Estatu terrorismoa ez da soilik GAL izan

Bizikidetza demokratikoaren kontzeptuak eskatzen du konfrontazio armatuaren ondorioak gainditzea, pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea, baina baita indarrean dagoen gatazka politikoaren zergatiei heltzea ere. Izan ere, bizikidetza demokratikoko parametro batzuen gainean bere burua garatu nahi duen gizarteak nahitaez bere orainaldia eta etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea baliatu ahal izan behar du .


38 eta 33 urte igaro dira Santi eta Josu hil zituztenetik.

Laster mende-erdi beteko da GAL-en aurretik zeuden Estatuari lotutako talde armatuen lehen ekintzak. Euskal Herriko kaleetan min, sufrimendu eta inpunitate handia utzi zutenak.

 

Adin jakin bat dugunok, hainbestetan entzun dugu Zuzenbide Estatuaren tresnekin indarkeriari aurre egin ziotenaren dogma, harrigarria dena, Felipe Gonzalezen Gobernuko goi-kargudun ohi batek gerra zikina erabili zutela argi eta garbi onartzeak ekarri duen paradigma-aldaketa (inork aipatu ez arren). Aitortu ditu inoiz epaitua izan ez zen delituak, eta sartu da halako konplot edo gailur organiko batean, berak aginduak ematen zituela eta mertzenarioek eta Estatuko Segurtasun Indarretako kideek men egiten zietela eta bete egiten zituztela aitortuz.

 

Barrionuevo bezalako pertsonaien adierazpenen alderdirik maltzurrena da ez dituztela biktimenganako erreparazio moralaren ikuspegitik egiten, edo gertaera ilunak argitzeko asmoz, ez. Baizik eta egin beharrekoa egin zutelaren ideian berrezteko; Egin zutena egin zuten egin zezaketelako.

Aspaldi ohartarazi genuen, etengabe norabide bakar batean autokritika-eskakizunak egiteak oso mezu arriskutsua zabaltzen zuela. Behin eta berriz esan genuen: gure sufrimenduaren arduradunei inork ez die inolako eskakizun etikorik egiten, ez bestelakorik ere. Eta salatu genuen honen oinarrian bazegoela Estatuaren bortxaren erabilera legitimatu asmo duen diskurtsoak indartzen saiatzea.

Oker ez genbiltzan.

Inor ez dadila orain harritu, batzuk harro agertzeaz estatu-terrorismoaren apologia eginez.

 

Estatu terrorismoa, ez ziren soilik GAL edo Suarezen eta ondorengo gobernuetan sortutako talde armatuak izan. Estatu terrorismoa bada ere, hamarkadetan zehar milaka herritar, eta horren ondorioz 14 pertsona hil arte, torturatzeko beharrezko izan zuten makineria edukitzea.
Delitu-jarduera bat egiten ari direnak atxilotu eta epailearen esku uzteko edota zuzenean erailtzea erabakitzeko boterea izatea ere bada.
Estatu terrorismoa da langileen manifestazio edo batzarren aurka benetako balak jaurtitzea.
Eta hala da, zabor hau guztia inpunitatez estaltzeko baliabideak eduki dituztelako eta dauzkatelako.

 

Horregatik, esan behar dugu Euskal Herriko gehiengo politiko zabal batek egun hauetan izandako gaitzespen-erreakzioak ongi etorriak izan arren, guretzat ez direla nahikoak.

 

Barrionuevo jauna Gobernu zein alderdi baten parte izan ez balitz bezala modu orokorrean egindako gaitzespenak, erantzukizun politikotik salbuesteko modu bat direlako.

Izan ere, GAL izan zena gaitzestea, berezko belaunaldiagatik agertu izan balitz bezala, gu inozotzat hartzeko saiakera da. Erantzukizun politikorik hartu behar ez izateko modua delako.

 

Baina gogoratu behar dugu garai berean eta gobernu bereko ministro horrek berak, ZEN Plana ezarri zuela Euskal Herriko hegoaldean. Estatuko casus belli bati (Estatu-arrazoi bati) erantzuteko plana eta UCDrekin askoz lehenegotik itundutakoa. Plan honek zenbait ideia biltzen zituen, hala nola “euskal jendartearen manipulazio psikologikoa garatzea” edo “nahikoa da informazio bat sinesgarria izatea ustiatu ahal izateko”.

 

Eta zer kasualitate, ZEN plana aurkeztu eta aste gutxira, GALek agerpena izatea. Eta zer kasualitate tortura kasuek nabarmen gora egitea, heriotza bortitzak errepikatzen hastea FSEekin enfrentamenduaren aitzakiapean edo zalantzazko zirkunstantzietan hildakoen kopuruak gora egitea. Baina noski, nahikoa da informazio bat sinesgarria izatea... Eta Mikel Zabalzak eskuburdinak jarrita bota zuen bere burua Endarlatsako tuneletik.

