Zorionez, giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona batzuk aitortuak izan dira eta Legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuak eragindako bortxa pairatu duten gehienontzat ordea, abiapuntua oso bestelakoa da; urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu.
Prentsaurrekoan irakurritako komunikatua:
Gaur, martxoak 24, Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Eguna da, giza eskubideen urraketa larriei dagokienez. Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka lagunek pairatu dituzte; ehunka pertsonak bizia galdu dute indarkeria eta konfrontazio armatuaren hamarkada luzeen ondorioz.
Zorionez, giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona batzuk aitortuak izan dira eta Legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuak eragindako bortxa pairatu dugun gehienontzat ordea, abiapuntua oso bestelakoa da; urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin.
Zehazki, poliziaren indarkeriaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren, torturaren, bortxazko desagerpen edo FOP eta Estatuko Segurtasun Indarrekin izandako liskarren ondorioz hil zirenei buruz hitz egiten dugu. Izan ere, kasu gehiegitan oraindik, gertatutakoaren egia itzalez eta argitu gabeko galderez inguratuta dago. José Luis Geresta, Bar Aldana, José Miguel Etxeberria, Esteban Muruetagoiena, Irunberri, martxoaren 3a, Pasaiako badia, Germán Rodríguez, Xabier Kalparsoro... eta beste hainbat kasuez ari gara.
Giza eskubideen arloko nazioarteko legeriak eta egia jakiteko nazioarteko eskubideak ez dute bereizketarik egiten jasandako indarkeriaren jatorriaren arabera, ezta urraketa hauek jaso zuten pertsonen kondizioaren inguruan ere. Guztiontzako berdina da, gizakiak berezkoa baitu.
Baina egiarako eskubidea gauzatzea ezinezkoa da ikerketa eraginkorrarekin eta informazio egoki bat eskuratzeko aukerarekin elkarlotuta ez badago. Eta hau, zalantzarik gabe, funtsezko kontua da ulertzeko zergatik gaur egun ere, Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa eta heriotza askoren inguruan egia ezartzeko lanean jarraitzen dugun.
Kasu horietako askori buruzko informazioa eskuratzeko aukerak, Konstituzio-aurreko lege batek blindatua darrai, Sekretu Ofizialen Legeak alegia; egiarako dugun eskubidea mugatzen duen lege-mekanismo hau Estatuaren bortxa jasan zuten pertsona askoren aitortzarako bidean oraindik ere oztopo argia izaten jarraitzen du.
Bestaldetik, kasu hauen inguruan abiatutako ikerketak oso eskasak izan ziren, prozedura batzuetan lekukotza-frogak ukatuz, trabak sortuz, bidegabeko atzerapenak ezarriz eta baten batean, froga perizialak desagerraraziz ere, gertatutakoaren egia jakitea oztopatuz eta arduradunen inpunitatea ahalbidetuz.
Gainera, poliziaren ekintzak justifikatuz, torturaren existentzia ukatuz, heriotzak naturaltzat joz edo hildakoa bere heriotzaren erantzule eginez eraikitako bertsio ofizialek, benetako krimenak ezkutatzeko balio izan dute.
Gaur, Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Eguna delarik, nabarmendu nahi dugu franquismoaren garaiko Sekretu Ofizialen Legea indarrean egoteak agerian uzten duela dagoen kalitate demokratiko eskasa zein erabateko borondate politiko falta frankismoan, trantsizioan eta demokrazia garaian gertatutako gertakari larriak argitzeko.
Ustezko segurtasun nazionala ezin da izan delituak edo giza eskubideen urraketak ezkutatzeko koartada bat, ezin da erantzukizunak ez argitzeko aitzakia izan.
Giza eskubideen aurkako ekintzak ezkutatzeko eraiki diren bertsio ofizialei dagokienez, herri honetako erakundeak adorez eta erabakitasunez ikerketaren bidetik jarraitzera animatzen ditugu; Torturaren ikerketa-lanarekin egin den bezala, eta 2016/12 Legearen bidez ere egiten ari den bezala,
erailak izan ziren eta bertsio ofizial zitala gainean zuten pertsonei aitortza emateko ebazpenekin.
Duela aste gutxi ezagututako Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko ebazpena kasu, krimen baten existentzia ez ezik, agerian uzten dituena ere, kasu horiek judizialki argitzeko interes falta eta erantzuleek duten inpunitatea.
Era berean, gogorarazi nahi dugu Egia eskubide bat dela, beren eskubideen urraketa jasan dutenei, hildakoen senideei eta gizarte osoari dagokiona, izan ere ezinbesteko elementua da elkarbizitza termino demokratikoetan eraikitzeko; Beraz, ez errepikatzeko bermeen eta memoriaren politika publikoen oinarria, Egia behar du izan.
Egia eskubide indibidual eta kolektibo gisa aldarrikatzea da, hain zuzen ere, Egiari Zor Fundazioak “Egia jakiteko garaia da” lelopean, martxan jarritako ekimenen ortzimuga. Hala nola Jon Ugutz Goikoetxearen heriotzaren inguruan hilaren 13an egindakoa; larunbatean Etxarrin Josu Zabalaren heriotzaren inguruan burutuko duguna eta gure geografian zehar hainbat formatutan egingo ditugun beste batzuk ere. Adibidez gaurkoan sare sozialetatik zabaldutako bideoa, eremu guzti honetan gure posizioa laburbiltzen duena.
Egia jakiteko eskubidea ahalbidetzea, onbideratze demokratikoaren kontua dela uste dugu; borondatea, giza eskubideekiko konpromisoa eta pedagogia etikoa eskatzen dituena ulertzeko, demokrazian Egia ere agindu etiko gisa eratu behar dela.