskubideen urraketa guztiek, eta biktimen arteko kategorizaziorik ez dagoenera arte.