Jon Ugutz Goikoetxearen heriotzaren inguruko egia jakiteko garaia da. Indarrean dagoen bertsio ofizialak ez du bat egiten gorpuak zuen bala zauriarekin.
Duela 50 urte Elizondon Guardia Zibilarengandik ihesean zebilela hilik suertatu zen Jon Ugutz Goikoetxea. Haren heriotzari buruzko bertsio ofizialak erantzukizunetik salbuesten du Guardia Zibil frankista, gorpuak ordea bala-zauria zuen garondoan; Horregatik, bizkarretik erahil zutela susmo sendoa dugu.
Hemen Egiari Zor Fundazioaren hitzartze osoa:
Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira indarkeria eta konfrontazio armatuaren hamarkada luzeen ondorioz. Gure geografian hainbat indarkeria egon dira, eta giza eskubideen urraketa eragin dituzte; mina eta sufrimendu haundia.
Zorionez, indarkeriaren biktima batzuk aitortuak izan dira eta Legeak ematen dizkieten eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienentzat ordea, abiapuntua oso bestelakoa da; urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin.
Zehazki, poliziaren indarkeriaren, salbuespeneko espetxe-politikaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren, torturaren, FOP edo FSErekin izandako liskarren ondorioz hil zirenei buruz hitz egiten dugu. Izan ere kasu gehiegitan, bertsio ofizialak eraikitzeak poliziaren ekintza justifikatuz, heriotzak naturaltzat joz edo hildakoa bere heriotzaren erantzule eginez, benetako krimenak ezkutatzeko balio izan du.
Heriotza horietako askoren inguruan gertatutakoaren egia itzalez eta argitu gabeko galderez inguratuta dago oraindik. Gaurkoan Deriora ekartzen gaituena bezala: duela 50 urte Elizondon Guardia Zibilarengandik ihesean zebilela hilik suertatu zen Jon Ugutz Goikoetxearena. Haren heriotzari buruzko bertsio ofizialak erantzukizunetik salbuesten du Guardia Zibil frankista, gorpuak ordea bala-zauria zuen garondoan; Horregatik, bizkarretik erahil zutela susmo sendoa dugu.
Kasu hau argitu lezakeen dokumentazioak, Konstituzioaren aurreko lege batek blindatuta jarraitzen du gaur egun. Sekretu ofizialei buruzko Legearen indargabetzea dagoeneko errealitate ez izatea, indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hau eta beste asko argitzeko borondaterik ezaren beste froga bat da; frankismo garaian, trantsizioan eta ustezko demokrazia honetan gertatutakoak.
Lege honek dio babestu egiten dituela “baimendu gabeko pertsonek Estatuaren segurtasuna eta defentsa kaltetu edo arriskuan jar ditzaketen gaiak, egintzak, dokumentuak, informazioak, datuak eta objektuak "; Zer ezkutatzen dute zuzenbide-estatuaren zimenduetan? Ez al da izango, arriskuan dagoena Estatuaren izaeraren beraren sinesgarritasuna?
Izan ere, trantsizioari, gerra zikinari, 23F planari, ZEN planari, Navajas txostenari, edota GAL-i buruzko egia argitara aterako litzateke.
Etxebarrietaren, Jon eta Mikel Goikoetxearen, Juanan Arangurenen eta beste batzuen heriotzen inguruko Egia ezagutzeko aukera izango genuke; hala nola Germán Rodríguezen, Jose Miguel Etxeberriaren, Pasaiako badiaren, Muruetagoienaren, Urigoitiaren, Aldana tabernaren edota Almeria kasuaren ingurukoak ere.
Argi dagoena da 1968ko Lege hau oraindik ere egia jakiteko eskubidea murrizten digun legezko mekanismo bat dela. Estatuaren indarkeria jasan genuen pertsonen aitortza-bidean, Lege honek oztopo bat izaten jarraitzen du. Era berean, Lege honek dagoeneko babesten dituenen inpunitatea iraunkortzeko eta giza eskubideen aurkako balizko komisio edo portaera berrien aurrean inpunitate berbera ahalbidetzeko balio du.
Inpunitate horrek krimen horiek gertatzea ahalbidetzeaz gain, hainbat hamarkadatan betikotzea ahalbidetu du, gutako askorengan "in-justizia espainiarra" bizitako giza tragediaren erantzule ere badela uste sendoa sortuz.
Izan ere, indarkeriaren, egiaren eta justiziaren monopolioa Estatuan bertan dago. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako Estatuak gatazkaren testuinguruan aplikatzen duen justizia-eredua erabateko desorekakoa izatea, non indarkeriazko eragile batzuengan legearen pisu guztia erortzen den, eta beste eragile bortitz batzuengan, zehazki gure sufrimenduaren erantzuleentzat, inpunitatea besterik ez dagoen.
Indarkeriak horrela kategorizatzeak ahalbidetzen du gainera, biktimak jasandako biolentziaren arabera sailkatzea. Biktima batzuek egia eta justizia gauzatzeko eskubidea izatea, eta beste batzuek, berriz, soilik eta kasurik onenean, pairatu genuena aitortzeko administrazio-prozesu baterako eskubidea;
Erakundeek naturaltasun osoz onartzen dute ez egotea inolako ondoriorik gure senideen hilketen erantzuleentzat, izanik gainera gure oinarrizko eskubideen ustezko bermatzaileak.
Nahikoa da. Ezin dugu onartu zigorgabetasuna normalizatzen jarraitzea, Estatu-krimenak makillatzen eta justifikatzen dituzten terminoak erabiltzeari utzi behar zaio; Izan ere, horrela lortzen den gauza bakarra da ondorioak gutxitzea, erantzukizunak lausotzea eta kolpatu gintuen indarkeria legitimoa delaren ideia zabaltzea. Ez dezagun ahaztu: giza eskubideen urraketa larriak dira.
Egia jakiteko eskubidearen nazioarteko egunaren atarian gaude, eta argi dago arrazoi asko ditugula eskubide hori gauzatu ahal izatea eskatzen jarraitzeko.
Egia jakiteko garaia da.
Sekretu Ofizialen Legea indargabetu beharra dago, Bertsio ofizialen kutxa iluna ireki eta Egiarako dugun eskubidea gauzatzea ahalbidetu behar zaigu, guri zein gizarte osoari.
Onbideratze demokratikoaren kontua da, borondatea, giza eskubideekiko konpromisoa eta pedagogia etikoa eskatzen dituena ulertzeko, demokrazian Egia ere agindu etiko gisa eratu behar dela.
50 urte pasa dira dagoeneko, Jon Ugutzen heriotzaren inguruko egia osoa jakiteko garaia da.