Ertzaintzak torturatutako pertsonen ordezkaritza batek ausardia eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, ekainaren 26an, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean, antolatu duen ekitaldian dagozkion erantzukizun politikoak bere gain har ditzan eta biktima horiei zor zaien egiarako eta aitortzarako eskubidea bermatzeko urratsak eman ditzan.
Gaur, Ertzaintzak torturatutako pertsonen ordezkaritza bat bildu gara hemen, ekainaren 26an "Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunari" begira aurreikusitako ospakizunen irakurketa egiteko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko behingoz aitor dezala gure biktimazioan duen erantzukizuna.
2019ko ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Eusko Jaurlaritzari egun hori ospatzeko eskatzea.
Egun hartan, torturaren hainbat biktimek osatutako Egiari Zor fundazioaren ordezkaritza bat Gasteizko parlamentura joan zen, eta bertan adierazi genuen positiboa zela gure ustetan mekanismo instituzional berri bat izatea, torturaren drama Euskal Herrian bizi izandako sufrimenduaren egiaren mapan kokatzen lagunduko zuena. Hala ere, azpimarratu genuen sinbolikotik haratago doazen pausoak ematea ere beharrezkoa zela uste genuela, neurri eraginkorrak hartuaz torturaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko, eta erantzukizunak nork beren gain hartuta.
Orain aste batzuk Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen ekainaren 26an ekitaldi instituzional bat egingo duela Estatuaren indarkeria jasan duten lehen 30 biktimak aitortzeko.
Egiari Zor Fundaziotik oso positibotzat dugu urrats hori; izan ere, beharrezkoa da, zalantzarik gabe, Estatuak egindako indarkeriaren biktima horien aitorpen publiko eta ofiziala, tartean torturatuak ere badirelarik, eta erreparazio-bidean jarriko baititu pertsona horiek jasandako giza eskubideen urraketak.
Hala ere, adierazi behar dugu ekitaldi hau ez datorrela bat Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari 2019an emandako mandatuarekin: espreski Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna ospatzea eta biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea, giza eskubideen urraketa larri horrek dakarren bidegabekeriagatik.
Jakin badakigu aitortuko diren biktimen artean torturatuak egon badaudela; baina beldur gara bi ekintzak nahastuz hasieran legez besteko proposamenak lortu nahi zuen helburua desitxuratuko ote den.
Tamalgarria deritzogu horri. Izan ere, gure ustez, bizi dugun une historiko honetan, etorkizuneko bizikidetzaren eraikuntza euskal gizartearen gehiengo handi batek bere gain hartu duen konpromisoa den honetan, aukera ezin hobea izango litzateke Eusko Jaurlaritzak torturaren biktimei aitorpen publikoa egun horretan espreski egitea, bai eta gobernu gisa dituen erantzukizunak zintzoki onartzea ere.
Erantzunkizunak aipatzen ditugunean, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzak egindako torturaren gainean dituen erantzukizunez mintzo gara, hain zuzen ere.
Izan ere, orain arte, Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizuna saihestu du, bere hipokresiari aurre ez egiteko: bere gain hartu nahi ez duena beste batzuei eskatzea. Horren inguruan ez da inolako autokritikarik egin, ezta Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako Euskadiko Torturari buruzko Txostenak Estanpuluko Protokoloa aplikatuz ziurtatu zuenean ere Ertzaintzak gutxienez 336 tortura-kasu praktikara eraman zituela EAJren gobernu garaietan.
Tortura posible izan bada, hura ahalbidetzen zuen estatu-itun bat zegoelako da. Oso ondo diseinatutako engranaje bat, non zigorgabetasuna funtsezkoa zen legez kanpoko praktika hori hamarkadetan zehar indarrean egon zedin. Eusko Jaurlaritzak ere bere papera jokatu zuen engranaje horren baitan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat hamarkadatan jasan dugu erakundeen partetik errealitate honen ukazioa, eta horrek zigorgabetasuna ez ezik, krimena betikotzea ere ahalbidetu du. Ezin ditugu ahaztu Ertzaintzako arduradun politikoek hainbatetan egin dituzten adierazpenak, behin eta berriro arbuiatuaz biktimen tortura-salaketak; ezta Lehendakariaren beraren hitzak ere, harro esan izan baitu Ertzaintza torturagatik sekula kondenatua ez dela izan. 336 kasu, txosten propio batek egiaztatzen dituenak, eta kondena bakar batek ere ez, horixe da zigorgabetasun nabarmen baten froga. Horrek lotsa eta autokritika eragin beharko lituzkeelakoan gaude gutxienez.
Poliziaren agenteek eragin dituzten giza eskubideen urraketa larrien aurrean izan duten zigorgabetasuna ezin da, inolaz ere, harro egoteko zerbait izan, pizgarri baizik, horrelakorik berriro gertatu ez dadin neurriak hartzeko.
Beraz, erantzukizun politikoak nork bere gain hartu behar ditu. Aitortza- eta erreparazio-neurri batzuk berehala jar daitezke abian; torturaren biktimek urte gehiegi daramatzagu zain. Gure ustez, horri erantzun behar dio ekainaren 26ak, eta, horregatik, Ertzaintzaren biktima gisa, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ausardiaz egin diezaiola aurre erronka honi eta aitor dezala bere erantzukizuna.