 

Duela 25 urte, GALi buruzko batzorde parlamentarioa ireki zen, baina jeneral batek UDCtik PSOEra gerra zikinari buruz zekien guztia kontatzeko mehatxua egin zuenean, berehala itxi zuten. Inoiz ez da interesik egon auzi honen egiara iristeko, ez politikoki, ez judizialki. Inoiz ez. Eta badirudi Sekretu Ofizialen Legearen blindajeak oraindik, urte askoan jarraituko duela.

 

Hau da posizioa: estoldetara aire pixka bat sartzeko arrisku txikienaren aurrean, bide guztiak ixtea. Inpunitatearen normalizazio instituzionala, politikoa eta soziala. Horixe izan baita Estatuko krimen gehienen ondorio orokorra termino judizialetan. Inpunitatea, gutako askorengan “Espainiar injustizia” bizi izan dugun giza tragediaren erantzule ere badela uste izatea eragin diguna.

 

Gatazkaren testuinguruan aplikatutako justizia-ereduari buruzko hausnarketa orokorra egin beharko litzateke. Erabat desorekatua den justizia-eredua, non indarkeriazko eragile batzuengan legearen pisu guztia erortzen den, eta beste eragile bortitz batzuengan, zehazki gure sufrimenduaren erantzuleentzat, inpunitatea besterik ez dagoen. Hori al da, benetan, justizia-eredu bidezkoa, estatu demokratiko eta zuzenbidezko deitzen denarentzat?

 

Guretzat behintzat ez da hala. Giza Eskubideen urraketa larrien ondoriozko erantzukizunei eta ondorio zehatz batzuei muxin ez egitea eta aldiz beste batzuk betikotzeko ahaleginak egitea ez da justizia berdinzale eta inpartzialaren jokabidea, baizik eta eragindako indarkeriaren jatorriaren arabera jarduten duen ala ez duen aldeko justiziarena.

Guk aintzat hartuko gaituen justizia-eredu baten alde egiten dugu, biktimen eskubideei erantzungo diena, baina, aldi berean, hainbat hamarkadatan indarkeriak eragindako ondorioak gaindituko dituen bizikidetza egoera batera iristeko beharrari erantzuteko gai izango dena.

 

Ez gaitezen engainatu, gaur egun honi dagokionez bizi dugun errealitatea ez da bizikidetza demokratikorako marko integrala eraiki nahi duena, baizik eta irabazleen eta garaituen eskeman oinarritutako bizikidetza-esparrua ezarri nahi duena, Estatuaren indarkeria legitimatuz eta bere arduradunen zigorgabetasuna indartuz.

 

Gure ustez, bizikidetza demokratikoaren kontzeptuak eskatzen du konfrontazio armatuaren ondorioak gainditzea, pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea, baina baita indarrean dagoen gatazka politikoaren zergatiei heltzea ere. Izan ere, bizikidetza demokratikoko parametro batzuen gainean bere burua garatu nahi duen gizarteak nahitaez bere orainaldia eta etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea baliatu ahal izan behar du .

 

Sinesgarritasun demokratikoak idolatria zaharren gainetik egon beharko luke, gaur egun lotsagarri bihurtzen diren antzinako auren gainetik. Gure ustez, sinesgarritasun horrek legezkotasun demokratikoa urratzeagatiko erantzukizun politikoak behingoz aitortzea eta onartzea eskatzen du. ETAren aurkako borroka-estrategiaren aitzakiapean proiektu politiko legitimo bati aurre egiteko Giza Eskubideak urratu dituztela aitortzea eskatzen du. Santiren proiektua, Josurena, dagoeneko ez dauden beste hainbatena. Gaur hemen biltzen gaituen berbera.

 

Ez alderdi politikorik, ez Gobernurik, ez Estatuko ezein erakunderik, ez du oraindik Estatuaren biktimei eragindako kaltea onartzeko adierazpenik egin.

Estatu batek indarkeria legitimoaren monopolioa duen oinarri demokratikoarekin aurrez aurre jartzea ez da erraza izan behar.

 

Baina uste dugu egiteko unea iritsi dela.

 

Reiteramos nuestra demanda al Gobierno del Estado Español, a que realice una declaración inequívoca de asunción de responsabilidades y de reconocimiento del daño causado;

 

Berriz ere eskatzen diogu Espainiako Estatuko Gobernuari adierazpen argi bat egin dezala erantzukizunak hartzeko eta eragindako mina aitortzeko;