Espainiako Atzerri Ministerioak «presio» egin duela salatu dute, eta prozesua ez dela geldituko berretsi
Frankismoko biktimen deklarazioa atzeratu da. Berriro. Maria Servini de Cubria epailea apirilaren 25ean hastekoa zen biktimen deklarazioak bideokonferentziaz hartzen, Argentinan jarritako kereila dela-eta, baina, egun jakinik gabe atzeratu zuten. Epaileak hitzordu berria jakinarazi zien biktimei: maiatzaren 8a. Ordea, atzo ere ezin izan zuten epailearekin hitz egin, eta Servini de Cubriak zein beste egun zehaztuko duen zain daude orain.
Kereilaren Aldeko Hiritar Sareko ordezkariek eta kereila aurrera eramaten ari diren abokatuek Espainiako Gobernuak egindako «presioa» salatu zuten. Atzo arratsean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuten Espainiako Atzerri Ministerioak «ezinegon bizia» helarazi diola Argentinako enbaxadore Carlos Bettiniri, deklarazioak hartzeko prozesuaren harira. Ministerioak jakinarazi zion epailearen asmoen berri hedabideen bitartez jaso zuela eta, deklarazioak hartzeko, enbaxadak erreguzko gutun bidez jakinarazi behar ziola asmo hori.
Deia jaso ondoren, deklarazioak bertan behera uzteko eskatu zion Argentinako enbaxadoreak Servini de Cubria epaileari. Atzo deklaratu behar zuten biktimek enbaxadaren inguruan zeudela jakin zuten berria, deklaratzeko sartzear zeudenean. «Arazo teknikoen» ondorioz atzeratu zutela jakinarazi zieten orduan.
Frankismoaren garaian aginte postuetan egon ziren pertsonak epaitzeko aurrera doan lehen ahalegina da Argentinako epaileak abiatutako ikerketa. Besteak beste, Rodolfo Martin Villa Gobernazio ministroa izandakoaren aurkako kereila dago tartean, 1976ko martxoan 3an Poliziak Gasteizen bost langile hiltzearen erantzule izatea leporatu baitiote. Gaur bertan, Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileak deklaratu behar zuen, horri buruzko argibideak emateko.
Argentinako Kereilaren Aldeko Hiritar Sareko ordezkariek jakinarazi dute oztopo gainditu behar izan dituztela frankismoaren krimenengatik argibideak eskatzeko prozesuan. Gaineratu dute, atzo «egun historikoa» izango zela pentsatzen zutela, baina Argentinan abiarazitako prozesuak aurrera egingo duela nabarmendu dute, hala ere, eta frankismoaren krimenen erantzuleak ikertu eta epaituko dituztela.
Europako Parlamentuan kexa
Frankismo garaiko hobi komunei buruzko erakusketa bati ateak ixteagatik, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Europako Parlamentuaren kanpoaldean. Europako Alderdi Popularrak erakusketa horri betoa jarri izana kritikatu zuten. Espainian ikertzen ez diren gizateriaren kontrako krimenak erakustea debekatzeaz gain, 113.000 biktimei eta senideei beren gertaeren berri emateko eskubidea ukatzen ari zaiela salatu zuten.