Euskal Memoria fundazioak torturari eskaini dio aurtengo lan monografikoa. Hainbat garaitako 4.716 tortura testigantza dokumentatu dituzte, torturaren «iraunkortasunaren eta zigorgabetasunaren» erakusgarri.
Milaka euskal herritarrek salatu dituzte torturak azken 50 urteetan. Bata besteren atzetik joan dira harilkatuz tortura salaketak, gaur egunera arte etenik izan ez duen sokan. Horietako bakoitzaren atzean «infernu pertsonal» bat eta «eragin kolektiboa» duen errealitate bat daudela uste du Euskal Memoria fundazioak, eta bi helduleku horiei tiraka askatu nahi ditu korapilook, torturaren inguruko «egia osoa» ezagutu dadin eta torturatu dituzten herritarrak aitortuak izan eta ordaina jaso dezaten.
Hala, bide horretan «lehen urrats bat» egin nahi du bihar Intxaurrondoko kultur etxean garai ugaritan torturak salatu zituzten hainbat herritarrekin batera egingo duen agerraldian. Han, Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian izenburupean, Julen Arzuaga Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kideak egindako lana aurkeztuko du. Arzuagak 925 orriko liburu batean jaso eta aztertu du azken 50 urteetan torturak Euskal Herrian utzi duen arrastoa. Euskal Memoriak urtero argitaratzen dituen lan monografiko guztiak bezala, lan kolektibo baten emaitza da ikerketa, hainbat eragilek herriz herri egindako lanaren uzta.
Egileek berek aitortu dutenez, ez da erraza izan torturaren errealitatea arakatzea, 1990eko hamarkadara arte ikerketarako bitarteko gutxi zegoelako. Horri aurre egitea izan da, beraz, euren buruei jarri dioten erronka nagusiena. Azaldu dutenez, ehunka dira dokumentatu gabe geratu diren tortura salaketak, 80ko hamarkadan eta, bereziki, frankismo garaian, eta horiek azaleratzea izan da egin duten «aurkikuntzarik» garrantzitsuenetako bat. Tortura salaketak aurrera ateratzeko aukerarik ikusten ez zutelako, berriz jazarriak izateko beldurrez edo babesa eskaintzen ez zien erakunderik aurkitzen ez zutelako, ehunka herritarrek isilean gorde dute polizien esku pasatu zutena, eta horrek ondorio fisiko eta psikologikoekin eragin dizkie. Euskal Memoriaren arabera, «behartutako isiltasun» horrek erakusten du, besteak beste, torturaren atzean ezkutatzen den zigorgabetasuna. «Salatu? Zertarako? Galdetzen zieten euren buruei».
Eta hori da, hain zuzen ere, lan honek dakarren ondorio nagusietako bat. Hala, testigantza horietaz baliatuta eta hainbat adituren ekarpenen bitartez, liburuan azaltzen saiatu dira garaian-garaian «zigorgabetasunari eusteko» estatuek erabili dituzten heldulekuak, eta ondorioztatu dute, horiek ezberdinak izan arren, torturaren erabilpena «iraunkorra» izan dela azken 50 urtean, eta garai ugaritan eta polizia mota guztiek erabili dutela, «helburu politiko jakin batzuk lortzeko».
Azken urtean ere tortura salaketak egon direla gogorarazi ondoren, Euskal Memoriako kideek uste dute «torturaren egia osoa» ezagutarazi behar dela Euskal Herrian bizikidetza sendotu dadin. Hori aurrera ateratzeko «lanabesa» izan nahi du liburuak. Hona, labur eta aurkezpen moduan, lanean aipatzen diren zenbait gai.
ZIFRAK
Kezkatzeko argudio sendoak
Arestian aipatutako zailtasunak direla medio, azken 50 urteetan izandako tortura salaketen kopurua zehaztea ezinezkoa edo ia ezinezkoa da, bereziki 80ko hamarkadatik atzera. Arzuagak egindako kalkuluen arabera, 9.633-11.633 euskal herritar torturatu dituzte azken 50 urteetan, eta horietatik 11k galdu zuten bizia. Zifra itxi bat baino gehiago, osatu beharreko errolda baten gisan ulertzen ditu zenbakiok Euskal Memoriak, eta, aurrera begira, kopuru horri izen-abizenak eta bizipenak txartatzeko erronka jarri dio bere buruari, testigantza guztiak datu base batean biltzeko asmoz.
