Egiari Zorrek EAEko udalei informazioa zabaltzen laguntzeko eskaera egingo die, Estatuaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Legearen inguruan

Horretarako, mozioa aurkeztuko dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Udaletan. Dagoeneko aho-batez onartu dute Elgoibarko Udalean, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemosen babesarekin. ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CNT, HIRU eta Etxalde sindiikatuek ere oharra kaleratu dute, ekimenari babesa emanez eta beren afiliatuei dei eginez eskaerak aurkeztera.

Bilbon emandako prentsaurrekoan, Enkarni Blancok eta Ane Muguruzak ekimenaren xehetasunen inguruan hitz egin dute:

Pasa den urtean ireki zen 12/2016 Legearen baitan eskaerak egiteko epea, zeinaren bidez babesa, aitortza eta erreparazioa eskaini asmo zaien Estatuak praktikara eramandako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei.

Zehazki, 1979ko urtarrilaren 1etik 1999ko abenduaren 31ra bitartean gertatutako kasuek 2021eko abbendura arte dute beren eskaerak aurkezteko epea.

Lege honen helburua da aitortzea eta erreparatzea funtzionario publikoek eragindako giza eskubideen urraketak, beren eginkizunetan ari ziren bitartean edo kanpo; eta partikularrek eragindakoak, izan taldean edo modu isolatuan, indibidualki eta kontrolik gabe, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, EAEko herritarren aurka edo garaian bertan bizi ziren beste erkidego batzuetako pertsonen aurka.

Hortaz, Lege honek babesa eman asmo die 1979tik 1999ra bitartean estamentu ofizialek babestutako edo praktikara eramandako indarkeriaren ondorioz eraildako pertsonei, tortura jasan zutenei eta zaurituei.

Egia Zor Fundazioak positibotzat jotzen du lege hau martxan jartzea, gertatutakoa argitzen eta, ondorioz, bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen duelako, giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsona askoren aitorpen ofiziala eta instituzionala ahalbidetuz.

Estatuaren biolentzia pairatu genuonontzat Legea bera aurrerapauso bat da oraindik egiteko dugun bidean, aitorpen- eta erreparazio-esparru integral eta berdintasunezkoa lortu arte, zeinak arreta jarriko duen jasandako urraketan, eta ez jasandako indarkeriaren jatorrian.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa dela uste dugu biktima guztiek eskaerak izapidetzea horretarako ezarritako epeen barruan, jasandako kaltea aitortua izan dadin. Norbanakook jasandako eskubide urraketen aitortzak lagunduko baitu Estatuak gure kontra praktikara eramandako biolentziaren erradiografia osoa zein den osatzen.

Ehunka dira 1979tik 1999ra bitartean Estatuaren aldetik giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonak; eta irailaz geroztik Legearen baitan eskaerak aurkezten hainbat pertsonari laguntzen ari garen arren, nahasmena eta desinformazioa antzeman ditugu. Adibidez, "Euskadiko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan" parte hartu zuten torturaren biktima askok uste dute dagoeneko aurkeztu dutela eskaera, eta hori ez da horrela.

Funtsezkoa da guretzat Lege honen babesa jaso dezaketen pertsona guztiek informazio zehatza izatea. Horregatik, baloratu dugu interesgarria dela EAEko udalek ere herritarrei informazioa emateko prozesuan parte hartzea. Helburu horrekin, mozio bat aurkeztea erabaki dugu, honako helburuak dituena:

  1. Legearen babespean egon daitekeen interesdun orori informazioa ematea.

  2. Informazio-prozesuan, herritarrengandik hurbilen dauden tokiko erakundeak inplikatzea.

  3. Egiari Zor Fundazioaren laguntza eskaintzea pertsona orori, beharrezko izapideak egin ditzan (eskabideak aurkeztea, dokumentazioa bilatzea, etab.).

Mozioa lehenengoz atzo onartu zuen Elgoibarko Udaleko Osoko Bilkurak, eta EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemosen babesa izan zuen.

Talde politiko horien aldetik mozioak izan duen harrera ona txalotzen dugu, eta positiboki baloratzen dugu biktimentzat eta gizarte osoarentzat hain garrantzitsua den zerbaiti buruzko informazio-prozesu batean lankidetzan aritzeko proposamenak sortu duen adostasuna, biktima guztien errekonozimendua eta erreparazioa bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oinarrizko gaia baita. Datozen aste eta hilabeteetan mozioa EAEko gainontzeko udaletara ere eramango dugu.

Horrez gain, gure esker ona ere adierazi nahi diegu gaur goizean bertan, Foro Sozial Iraunkorrak egindako sustatze lanaren ondorioz, Estatuaren biolentzia jasan duten biktimen eskubideen defentsan ohar bateratua kaleratu duten sindikatu guztiei ere. Jatorri eta ideologia anitzetako pertsonak, erakundeak, eragile sozialak... Estatuaren biktimok jasaten dugun diskriminazio egoera behingoz amaitu behar dela aldarrikatzen ikustea pozgarria zaigu, benetan.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu Egiari Zor Fundazioa prest dagoela behar duen orori eskaerak aurkezten laguntzeko. Horretarako, nahikoa da gurekin harremanetan jartzea info@egiarizor.eus helbide elektronikora idatziz edo 944 045 363 telefonora deituta.