Datorren urtarrilaren 16an 40 urte beteko dira Karlos Saldise hil zutela. Urteurren hori behar bezala gogoratzeko Egiari Zor Fundazioak eta Lezoko Karlos Saldise herri batzordeak hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu ditu.
Karlos Saldise Korta pasaitarra zen jaiotzen, baina Lezon bizi zen. 70eko hamarkada amaieran garaiko borroka sozialekin konprometitutako pertsona izan zen, eta horregatik parte hartzen zuen Amnistiaren Aldeko Gestoren mugimenduan eta joaten zen bisitan sarritan Estatu espainiarreko kartzeletara.
Hori dela eta, denbora luzez hainbat heriotza mehatxu jaso zituen bere lanpostuan. Etxea zenbaitetan ere arakatu zioten.
Karlosen erailketa baino hilabete batzuk lehenago, Iñaki Kijera Donostiarra hil zuen poliziak, manifestazio batean parte hartzeagatik. Horren harira antolatu ziren protestetan Karlos zauritu egin zuten: begi bat galtzear egon zen gomazko pilotakada jaso ondoren.
Azkenean, 1980ko urtarrilaren 16an, hogeita hamahiru urte zituela, talde parapolizialek tiroz hil zuten bere Lezoko etxeko atarian.
Estatu terrorismoak hil zuen. Bi talde parapolizial ezberdinek aldarrikatu zuten erailketa: Batallón Vasco Españolek, Eginen; eta Grupos Armados Españolesek (GAE) Diario Vascon.
Hala ere, garaian ikerketa ofizialik ez zen egon. Hiru hilabete pasa zirenean auzia artxibatu egin zuten eta egun, oraindik, zigorgabe dirau, talde parapolizialek eragindako kasu gehienen antzera.
70eko eta 80ko hamarkadetan Estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko. Francoren gobernuaren egiturek, SECEDek eta informazio zerbitzu militarrek jarri zuten martxan gerra zikin hori, baina UCDren gobernuaren garaian, “Trantsizio Demokratikoa” deritzonaren garaian, hain zuzen ere, jarraipena izan zuen.
Estatu terrorismoaren lehen belaunaldi horrek ATE, GAE, Triple A edo Batallón Vasco Español bezalako siglapean egin zituen erasoak. Beranduago heldu zen GAL, PSOE gobernura heltzearekin batera.
Karlos Saldise ez zen izan Estatu terrorismoaren biktima bakarra. Izen-abizenak, tamalez, hamarnaka dira. Gutxinez 79 pertsona gehiago hil zituen gerra zikinak, Euskal Herriko hainbat txokotan: Astigarragan, Oreretan, Andoainen, Loiun, Alonsotegin, Ziburun, Biarritzen, Kanparazarren…
Inolako alderdi politikok, inolako gobernuk, ez du egundo erantzunkizunik bere gain hartu.
Ez dago biktimariorik gabeko biktimarik. Estatu Terrorismoa praktikatu eta ahalbidetu zutenek izen-abizenak eta siglak dituzte. Erantzunkizunak dituzte.
Heldu da pauso hori emateko garaia. Heldu da garaia argitzeko zein diren krimen horien ardura zuzenak eta zeharkakoak.
Egiari Zor Fundazioak lan horretan dihardu azken urteotan, 2012. urtean sortu zenetik. Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan Estatuen biolentziak hildako pertsonen senideek, zaurituek eta torturak jasandakoek osatzen dugu. Gure xedea da lan egitea Estatuaren orotariko biolentziak jasan dituzten biktimen eskubideen defentsan, euskal gatazka politikoan gertatutako guztia ezagutu eta ezagutzera emateko; eta aitortza eta erreparazio maila berbera ziurtatzeko biktima guztiei.
Ezin onartu edo justifikatu daiteke Estatuko botereek terrorismoa baliatu izana modu guztiz zigorgabean giza eskubideak urratzeko eta erailtzeko, eta bitartean, guk jarraitzea egia jakiteko dagokigun eskubidearen jabe izan gabe.
Behingoz exigitzen dugu bertan behera utzi daitezela egia jakiteko eskubidea baldintzatzen diguten legeak, eta desklasifikatuak izan daitezela gertatutakoa ezkutuan mantentzen duten dokumentu ofizialak. Exigitzen dugu argitu daitezela krimenak eta dagokionak bere gain hartu ditzala ardurak. Egin diezaiogun aurre Estatu terrorismoaren errealitateari zintzotasun demokratikoarekin, Karlosena bezalako erailketak, zauriak, bahiketak eta orotariko giza eskubideen urraketak argitzeko
Estatu espainiarreko eta Euskal Herriko hainbat sektore ideologikok abiada biziko lasterketari ekin diote dagoeneko, azken hamarkadetan gertatutakoaren inguruko kontakizuna idaztea helburu, aldebarkartasunetik eta era guztiz partzialean.
Laister beteko dira 40 urte Karlos hil zutenetik, eta argi eta garbi aditzera eman nahi dugu ez dugula gehiago onartuko Estatuak gatazkaren testuinguruan praktikara eramandako biolentziak ukatzerik errelato zehatz bat modu interesatuan indartzeko helburuarekin. Neurgailuak, ezinbestean, berbera behar du izan biolentzia politikoaren ondorioz hildakoez ari garenean. Ezinezkoa da biolentziaren jatorriaren araberako kategorizazioak egitea, horrela biolentzia normalizatu besterik ez dugulako egiten. Eta bide horretan, Euskal Herriko erakundeen konpromisoa ezinbestekoa zaigu.
Gure senitartekoei lapurtu zizkieten biziak kultura etiko berri bat abiatzeko lagungarri izan daitezela soilik nahi dugu, pertsona guztien giza eskubideen errespetua oinarri izango duen euskal jendarte berri bat eraikitzeko.
Egia, aitortza, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat. Egia, Karlosena bezalako heriotzak berriro gertatuko ez direla bermatzeko.