FRANKISMOAREN KONTRAKO KEREILA ABIAN DAGO

Argentinan Frankismoaren kontrako auzi bat zabaldu duen Maria Servini epailearen etorrera dela-eta, irailerako testigantza gehiago jasotzeko deialdia egin dute manifestu baten bidez. Agiriak Frankismoaren memoria berreskuratzen dihardugun hainbat talde eta eragileen atxikimendua jaso du,besteak beste, Egiari Zor Fundazioarena.

FRANKISMOAREN ZIGORGABETASUNARI TOLERANTZIARIK EZ! Idatzi honen azpian sinatu dugun erakundeok Frankismoaren Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataforman bildu berri gara. Erakundeok urteak eman ditugu lanean frankismoak ekarri zuenaren oroitzapen historikoa berreskuratzeko eta, era berean, Euskal Herrian gauzatu zituen krimenen aurrean egia, justizia eta ordaina gureganatzeko. Ahalegin horretan oinarrizkoa izan da, eta da, erantzuleak zigortu ez izanaren salaketa. Zigorgabetasun hori 1977ko Amnistia Legeak bermatu zuen, azken batean, amaiera-puntuko lege bat izan baitzen; eta horrekin batera “trantsiziokoa” deitu izan zuten garaian estatuaren aparatuak purgatu ez zirelako. Aurrera eramaten ari garen lan-lerroen artean (hobiak bilatzea eta hildakoen hondakinak lurpetik ateratzea, omenaldiak antolatzea, salaketa-hizketaldiak, datu historikoak biltzea, ekimen hau jendartean zabaltzeko aldizkariak, etab.), diktadurak iraun zuen berrogei urteetan gertatutakoei buruz aurkezten ziren salaketek, zenbait pertsona ospetsuk eta nazioarteko erakundek behin eta berriz salaturik ere, etengabe egin dute topo Baltasar Garzón epaileak berak ere ahaztura eta zigorgabetasunaren alfonbra pitin bat altxatzeko egin zuen saio epelean porrot egin zuen harresi berberaren kontra: Amnistia Legeak frankistak edozein erantzukizunetatik salbuesten dituena. Hala eta guztiz ere, aukera erreala dago frankismoaren aurka eta oraindik bizirik dauden frankisten aurka auzibidez jotzeko. Aukera hori Argentinako Errepublikan zabaldu da María Servini de Cubría epaileak, Buenos Aireseko 1. Epaitegiko titularrak, aurrera daraman 4591-10 kereilaren bidez. Magistratu honek, preskribitzen ez diren genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimenei aurre egiteko justizia-printzipio unibertsalean oinarrituta, frankismoaren aurkako prozesu bat dauka abian, 1936ko altxamendu militarretik 1977ra bitartekoak jasotzen dituena. Kereila honi ehunka auzi-jartzaile partikular ari zaizkio batzen; bai eta zenbait motatako erakundeak ere, bai Argentinakoak, bai Espainiar Estatukoak bai Euskal Herrikoak ere. Aipatzekoa da joan den apirilean frankismo garaiko lau preso ohik eta 60ko hamarkadan hil zuten sindikalista baten alabak Buenos Airesera jo zutela. Euren kereila propioak ez ezik, euren erakundeenak (preso ohi eta errepresaliatuenak) ere aurkeztu zituzten: estatu mailan La Comuna-ren izenean, eta Goldatu-ren izenean Euskal Herritik. Beste berrogeiren bat adiskideren kereilak ere eraman zituzten, hala nola: Salvador Puig Antich-en familiarena, (1974ko martxoan hil zuten garrotez); Humberto Baena-ren familiarena, (1975ean fusilatu zuten FRAPeko beste bi lagunekin eta ETAko Txiki eta Otaegirekin batera); Andoni Arrizabalagarena, (basatiki torturatu zuten, eta 1969an barkatu zioten heriotza-zigorra); Enrique Gesalagarena, (bertatik bertara zauritu zuten atxilotzerakoan, eta 1970ean Burgoseko Epaiketan kondenatu zuten), German