Biktimen arteko diskriminazioaren aurrean, memoria osoa

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean Euskal Herriko hainbat memoria eragilek “Memoria osoa” ekimena aurkeztu dugu, Gasteizen proiektatuta dagoen "Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala" diskriminatzailea dela salatzeko. Aurkeztutako manifestuari atxikimendua emateko kanpaina abian da jada, memoriaosoa.eus webgunean.

Euskal Herria Memoria duen herria da. Asko dira gure zauri irekiak eta ez ditugu ahaztu nahi indarkeria-adierazpen ugarik eragindako marka horiek. Gure nahia da inork ez dezala inoiz, ez hemen, ez inon, gauza bera jasan.

Horregatik, bizikidetza eraikitzeko erabaki irmoa dugu, inolako bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko memoria, alegia.

Erronka horrek kolektiboa izan behar du, bizikidetza ikuspegi integral batean oinarritua, azken hamarkadetako sufrimenduaren mapa osatzen duten errealitateak argazkitik ezabatu gabe.

Gasteizen egoitza duen "Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala" gaitzetsi nahi dugu. Gure iritzian, proiektu hau une honetan sustatu behar dugun bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako bidean doa.

Gure memoria kolektiboari biktimen errealitatearen zati bat baztertuz helduko dion zentro hau dugu aurrean. Hori bizikidetzarako arazoa da. Une historiko honetan, Giza Eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eraikitzaileak eta integralak behar ditugulako.

Ondorioz, dei hau egiten diegu Euskal Herriko erakundeetako ordezkari guztiei, hezkuntza-komunitateari eta eragile politiko eta sozial guztiei:

  • "Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala"-ren planteamendu diskriminatzailea ez onartu
  • Memoria Osoan oinarritutako dinamikak bultzatu, Giza Eskubideen urraketa guztiak barne hartuz
  • Bizikidetza eraiki, bazterketarik gabe

Gaurtik aurrera martxan da Memoria Osoa webgunea (www.memoriaosoa.eus), bertan gaur aurkeztu dugun manifestuarekin bat egiten duten norbanako, eragile edo erakundeek euren atxikimendua emateko.