Lan horretan hasiak dira, gainera. 2010ean Gernikako seme alabak lanean abiatutako ikerketarekin jarraituz, Hego Euskal Herriko 26 eskualde hartu dituzte lagin moduan. 2010ean egindako lehen hurbilpenean, 2.500 tortura salaketa bildu zituzten; bi urte geroago, eta eskualde horietan egindako lanari esker, ia bikoiztu egin da zifra hori: 4.716 testigantza jaso dituzte. Eskualde edo herri batzuetan izugarria izan da igoera: Oñatin, hirutik 52ra; Errenterian, 50tik 345ra; Getxon eta Berangon, 21etik 215era; eta Erriberan, seitik 45era. Garai ezberdinetako eta polizia ezberdinen aurkako salaketak bildu dituzte, torturaren erabileraren iraunkortasuna agerian uzten dutenak, egileen arabera.
Zifren atalean, halaber, Euskal Memoriak beste ikerketa bat aipatu du; Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzaren enkarguz, 2008an, Benito Morentin auzitegi medikuak beste lau medikuren laguntzaz egindako txostenari. Azterketa horretan —torturari buruz Euskal Herrian egindako lehen lan zientifikoa—, 2000tik 2008ra bitarte inkomunikatutako atxilotuen torturen kasu posible guztiak ikertzen dira. 957 atxilotu identifikatu zituzten, eta horietatik 634k (%66) tratu txarrak edo torturak salatu zituztela. «Oso kopuru handia», txostengileen arabera. Kasu horien guztien azterketatik hainbat aurkikuntza esanguratsu nabarmendu zituzten. Besteak beste, tratu txarren salaketen maiztasun handia, Guardia Zibilak atxilotutakoen artean (%85) eta inkomunikatuta espetxeratzen zituztenen artean (%92). Bigarrenik, ondorioztatu zuten erlazio zuzenki proportzionala dela tortura salaketen maiztasunaren eta inkomunikazioaren iraupenaren artean.
Txosten horren bidez, salaketen fidagarritasuna aztertu zuten egileek. Hala, adierazi zuten tortura salaketak gertatuko balira ETAren jarraibideei men eginez, kargurik gabe askatzen dituzten edo absolbitzen edo prozesatzen ez dituzten inkomunikatutako atxilotuek ez luketela torturarik salatu behar, edo, gehienez, oso noizean behin egin beharko luketela hori. Baina ez zela horrela gertatzen baieztatu zuten. Epailearen esku utzi ondoren aske gelditu zirenen %64k torturak salatu zituzten, absolbituen %69k, prozesatu ez zituztenen %55ek eta kausa artxibatu zietenen %70k. Halaber, Espainiako Gobernuaren argudioari jarraikiz, tortura salaketa kopuruari ez lioke eragin beharko inkomunikazio denborak. Baina alderantziz gertatzen dela ondorioztatu zuten: zigortutako pertsonak kontuan hartuz, %52koa zen inkomunikazioa 1-3 egunekoa zenean eta %88koa egun gehiagokoa zenean.
Gehien salatu ziren tortura metodoak ere aztertu zituzten: mehatxuak —kasuen %91ean—, kolpeak (%89), asfixia metodoak (%49), zentzumenak ezabatzeko metodoak (%42), jarrera behartuak eta ariketa fisikoak (%37) eta biluztea (%29). «Tortura salaketek ez diote molde berari jarraitzen, eta hortaz ezin dira ameskeria soiltzat hartu», nabarmendu zuten txostengileek. «Tortura salaketak ezin dira asmatutako istoriotzat hartu».
LEGEDIA
Iraganarekin hausturarik ez
Zifra horien atzean, pertsonak daude. Ehunka bizipen jaso ditu Euskal Memoriak; horien artean, testigantza anonimoen lehen bildumatzat har daitekeena, Zutik aldizkarian argitaratu zena, 1961ean. Bertan azaltzen diren tortura metodoen eta egun salatzen direnen arteko antza nabaria den arren —kolpeak, ariketa fisiko etengabeak, mehatxuak...—, urteen joan-etorrian horiek aldatuz joan direla nabarmendu du Julen Arzuagak. Helburua, hala ere, oraindik berbera dela dio: «Torturapean eginiko deklarazioen bidez zigortzea». «Badago lege printzipio bat metafora eder baten izena daramana: Zuhaitz pozoituaren fruitua. Haren esanahia sinplea da: froga bat (fruitua) lortzeko modua (zuhaitza) kutsatuta badago, froga bera ere hala egongo da. Ebidentzia bat lortzeko metodoa iruzurrezkoa bada, tartean tortura dagoelako, froga horrek ez du inolako baliorik izango».
