Egiarako eskubidea gauzatzea ezinezkoa da ikerketa eraginkorrarekin eta informazio egoki bat eskuratzeko aukerarekin elkarlotuta ez badago. Eta hau, funtsezko kontua da ulertzeko zergatik gaur egun Gatazka politikoaren testuinguruan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa askoren inguruan egia ezartzeko lanean jarraitzen dugun.
Giza eskubideen arloko nazioarteko legeriak eta egia jakiteko nazioarteko eskubideak ez dute bereizketarik egiten jasandako indarkeriaren jatorriaren arabera, ezta urraketa hauek jaso zuten pertsonen kondizioaren inguruan ere. Guztiontzako berdina da, gizakiak berezkoa baitu.
Prentsaurrekoan, salatuko dugu gatazkaren testuinguruan Estatuaren bortxa pairatu dugunon egiarako eskubidea legez ukatzen zaigula, Sekretu Ofizialen Legea dela medio; Baita aitortzarako bidean Bertsio Ofizialek zein Sekretu Ofizialen Legea ere, oztopo izaten jarraitzen dutela.
Aldarrikatuko dugu, Egiarako dugun eskubidea ezinbestez ahalbidetu behar zaigula, bertsio ofizialen kutxa iluna ireki beharra dagoela eta behingoz Sekretu Ofizialen Legea indargabetu behar dela.