Oso positiboki baloratzen dugu legea abian jartzea, uste baitugu horrek bizikidetza eraikitzen lagunduko duela, Estatuak egindako biktima asko eta giza eskubideen urraketa asko ofizialki eta publikoki aitortuaz.
Gure herrian bizi izan dugun gatazka politikoaren testuinguruan asko izan dira azken mende erdian hil diren pertsonak, gehiegi. Gure geografiaren luze-zabalean hainbat motatako indarkeriak bizi izan dira elkarrekin, eta oinaze eta sufrimendu ugari eragin dituzte. Milaka pertsona torturatu dituzte eta ehunka larriki zauritu.
Zorionez, gure gizarteak asmatu du bake-egoera berri baterako ateak zabaltzen, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen hasi da, poliki baina atsedenik gabe aurrera eginez.
Hala eta guztiz ere, eta zoritxarrez, giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten biktima guztiek ez dituzte aitortuta legez dagozkien eskubideak: diskriminatuta jarraitzen dute Estatuak praktikara eramandako indarkeriak pairatu zituztenek, poliziaren indarkeria pairatu zutenek; salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz hildakoek; errepide-kontroletan erail zituztenek; gerra zikinaren biktimek; eskuin-muturreko taldeen erasoen ondorioz zaurituek; etab.
Espainiako Estatuak eta bere sistema judizialak ahalbidetu dute krimen horiek guztiak posible izatea eta denboran irautea. Baita horiek zigorgabe jarraitzea ere.
Horregatik, Egiari Zor Fundazioa biktima horien guztien eskubideen alde ari da lanean 2012tik.
Oraindik egiteko dugun bidea luzea da, biktima guztiak dagozkien eskubide horien jabe izatea lortu arte: egia, aitortza, justizia, erreparazioa eta bizi izandako ezer ez dela berriro errepikatuko bermatzea.
Berriki Auzitegi Konstituzionalak konstituzionaltzat jo du Estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko 16/2019 Foru Legea, Vox eta Alderdi Popularraren helegiteen aurrean.
Lege honen helburua da Estatuak baliatu dituen indarkerien ondorioz Nafarroan eraildako, torturatutako edo larriki zauritutako pertsonak aitortzea, eta haren tramitazioa konplexua izan da, estatu mailako hainbat alderdi politiko, polizia-sindikatu eta instantzia judizial saiatu baitira abian jartzea oztopatzen. Hain zuzen ere, Legearen aurka jo dutenak izan dira Euskal Herriko gatazkan gertatutakoaren egia ukatzen jarraitzen dutenak, mina eragin izanagatik eta giza eskubideak urratzeagatik oraindik erantzukizunik beren gain hartu ez dutenak.
Egiari Zor Fundaziotik oso positiboki baloratzen dugu legea abian jartzea, uste baitugu horrek bizikidetza eraikitzen lagunduko duela, Estatuak egindako biktima asko eta giza eskubideen urraketa asko ofizialki eta publikoki aitortuaz.
Era berean, jakin badakigu lege honek ez duela lortuko erabat gainditzea Estatuko biktimok jasaten dugun diskriminazioa. Lanean jarraitu beharko dugu, hortaz, lekurik ez duten kasuistikak etorkizunean aitortu daitezen. Giza eskubideen urraketa guztiek izan behar dutelako lekua memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin eraikitzen jarraitu ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, dei egin nahi diegu biktima guztiei eskaerak aurkeztu ditzaten, behin horretarako epeak eta prozedurak argitzen direnean. Egiari Zor Fundaziotik prest gaude behar duen pertsona orori izapideak egiten laguntzeko.
Uste dugu berebiziko garrantzia duela aitortza osoa lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeak, eskura ditugun tresna guztiak baliatuaz. Izan ere, ez dezagun ahaztu: Estatuaren biktimak orain gutxira arte ukatu egiten gintuzten eta ez genuen tokirik inolako errolda ofizialetan. Estatuak Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan sortutako tragediaren inguruko egia osoa itzaletik argira atera behar dugu, giza eskubideen urraketaren biktima den inor babesik gabe gera ez dadin.