Gaur egun, baina, «metodo frankisten basakeriari» alderdi psikologikoago edo «zientifikoago» bat bilatzen zaiola nabarmendu du Arzuagak. Hala ere, polizia batzuek —guardia zibilek bereziki— iraganeko metodoei eusten dietela dio egileak, egungo hainbat testigantzatan oinarrituta. Guardia Zibilak frankismoarekin izan zuen loturarekin identifikatu du, besteak beste, hainbat goi kargudunek diktadorea hil ondorengo urteetan jarraitu zutelako beren postuetan. Baina baita ere hori egitea ahalbidetzen zuen egitura juridiko eta legediarekiko «benetako hausturarik» ez zelako izan. «Arlo horretan garatu ziren aldaketak kosmetika hutsa izan ziren», dio Arzuagak.
Frankismoaren osteko lehen urteetan eta, bereziki, Felipe Gonzalez sozialistaren agintaldian, diktadurako Legedi antiterrorista amaitzeko benetako urratsik ez zela egin dio. Epe hori zabal jorratu du Arzuagak, eta azaldu du nola legedi horretan jasotako zenbait arau legedia arruntera igarotzeko «trikimailua» egin zuten agintari sozialistek —egun nazioarteak Espainiari egindako gomendioak ere modu berean tratatzen direla dio egileak—.
Atal horretan, atxilotuen inkomunikazio epea aztertu du bereziki Arzuagak. Nola Auzitegi Konstituzionalak hala eskatuta inkomunikazio aldia hamar egunetik bost egunera jaitsi zuen 80ko hamarkadako gobernu sozialistak. «Poliziaren zaintzapean igarotako denbora epearen apurkako murrizketa horrek, ordea, ez zuen saihestu tortura basatien salaketa. Agindua: eraginkorragoak izan behar dugu denbora gutxiagoan», nabarmendu du.
Atxilotuaren eta kanpoko munduaren arteko konexioa ahalbidetzen zuten hainbat balizko ere «findu» zituztela dio Arzuagak. Hala, konfiantzazko abokatuen presentzia eragotziko zuten, baita konfiantzazko medikuena ere. «Frankismo bete-betean, senideek kafea eramaten zieten atxilotuei Indautxun zeudenean. Orain, ordea, senideei atxilotuak non dauden eta nola dauden jakinaraztea debekatzen da».
Jose Barrionuevo Espainiako Gobernuaren orduko Barne ministro eta GAL auzian zigortutakoaren esaldi batekin laburbildu du liburuaren atal hori Arzuagak: «Legea indargabetzeko erabakia hartu baldin badugu, terrorismoaren kontrako borrokarako ona dela pentsatzen dugulako indargabetu dugu. Bermeak gehitzeak Estatuko Segurtasun Indarren ahalegin handiagoa dakar, eta badute horretarako gaitasuna».
AUZI MEDIKUAK
Zigorgabetasunaren lekuko
«Auzi medikua ziegako nagusiaren morroi hutsa izan da». Esaldi horrekin abiatzen du Arzuagak auzi medikuei buruzko atala. Haren ustez, oso garrantzitsua da auzi medikuen lana aztertzea, haiek baitira atxilotuak torturatuak izan ez daitezen dagoen ia berme bakarra. Baina hala izan beharrean, egileak dio «zigorgabetasunaren bermatzaile» bihurtu direla auzi mediku asko, Espainiako Auzitegi Nazionalekoak bereziki.
Arzuagak gogorarazi duenez, 1982ra arte atxilotuak bisitatzen zituzten auzi medikuak polizien mediku berberak ziren. Orduko polizia batzuek kontatu dutenez, galdeketetan pertsona bat zegoen, eta haren funtzio bakarra bizi-konstanteak kontrolpean edukitzea zen, tratu txarraren ondorioak atzerako bueltarik gabekoak izan zitezen. Horien artean, oso ezagun egin zen Donostian lan egiten zuen Garzon doktorea.
Auzi mediku batzuek, baina, barneratu egiten dute beren funtzio bermatzailea, dio Arzuagak. Bereziki, Euskal Herrian aritzen diren auzi medikuek. Hala, gogoratu du nola Donostiako Epaileen Batzarrak 1984ko martxoan akordio bat kaleratu zuen hainbat gairen inguruan protesta egiteko. Besteak beste, salatu zuten euren lana egiteko oztopo ugari zutela, eta tratu txarrak eta torturak ikertzeko zailtasunak zituztela, ikerketa Polizia Judizialaren esku eta, ondorioz, polizia arduradunen esku zegoelako.
