Prentsaurrekoan Ane Muguruzak eta Begoña Galdeanok (bien aitak GALek hil zituen) Espainiako Kongresuko Mahaiaren erabakiaren gaineko balorazioa egin dute, azken honek GALi buruzko ikerketa batzorde bat sortzea blokeatu ostean.
Testua osorik:
Atzo, ekainak 23, Espainiako Kongresuko mahaia Felipe Gonzalezi eta GALi buruzko ikerketa batzorde bat sortzearen aurka agertu zen, honako baieztapenak jasotzen dituzten CIAren dokumentuak desklasifikatu ostean: "Felipe Gonzalezek mertzenario talde bat osatzea adostu du, armadaren kontrolpean, terroristak legez kanpo borrokatzeko".
Gure ustez erabaki hori "zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bermatzaile" deiturikoek izan duten eta duten zigorgabetasunaren adibide bat gehiago besterik ez da. Estatuaren babesean giza eskubideen urraketa oso larrien aurrean egindako isiltasun itunak indarrean dirauela erakusten duen beste adibide bat.
Oso larria da Estatuko botereek terrorismoa erabili izana giza eskubideak zigorgabetasun osoz urratzeko eta hiltzeko eta, gainera, egia jakiteko eskubidea ukatzen jarraitzea.
Egiak bahituta dirau, oraindik indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Lege frankistak inposatzen duen isiltasunpean.
Egiari Zor Fundaziotik eskatzen dugu zintzotasun demokratikoz aurre egin dakiola gai horri.
Eskatzen dugu, behingoz, lege hori indargabetzeko eta desklasifikatzeko dokumentuak, krimen horien ondoriozko hilketei eta erantzukizunei buruzko informazio garrantzitsuak eskaini ditzaketenak. Eta horrela argitu daitezela behingoz:
Gaur egun, alderdi politiko eta gobernu bakar batek ere ez ditu bere gain hartu gertakari larri horien gaineko erantzukizunak. Nahiz eta hilketa eta giza eskubideen aurkako ekintza horien guztien ardura ez den, ezin den, soilik egile materialena izan.
Horregatik, aditzera eman nahi dugu ikerketa batzorde instituzionala sortzearen aldeko garela, berme guztiekin argitu dadin zein zen GALen eta honen aurrekari izan ziren beste taldeen hierarkia politikoa, militarra eta poliziala, eta baita Felipe Gonzálezen figura ikertzeko ere, CIAk GAL sarearen gailurrean kokatzen duelako.
Ikerketa batzordea, klasifikatutako dokumentaziora sarbidea izango duena, gertakarien eta erantzukizunen egiaren zati bat ezkutatzen jarraitzen duten itzal handiei arreta jarriko diena; eta, gainera, ondorioztatu litezkeen ardurak depuratuko dituena. Ikerketa horrek biktimei eta gizarte osoari dugun egia jakiteko eskubide legitimoa gauzatzen lagunduko liguke.
Gaur egun, Estatu espainiarreko eta Euskal Herriko hainbat sektore ideologikok lasterketa biziari ekin diote, gatazkaren testuinguruan azken hamarkadotan gertatutakoaren kontakizuna aldebakartasunez eta modu erabat partzialean idazteko.
Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jatorriaren arabera kategorizatzen jarraitzea gatazkaren testuinguruan tokia izan duten indarkeria anitzak, kontakizun zehatz bat modu interesatuan elikatzeko helburu bakarrarekin.
Indarkeria politikoaren ondorioei aurre egiteko orduan, beharrezkoa da neurgailu bera erabiltzea biolentzia batzuentzat eta besteentzat. Bestela, indarkeria normalizatzen ariko ginateke. Lan horretan, erakundeek zeregin erabakigarria dute.
Gaur egun, GALez dakigunaren arabera, X bat dago bere hierarkia politikoaren gorenean. X hori Felipe Gonzalez bada, jendarteak horren berri izan behar du, behingoz erantzukizun politikoak argi daitezen: bereak, bere alderdiarenak eta bere isiltasuna hitzartu zutenenak.
Izan ere, Estatuak erantzukizunak bere gain hartzea funtsezkoa eta ezinbestekoa da memoria demokratikoaren eraikuntza bere osotasunean posible izan dadin, eta horren gainean eraiki dezagun etorkizuneko bizikidetza. Biktimekin ez ezik, demokraziarekin ere argitzeke dirauen zor historikoa da.
Tamalez erakunde publiko bakar batek ere ez dio sekula eskatu Estatuari erantzukizunak bere gain hartzeko. Eta gobernu erantzukizunak dituzten eta izan dituzten alderdiek giza eskubideen urraketa horien ikerketa eraginkorra ukatzen jarraitzen dute. Nahikoa da. Egia jakiteko eskubidea dugu.
Gai honekiko dirauen hipokrisia politikoak ezerezera murrizten ditu diskurtso guztiak zeinak mintzo diren demokraziaz, zoru etikoaz, iraganaren berrikuspen kritikoaz edo biktimen eskubideez.
Problematika honi aurre egiteko borondate politiko eza kultura demokratiko petral baten adierazle da. Eta baieztatu besterik ez du egiten, ezer egin ezean, iraganak Espainiako Estatuko sinesgarritasun demokratikoaren oraina eta etorkizuna baldintzatzen jarraituko dituela.