Estatu Terrorismoak 4 hamarkada luzeren ostean zigorgabe dirauela salatzeko ekitaldia Hernanin urriaren 5ean

Horrez gain, irailaren 19an, osteguna, Biteri Kultur Etxean, “Heriotzaren tringelua” dokumentalaren proiekzioa eta mahai ingurua ere antolatu dugu, eskualdean 80. hamarkada hasieran bizi izandako Estatuaren biolentzia zein izan zen ezagutzeko.

Lau hamarkada baino gehiago pasa dira Estatuak gerra zikina abian jarri zuenetik. Terrorismo honen ardura politikoa oraindik inork ez du bere gain hartu.

Estatu terrorismoa praktikatu zuten taldeen siglak anitzak izan dira: Batallón Vasco-Español, GAE, Triple A, GAL… Baina indarkeriaren jatorria beti berdina izan da: Estatua.

Guztira 78 pertsona hil ditu Estatu Terrorismoak, nahiz eta erailketa guztiak ez diren aldarrikatuak izan. Lehena, 1975. urtean. 40 urte baino gehiago pasa dira ordundik. Hainbat eta hainbat zauritu larri ere eragin zituen.

Baina, tamalez, nolabaiteko aitortza jaso duten hildakoak oso gutxi izan dira: 78tik, 43 bakarrik.

Oraindik lehen eta bigarren mailako biktimak daude. Jasandako biolentziaren jatorriaren arabera, eskubide gehiago edo gutxiago dagozkie, nahiz eta kasu guztietan pairatutako giza eskubideen urraketa berbera izan.

Inpunitatea da nagusi. Arduradun oso gutxi izan ziren kondenatuak. Gainera, horiek segituan indultatu zituen Espainiako Gobernuak, eta kaleratuak izan ziren. Estatu Terrorismoa ahalbidetu zutenek ez dute egundo beren gain inolako ardurarik hartu. Estatu terrorismoa ez da sekula azkeneraino ikertu.

Ez dago biktimariorik gabeko biktimarik. Estatu Terrorismoa praktikatu eta ahalbidetu zutenek izen-abizenak eta siglak dituzte. Erantzunkizunak dituzte.

Lau hamarkadaz inpunitatea jasan ostean, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko garaia heldu dela uste dugu Egiari Zor Fundaziotik. Berriro horrelakorik gertatu ezin dadin. Biktima guztiak dagozkien eskubideen jabe izan daitezen. Diskriminaziorik gabe.

Hori dela eta, Hernanin “Estatu terrorismoa: 4 hamarkadaz inpunitatea” ekimena antolatu dugu:

 

Irailak 19 - Biteri Kultur Etxea - 19.00

“Heriotzaren triangelua” dokumentalaren proiekzioa eta mahai ingurua

Hizlariak:

  • Imanol Laburu. Dokumentalaren zuzendaria.
  • Rikardo Mendiola. Hernaniko Alkate ohia.

 

Urriak 5 - Tilos plazako frontoia - 18.30

Ekitaldia