90ko hamarkadan Danimarkako auzi mediku talde batek Euskal Herrian egindako ikerketa baten berri ere eman du Arzuagak, zeina Journal of Forensic Science aldizkari entzutetsuan argitaratu zen. Lan horretan, 1991 eta 1994 artean auzi medikuek egindako 318 txosten aztertu zituzten, urte horietan atxilotu eta tortura salaketak aurkeztu zituzten 100 laguni buruzkoak. Ondorioa da soilik 44 atxiloturen kontakizunak jaso zituztela. Puntu hori salaketa egin zuten guztien kasuan ez agertzearen arrazoia zen, ikerlarien arabera, auzi medikuak ez zirela arduratu ere egin esandakoa jasotzen. Horrekin batera, beste arrazoi posible bat ere jaso zuten: «Litekeena da atxilotuak auzi medikuarekin ez fidatzea, jasaten ari ziren tratua aitortzeko».
Azkenik, badaude auzi medikuak beren lana betetzeari uko egiten diotenak, Arzuagaren iritziz. «Barneratu egiten dute euren lanbidea hurbilago dagoela estatuaren interesetatik biktimaren interesetatik baino. Eta interpretazio deontologiko hori are ohikoagoa da auzitegi antiterroristaren menpekoak diren medikuen kasuan». Leonor Ladron de Guevararen izena nabarmendu du egileak. Hark eraman dituen kasuen artean dago, argazki bidezko froga eta guzti, torturen ondorioz hildako Gurutze Iantzirena. Horrez gain, beste hainbat kasu ezagunen lekuko izan zen Ladron de Guevara, besteak beste, Unai Romanoren eta Iratxe Sorzabalen kasuena.
ZIGORTUTAKO POLIZIAK
Indultuak eta dominak
Arzuagak, halaber, zigorgabetasunarekin lotzen du tortura delituengatik zigortutako polizien jardun profesionalaren bilakaera. Hark egindako kontaketaren arabera, 1981. urtetik torturengatik zigortutako 62 agenteetatik 27k jaso zuten indultua Felipe Gonzalez eta, bereziki, Jose Maria Aznarren gobernuen eskutik.
«Baina zigorgabetasunak ez du esan nahi soilik funtzionarioak zigorra saihestu eta bere lanean jarraitzea. Horietako asko saritu ere egin baitituzte», dio Arzuagak. 1984an, adibidez, Jose Barrionuevo Barne ministroak tortura salaketa judiziala zeukaten 20 agente karguz igo zituen.
Kasu sonatuetako bat da Joxe Arregi hil arte torturatzeaz zigortutako bi poliziena eta sumario berean nahastuta egon ziren hiru auzipetuena. Auzitegi Gorenak oso zigor txikia jarri zien erantzukizun penalak bizkarreratu zituzten Julian Marin Riosi eta Juan Antonio Gil Rubialesi: lau eta hiru hilabeteko zigorra eta hiru eta bi urteko lan inhabilitazioa. Ez zen denbora asko behar izan, baina, haien izenak berriz entzuteko. Arzuagak azaldu duenez, 1985ean Iruñean zen Gil Rubiales, eta Mikel Zabalzaren heriotzaren harira —hori ere torturen ondorioz hila— protestan ari ziren herritarrei kateekin eraso zien, kaleko jantzitako beste zenbait kiderekin batera. Espainiako Gobernuak Nafarroan zuen ordezkari Luis Roldanek zigor txiki bat jarri zion horregatik. Bere ibilbide profesionala Tenerifen bukatu zuen, poliziaburu. Hil zenean, Barne Ministerioaren ohore dominekin ehortzi zuten. Julian Marin, berriz, Ekuadorko enbaxadara bidali zuten, gobernuaren agregatu gisa. Ondoren, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak mailaz igo zituen auzian nahasita egon ziren beste hiru agenteak. Hori usu gertatu dela erakusten du Euskal Memoriaren lanak. Juana Goikoetxea torturatzeagatik zigortutako polizien kasuan, Olarra anaien kasuan, Ana Ereñoren kasuan, Kepa Urrarenean... Polizia horietako batzuk behin baino gehiagotan zigortu zituzten.
Agente ezezagunen zerrenda amaigabea da, baina badira euskal herritarren gogoan iltzatuak geratu diren beste izen ezagun batzuk ere. Gipuzkoako borroka antiterroristaren buruzagi gorena izandakoak, Rodriguez Galindo jeneralak Merituaren Domina Bereizgarri Gorriduna jaso zuen, Felipe Gonzalezen agintaldian. Handik gutxira, Lasa eta Zabalaren bahiketa eta heriotzagatik kondenatu zuten. Inork ez zion domina itzultzeko eskatu.
Aznarren agintaldian, halaber, Aitortza Zibilaren Errege Ordenako Gurutze Handia eman zion Meliton Manzanas frankismo garaiko torturatzaile ezagunari —1968. urtean hil zuen ETAk—.