Rodriguezena, (1978ko sanferminak bete-betean zirela hil zuen poliziak Iruñean). Elur-pilota, oraindik txikia bada ere, biraka hasia da, eta garrantzizkoa da jarrai dezan, horrek ekar baitezake eta behar du ekarri frankisten zigorgabetasunez eta jarraitasunez eraikitako harresiaren lehen pitzadura. Azken urteotako historia errepresioz josita dago: zenbait komunikabide itxi (EGIN, EGUNKARIA, irratiak), eta euskal kulturaren aldeko militanteak hartu dituzte preso; zenbait erakunde politiko eta sozial legez kanpo utzi, eta taldekideak kondenatu dituzte; zenbait hautagai-zerrenda debekatu eta bultzatzaileak epaitu eta kartzelaratu dituzte… Guztiok gogoratzen dugun moduan, errepresio-oldar hau Ibarretxe lehendakaria bera, partidu sozialistako eta ezker abertzaleko kideekin batera, auzipetu zutenean ailegatu zen bere gorenera, edo bestela, ezker abertzalearen barruko biraketa politikoaren eragile eraginkorrenei, baita ETAk indarkeriaren amaieraren adierazpena egin aurretik ere, azken zigorrak jarri zitzaizkienean, (Otegiri eta Rafa Diazi, esate baterako). Eromen zapaltzaile hau ezin da ulertu, baldin eta aurreko lerroetan aipatu dugun zerbait gogoan hartzen ez badugu: trantsizioa dela medio, demokrazia sortu berriak frankismoaren aparatu judizial eta zapaltzaile guztia jaso zuen, stablishment politiko espainiarrak printzipio frankista asko bereganatzen zituen Konstituzioa onartzen zuen bitartean. Aurrean daukagu aipatu dugun immobilismo horri muturreko eder bat emateko aukera, kereila hau herri-salaketaren branka gisa erabiliz, eta JUSTIZIA, EGIA eta ORDAINA exijituz. Orain epaitegiko aulkietan eserarazi ditzakegu oraindik bizirik dauden frankistak, berrogei urte eman dituen diktaduraren erantzuleak, iraun zuen bitartean eragin zituzten hilketen eta bestelako delituen erantzuleak. Hori dela-eta, dei egiten dizuegu Euskal Herriko erakunde politiko, sindikal eta sozial guztiei kausa honetan parte hartu dezazuen bai kereila-jartzaile gisa bai kereila jarri dutenei elkartasuna adieraziz, eta zeuen afiliatu guztiak gauza bera egiteko berotu ditzazuen. Frankismoaren arrasto fisiko, ideologiko eta politikoak lurperatu behar ditugu kereila-oldar baten bitartez; amaiera eman behar diogu diktadoreak ondore gisa utzitako “atado y bien atado” eta Borboitar Monarkiak hainbesteko arretaz eusten dion korapilo gordiano horri. Horrela, bada, gizakiarentzat eta Euskal Herriarentzat duintasuna eta justizia eskatzen dituen kanpaina honekin bat egitera deitzen dizuegu, horretarako Plataforman dauden edozein erakunderekin harremanetan jarriz. Euskal Herria, 2012.eko uztaila Frankismoaren Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataforma Plataforma Vasca para la Querella contra los Crímenes del Franquismo -Altafaylla Kultur Taldea. (www.altaffaylla.com) -CNT Euskal Herria. -Durango 1936 Kultur Elkartea. -Euskal Memoria Fundazioa. (www.euskalmemoria.com) -Eusko Lurra Fundazioa. -Egiari Zor Fundazioa. (www.egiarizor.org) -Garraxika Taldea. (www.turrune.wordpress.com) -Gernika Batzordea. (www.gernika2012.net) -Goldatu Elkartea. (www.goldatu.org) Kereilarako Bulego Birtuala -Intxorta 1937 Kultur Elkartea. (www.intxorta.org) -Lau Haizetara Gogoan Elkartea. (www.lau-haizetara-gogoan.blogspot.com) -Martxoak 3 Elkartea. (www.martxoak3.org) -Oroituz. -Sare Antifaxista. (sare.antifaxista@gmail.com)