Topaketa Donostian izan zen, eta Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten erakundeetako hainbat ordezkarik parte hartu dute bertan, Egiari Zor tarteko, ETAren 7 biktimarekin batera.
Karmen Galdeanok Egiari Zor Fundazioaren ordezkari gisa parte hartu zuen topaketan, eta honako adierazpena irakurri zuen:
Estatuaren indarkeria jasan duten biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioko ordezkari gisa, eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur hemen egoteagatik, eta esan nahi dizuegu izugarri baloratzen dugula horrenbeste sufritu duzuenok erakusten duzuen ausardia, horrelako espazioetan zuen esperientzia pertsonaletik abiatuta ekarpen positiboa egiteagatik.
Guk ere mota honetako ariketen alde egiten dugu, sufritu dugun mina bertute bihurtzearen alde. Gaurkoan egin duzuen ekarpena, zuen bizipenak eta eskariak azalduz, norbanakoetatik kolektiboetara, ezinbestekoa da.
Gure iritzitan, eta hala aldarrikatzen dugu beti, Euskal Herrian gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiek ikusgarritasun eta argitze maila bera behar dute izan, batzuk ukatu, ezkutatu edo minimizatzeko izan den joera behingoz alboratuz. Urraketak berdinak izan badira, berdinak behar dira izan horiek sorrarazi dituzten biktimei aitortzen zaizkien eskubideak.
Heriotzak, epaiketarik gabeko exekuzioak, behartutako desagertzeak, zauriak, torturak, mehatxuak eta, oro har, giza eskubideen urraketa guztiak dramak dira, drama indibidualak eta kolektiboak. Ezagutu, ezagutzera eman eta konpondu beharreko dramak.
Egiari Zorren ustez, gaurko topaketaren argazkia gure herrian bizi izan dugun porrot kolektiboaz mintzo zaigu: inork ez zuen jakin giza eskubideen urraketen etengabeko korapiloa gelditzen. Elkarrizketarako, akordiorako, negoziaziorako, enpatiarako bide guztiek huts egin zuten, inoiz gertatu behar ez ziren eta denboran zehar luzatu ziren gertaerei amaiera emateko.
Gaur hemen gauden pertsonetariko batzuk horren ondorio gara. Inoiz gehiago ezin da horrelakorik errepikatu.
Horretarako, elkarbizitzaren eraikuntzan inplikatu behar dugula uste dugu. Gizarte berri hau blindatu behar dugu, bizi izan dugun ezer ezin dadin inoiz berriz errepikatu.
Hori posible izango da gertatutakoaren egia osoa ezagutzen dugula bermatuta, eta inoiz ahaztu gabe.
Hala ere, erronka horiek konplexuak izaten jarraitzen dute egungo egoeran. Oraindik ere indarkeriazko adierazpenek bere horretan diraute, adibidez, salbuespenezko espetxe politikak, eta ondorio tragiko eta konponezinak eragiten dituzte, esaterako Igor Gonzalez Solaren heriotza joan den ostiralean, irailaren 4an, hain zuzen ere.
Sufrimendua eragiten jarraitzen duten salbuespen baldintza horiekin amaitu behar dugu behingoz; oraindik ezagutzen ez dugun guztia ezagutzeko mekanismoak ezarri behar ditugu, nahita ezkutatua izan den guztia argitara ateratzeko; eta biktima guztiak berdintasunez aitortu eta erreparatzeko legezko markoa eraiki behar da, berdintasun printzipioan oinarrituta, memoria inklusiboa, poliedrikoa, posible izan dadin, gertakari bat bera ere justifikatu nahi izan gabe, baina ezer ahaztu gabe, gertatutako guztiaren berri emateko.
Ezerk eta inork ez digu itzuliko dagoeneko galdu duguna, baina elkarrekin eraiki dezakegu, berriro gertatuko ez dela bermatzeko.
Biktima izatea ez da hautatzen den zerbait, tokatzen dena baizik. Tamalez, hori da gaur hemen gauden zenbait pertsona harremanatzen gaituen errealitate mingotsa. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da gogoratzea ez dugula bloke homogeneo bat ordezkatzen, ez zuek, ez guk, ez gu guztiok elkarrekin. Eta ezaugarri hori nabarmendu nahi dugu: gure aniztasun ideologikoak, gure ibilbide pertsonal askotarikoak eta gure desberdintasunek, gure gogoetak aberasten dituzte.
Amaitzeko, zubien eraikuntzan egin duzuen ekarpena berriro ere nabarmendu nahi genuke, zalantzarik gabe elkarrizketarako giro lasaia sortzen lagundu baitu, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko funtsezkoa dena dudarik gabe. Eskua luzatzen dizuegu oraindik aurretik dugun bidea elkarrekin egiten jarraitzeko.