Azaroak 20: Josu eta Santi, zuen memoriak bizirik dirau. Ametzola eta Errekaldeko ekitaldietan egindako irakurketaren testu osoa

Urtero moduan, gaurkoan Errekalde eta Ametzolara gatoz berriro ere, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren erailketen urteurrenean. Orain 33 eta 28 urte, haien militantziagatik, erakutsitako munta politiko bereziagatik eta zuten kalitate humanoagatik erailak izan ziren bi gizon oroitzera gatoz. Biak ala biak nabarmendu ziren zuten karismagatik, altruismoagatik eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide justu eta demokratiko bat ematearen aldeko jarreragatik.

Guzti hori dela eta, gogoan ditugu gaurko urteurren honetan eta gure bizitzako gainontzeko egunetan, Euskal Herriaren askatasunari egindako berebiziko ekarpenagatik, eta maite ditugulako. Beste urte batez, haien memoria bizirik mantentzeko gure konpromisoa berresten dugu gaur, eta humiltasun osoz, militante eta pertsona gisara eman ziguten eredua jarraitzera engaiatzen gara.


Egia eta erantzunkizunak nork bere gain hartzearen beharra:

Gaurkoan, beste behin aldarrikatzen dugu garaia dela gatazkaren testuinguruan gertatutako guztia ezagutzeko eta bakoitzak bere erantzunkizunen ardura hartzeko. Santi eta Josuren heriotzen egia ezagutzeko garaia da behingoz. Nork erail zituen jakiteko garaia, eta noren agindupean. Inork ezin baitio bere ekintzen gaineko ardurari garrantziarik kendu.

Estatu Espainolak argi utzi du, beste behin ere, ardurak horiek onartu baino, nahiago duela makinaria juridiko guztia martxan jarri egia estaltzeko eta gatazka betikotzeko. Torturatu dela aitortzeak; poliziak biolentzia baliotu duela aitortzeak; guda zikina existitu dela aitortzeak, kontakizun ofiziala zalantzan jartzen du, eta urteetan babestutako inpunitatea azalerarazi.

Horregatik guztiagatik, giza eskubideen urraketen eta sufrimenduen mapa orokor baten egikaritza beharrezkoa da, gertatutako guztiaren egiaren aitortzari eta errekonozimenduari egindako ekarpen gisara. Erraparatzeko, gertatu dena ezagutzea da giltza. Aitortzeko ezagutu egin behar da, ez mendekatzeko edo gatazkaren ondorio gehiago sorrarazteko. Bestela, ez genuke egoera hau betikotu besterik lortuko.


Justizia eta erreparazioa:

Estatuak praktikara eramandako biolentziak kolpatutako biktimon eskubideei dagokienean, azken urte honetan pauso xalo batzuk emateko saiakerak egon badira ere, esan beharrean gaude bidegabeki marjinatuta jarraitzen dugula.

Pasa den urriaren 10ean, epaitegi konstituzionalak Eusko Legebiltzarrak 1978 eta 1999 urteen artean Estatuaren biolentzia pairatutako biktimak erreparatzeko onartutako Legea de facto baliogabetu zuen. Horrela, urte horien artean Estatuaren biolentzia pairatutako biktimei aitortza eta erreparazioa emateko sortutako aukera txikia galdu zen.

Hortaz, batzuk aldebikotasunaren garrantziaz mintzo badira ere, argi dago bide horrek inora ez garamatzala. Estatu Espainiarraren izaera guztiz antidemokratikoa da, eta inolaz ere ez dio beste instituzio bati onartzen utziko horrenbeste kostata inposatu duen errelato ofiziala desegingo lukeen biktimarik badenik. Hori dela eta, anbizioz jokatzeko garaia heldu dela uste dugu. 1936. urtetik gaur egunera arteko epea aintzat hartuko duen aitortza eta erreparaziorako Lege berri integral bat idatzi eta martxan jartzeko garaia da: giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktima orori babesa eta sostengua emateko; errekonozimendua urte jakin batzuen baitara mugatuko ez duen denbora-eperik gabe; eta eskaerak aurkezteko mugarik gabe.


Egia edo egiak:

Gure artean jada ez daudenak oroituz, gure herriaren historiari, gertatutako guztiari eta memoriari ekarpen bat egiten ari gara. Guretzat, gertatu dena eta nola gertatu den bakarra da, egia da. Gertakari horien interpretazioak berriz, pluralak dira, eta hala behar dute izan, gatazka kalitatezko prozesu batekin gainditzeko eta berriro ez errepikatzea bermatzeko.

Hori dela eta diogu egia poliedrikoa dela: bakarra delako, baina alde, erpin eta ertz ugarikoa. Ikuspuntu honekin soilik lortuko dugu errelato bakarraren inposizioa eta irabazle-galtzaile logika gainditzea, hori batzuentzat haien doktrina sostengatzeko oinarri bada ere.


“Gatazka hau konponbidean jartzeko bidezko irtenbide demokratiko bat, pertsona ororentzat eskubide guztiak bermatuko dituena”

Hori izan zen Santi eta Josuren borrokaren leitmotiva. Hori da haiek utzitako ondarea, markatu ziguten bidea. Gatazkaren ondorio guztiei behin-betiko aurre egiteko garaia da, arduraz jokatzeko momentua. Herri honetako agente guztiak bide hori jorratu behar dugu, eragile politikoak, sindikalak eta gizarte zibila.

Helburua argia da: bizi izandako tragedia berriro errepikatu ez dadila bermatzea. Horretarako, ezinbestekoa eta urgentziazkoa da oraindik dirauten indarkeria formak behin-betiko amaitzea. Ezinbestekoa da pertsona guztien eskubide guztiak babestu eta errespetatzea. Ezin dira errepikatu Kepa del Hoyorena bezalako heriotzak, edota Ibon Iparragirre pairatzen ari den moduko giza eskubideen urraketa bortitzak. Gure babes eta indar osoa adierazi nahi diegu gaurkoan hauen senitarteko eta lagunei.

Santi eta Josuk haien bizitzak bakea eta askatasunaren alde borrokatuaz eman zituzten, horren aldeko ahalegin sutsua egin zuten. Gaurkoan Errekalde eta Ametzolara bueltan etorri gara, marraztu ziguten bide hori jarraitzeko prest gaudela gogorarazteko, eta gertu, oso gertu, sentitzen ditugula esateko. Zuon memoriak bizirik dirauen artean, Josu eta Santi, egin zenuten ekarpena ere gogoan izango dugu.