Egia jakiteko garaia da

Manuel Urionabarrenetxearen - eta Juan Oiarbideren- zein Juan Luis Lekuonaren -eta Agustin Arregiren- heriotzei buruz emandako bertsio ofizialak ez datoz bat lekukoek aurkeztutako gertakarien kontakizunarekin.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira hamarkada luzeetako indarkeria eta konfrontazio armatuaren ondorioz. Gure geografian hainbat indarkeria egon dira, eta giza eskubideen urraketa eragin dute; mina eta sufrimendu handia.
Indarkeriaren biktima batzuk aitortuak izan dira eta Legeak ematen dizkieten eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienontzat ordea, abiapuntua oso bestelakoa da; urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin.

Zehazki, poliziaren indarkeriaren, salbuespeneko espetxe-politikaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren, torturaren, FOP edo FSErekin izandako liskarren ondorioz hil zirenei buruz hitz egiten dugu. Izan ere kasu gehiegitan, bertsio ofizialak eraikitzeak poliziaren ekintza justifikatuz, heriotzak naturaltzat joz edo hildakoa bere heriotzaren erantzule eginez, benetako krimenak ezkutatzeko balio izan du.

 

Heriotza horietako askoren inguruan gertatutakoaren egia itzalez eta argitu gabeko galderez inguratuta dago oraindik. Gaurkoan Busturira ekarri gaituena bezala: duela 38 eta 33 urte Guardia Zibilak Juan Luis Lekuona eta Manu Urionabarrenetxea busturiarrak hil zituen Hernanin eta Irunen, hurrenez hurren. Haiekin batera Agustin Arregi eta Juan Maria Oiarbide ere hil zituzten.

Bi kasuetan, iturri ofizialek lehenengo momentutik Intxaurrondoko Guardia Zibilaren operazioen ondorioak justifikatu zituzten, argudiatuz hilik suertatu zirenek tiroz jaso omen zutela Guardia Zibila.

Bi kasu hauetan ordea gertatutakoaren inguruko lekukoen testigantzek kolokan jartzen dute bertsio ofiziala, izan ere pertsona hauen hilketa justifikatzeko erabilitako argudioa ezeztatu zuten lekukoek. Hortaz, Guardia Zibilaren operazio hauen benetako helburua ere zalantzan jarri beharra dago, atxilotu edo hil egin nahi zituzten?

Bi kasu hauek argitu lezakeen dokumentazioak, Konstituzioaren aurreko lege batek blindatuta jarraitzen du gaur egun. Sekretu ofizialei buruzko legearen indargabetzea dagoeneko errealitate ez izatea, indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hauek zein beste asko argitzeko borondate ezaren beste froga bat da; frankismo garaian, trantsizioan eta ustezko demokrazia honetan gertatutakoak.

Lege honek dio “baimendu gabeko pertsonek Estatuaren segurtasuna eta defentsa kaltetu edo arriskuan jar ditzaketen gaiak, egintzak, dokumentuak, informazioak, datuak eta objektuak babestu egiten dituela. Zer ezkutatzen dute zuzenbide-estatuaren zimenduetan? Ez al da izango, arriskuan dagoena Estatuaren izaera beraren sinesgarritasuna?

Izan ere, trantsizioari, gerra zikinari, 23F planari, ZEN planari, Navajas txostenari, edota GAL-i buruzko egia argitara aterako litzateke.

Argi dagoena da 1968ko lege hau oraindik ere egia jakiteko eskubidea murrizten digun legezko mekanismo bat dela. Estatuaren indarkeria jasan genuen pertsonen aitortza-bidean, lege honek oztopo bat izaten jarraitzen du. Era berean, lege honek dagoeneko babesten dituenen inpunitatea iraunkortzeko eta giza eskubideen aurkako balizko komisio edo portaera berrien aurrean inpunitate berbera ahalbidetzeko balio du.

Inpunitate horrek krimen horiek gertatzea ahalbidetzeaz gain, hainbat hamarkadatan betikotzea ahalbidetu du, gutako askorengan "in-justizia espainiarra" bizitako giza tragediaren erantzule ere badela uste sendoa sortuz.

Izan ere, indarkeriaren, egiaren eta justiziaren monopolioa Estatuan bertan dago. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako Estatuak gatazkaren testuinguruan aplikatzen duen justizia-eredua erabateko desorekakoa izatea, non indarkeriazko eragile batzuengan legearen pisu guztia erortzen den, eta beste eragile bortitz batzuengan, zehazki gure sufrimenduaren erantzuleentzat, inpunitatea besterik ez dagoen.

Indarkeriak horrela kategorizatzeak ahalbidetzen du gainera, bortxa pairatu duten pertsonak jasandako biolentziaren jatorriaren arabera sailkatzea. Batzuek egia eta justizia gauzatzeko eskubidea izatea, eta beste batzuek, berriz, soilik eta kasurik onenean, pairatu genuena aitortzeko administrazio-prozesu baterako eskubidea;

Erakundeek naturaltasun osoz onartzen dute ez egotea inolako ondoriorik gure senideen hilketen erantzuleentzat, izanik gainera gure oinarrizko eskubideen ustezko bermatzaileak.

Nahikoa da. Ezin dugu onartu zigorgabetasuna normalizatzen jarraitzea, Estatu-krimenak makillatzen eta justifikatzen dituzten terminoak erabiltzeari utzi behar zaio; Izan ere, horrela lortzen den gauza bakarra da ondorioak gutxitzea, erantzukizunak lausotzea eta kolpatu gintuen indarkeria legitimoa zelaren ideia zabaltzea. Ez dezagun ahaztu: giza eskubideen urraketa larriak dira.

Aipatu behar ditugu EHUko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek Txabi Etxebarrietaren autopsiari buruzko azterketaren emaitzak. Emaitza horiek exekuzio extrajudizial bat aurreikusten dute, bertsio ofizialarekin kontrajarriz.
Gauza bera gertatu da 2016/12 Legearen Balorazio Batzordeak Zabalza kasuari buruz emandako ebazpenarekin, bertsio ofiziala sinesgaitza dela ondorioztatu egin da, beste kasu batzuetan bezala.

Argi dago beraz, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu beharra dago, Bertsio ofizialen kutxa iluna ireki eta gizarte osoari Egiarako duen eskubidea ahalbidetu behar zaio.

Onbideratze demokratikoaren kontua da, borondatea, giza eskubideekiko konpromisoa eta pedagogia etikoa eskatzen dituena, ulertzeko, demokrazian Egia ere agindu etiko gisa eratu behar dela.
Hamarkada asko igaro dira dagoeneko, Juan Luis eta Agustin, Manuel eta Juanen heriotzen inguruko egia osoa jakiteko garaia da.