Esana da erraz eta egina garratz...batzuentzat bederen

Iritzi-artikulu honetan PSEren jarrera kontraesankorra kritikatzen dugu, udalerri batzuetan Egiari Zorren mozioaren alde bozkatzen baitu, eta beste batzuetan kontran. Mozio horretan, babesa eskatzen zaie udalei, herritarrei Estatuaren Biktimak Aitortzeko Legearen existentziari eta edukiari buruzko informazioa emateko.

2019ko irailaren 27an, azkenik, 12/2016 Legearen babespean Estatuak eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eskaerak aurkezteko epea ireki zen. Epe hori 2021eko abendura arte egongo da zabalik, eta eskaerak aurkez daitezke 1979ko urtarrilaren 1etik 1999ko abenduaren 31ra bitartean gertatutako giza eskubideen urraketen kasuetan.

Legearen helburua honakoa da: motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan funtzionario publikoek beren eginkizunetan edo beren eginkizunetatik kanpo eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea; eta taldean edo modu isolatuan, indibidualki eta kontrolik gabe jarduten zuten partikularrek eragindako eskubide urraketak aitortzea.

Hortaz, legeak babesa emango die 1979 eta 1999 bitartean estamentu ofizialek baliatutako edo antolatutako indarkeriaren ondorioz tortura jasan zutenei, zauritu zituztenei eta eraildako pertsonei.

Egiari Zor Fundazioak positiboki baloratu zuen lege hau abian jartzea, aitortzarako eta erreparaziorako esparru integral eta parekidea ezarriko ez badu ere. Baina egin beharreko bide horretan aurrera urratsa dela uste dugu, gertatutakoa argitzen lagunduko duelako eta giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsona askoren aitortza ofizial eta instituzionala ahalbidetuko duelako.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da, biktima guztiek jasandako kaltea aitortua izan dadin, horretarako eskubidea duten pertsona guztiek eskaerak aurkeztea. Norbanakoen aitortza horrek lagunduko du Estatuak gure aurka erabilitako indarkeriaren erradiografia mahaigaineratzen.

Hori dela eta, Egiari Zor Fundazioak interesgarri jo zuen EAEko udalek herritarrei Legearen existentziaren eta edukiaren berri emateko prozesuan parte hartzea, funtsezkoa baita babesa jaso dezaketen pertsona guztiek informazio zehatza izatea.

Horretarako, mozioa aurkeztu genuen Gipuzkoako udal nagusienetan, eta baita Gasteizko Udalean ere, honako helburuarekin:

  1. Legeak babesten dituen interesdun guztiei informazioa ematea.
  2. Herritarrengandik hurbilen dauden tokiko intituzioak informazio-prozesuaren parte egitea..
  3. Berriro ere Egiari Zor Fundazioaren laguntza eskaintzea eskaerak aurkeztu nahi dituen pertsona orori laguntzeko (eskabideak aurkeztea, dokumentazioa bilatzea, etab.).

Mozio hori 2020ko irailaren 30ean aurkeztu eta onartu zen Elgoibarko Udaleko Osoko Bilkuran, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin-Podemosen babesarekin.

Talde horien babesa Gipuzkoako beste udal batzuetan ere islatu da, hala nola Hernanin, Irunen, Arrasaten, Ordizian, Asteasun, Oiartzunen, Lezon, Oñatin, Usurbilen, Urnietan, Astigarragan, Zizurkilen…

Udal horietan guztietan ordezkatuta dauden taldeek mozioari eman dioten babesa eskertzen dugu. Jatorri politiko eta ideologiko anitzetako ordezkari publikoek Estatuko biktimok jasaten dugun diskriminazio egoerarekin behin betiko amaitu behar dela aldarrikatzearekin bat egiten dutela egiaztatzea oso pozgarria iruditu zaigu.

Ez da, ordea, horrelakorik gertatu beste udal batzuetan, non mozioak aurrera egin duen PSEren babesik gabe, hala nola Bergaran, Hondarribian edo Gasteizen.

Kasu horietan alderdi horrek biktimentzat eta, oro har, gizartearentzat, horren garrantzitsua den zerbait lortu nahi duen mozio baten aurka bozkatu du: bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekoa den biktima guztien aitortza eta erreparazioa.

Egiari Zor Fundazioarentzat kontraesankorra da talde sozialistak herri batzuetan mozioari babesa ematea eta beste batzuetan kontra bozkatzea. Horrez gain, gehitu nahi genuke ez genuela oposizio hori espero, PSEk lege honen alde bozkatu baitzuen Eusko Legebiltzarrean. Hala ere, badirudi legearen ibilbidea garatu eta erraztu behar duenean, ez duela hain argi bere aldekotasun hori. Arau juridiko bat babesten ostean, ez dirudi logikarekin bat datorrenik tokiko erakundeei lege horren berri emateko inplikazioa eskatzen dien mozio baten aurka agertzea.

Kezkatu eta tristetu egiten gaitu, halaber, talde sozialistaren ordezkariak joan den asteartean Gasteizko Udaleko osoko bilkuran fundazio honek aurkeztutako mozioaren aurka dagoela adierazteko erabilitako tonu gogorrak, alderdi horrek berak Gipuzkoako hainbat udaletan mozioa babestu duenean.

Uste dugu kontraesankorra dela lege honen garapenaren kontra agertzea, giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona guztien aitortzaren beharra aipatzen den bitartean, bizi izan dugun tragedia ez errepikatzeko bermea memoria dela esaten den artean, edoprintzipio etikoak behin eta berriz aipatzen diren artean. Ezinbestekoa da legeak aitortu asmo dituen pertsona guztiek legearen berri izatea, eta bere edukia zein den ezagutzea.

Agian, lege honek aitortutako milaka pertsona egotea (gogora dezagun Eusko Jaurlaritzaren torturaren txostenaren arabera gutxienez 4113 direla kasuak) ez da bateragarria batzuek ezarri nahi diguten kontakizunarekin. Espero dugu hori ez izatea mozioaren kontra agertu izanaren arrazoia, beste batzuetan esan dugun bezala, giza eskubideen urraketa bakar bat ere ez baita ahanzturan geratu behar. Elkarbizitza demokratikoak berekin dakar pertsona guztiei dagozkien eskubideak bermatzea.

Amaitzeko, esan nahi dugu Egiari Zor Fundazioak prest jarraitzen duela eskaerak tramitatzen laguntzeko, hala eskatzen duen pertsona orori. Horretarako, nahikoa da gurekin harremanetan jartzea, info@egiarizor.eus helbide elektronikora idatziz edo 944 045 363 telefonora deituz.