Azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren erailketen urteurrenean, Bilboko Errekalden egindako ekitaldian gogorarazi nahi izan dugu oraindik egiarik, aitortzarik eta erreparaziorik gabe dirautela Estatuaren biolentziak jasan dituzten ehunka biktimak, eta egoera hori jasanezina dela, diskriminatu eta umiliatu egiten gaituelako.
Bizikidetzaren eraikuntza posible izan dadin, ezinbestean, beharrezkoa da egoera hau aldatzeko konpromiso sendoak nork bere gain hartzea, eta Estatuak behingoz aitortu ditzala dagozkion erantzunkizunak.
Hona Ane Muguruzak, Josu Muguruza zenaren alabak, Egiari Zor Fundazioaren izenean irakurri duen hitzartze osoa:
1984 eta 1989 urteetako azaroaren 20a hautatu zuten GALen arduradunek Santi Brouard eta Josu Muguruza exekutatzeko.
35 urte luze pasa dira Estatu terrorismoak, PSOE Espainiako Gobernuaren burutzan zelarik, Santi erail zuenetik. Bost urte beranduago eraso zuten Josu, jatorri berdina zuten bala ezberdinekin. Bi politikari abertzaleak hiltzeko eguna ez zuten halabeharrez hautatu. Ez zen kasualitatea izan.
Biek, beste hainbatekin batera, Euskal Herriarentzat defendatzen zuten proiektu politikoa, ekonomikoa, soziala, parez pare kontrajartzen zen, eta oraindik ere da, diktadore genozidak “lotuta, eta ondo lotuta” utzitakoarekin. Erregimenaren biziraupenerako bada bakarrik molda daitekeen konstituzioaren bidez gutxi batzuek blindatu zuten horrekin, hain zuzen.
Demokrazia espainiarraren oinarrian daude inpunitatea eta biolentzia. Erregimen militar faxistak eragindako krimenak sekula gertatu ez balira bezala jarri zen abian demokrazia hau, Estatuko botereak depuratu gabe, horrela ahalbidetuaz urte luzeetako biolentzien erantzuleek beren postuetan jarraitzea, eta frankismoa instituzioetan betikotzea.
Tamalez, Santi eta Josu ez ziren izan Estatu espainiarrak gure herrian praktikara eramandako biolentzia anitzen ez lehenengo ez azken biktimak. Hori dela eta, gaurkoan Estatuaren biolentziaren biktima horiei guztiei nahi diegu eskaini omenaldi hau: egia itzaletik argitara ateratzeko borrokan eta lanean diharduten horiei guztiei; komunikabideetan tarte txikirik ere ez duten horiei; efemerideetan agertzen ez direnei; debekatutako izen-abizenak dituztenei; kontatu ezin den historia dutenei.
Herri honen askatasuna lortzeko bidean hamar milaka herritar ibili dira eta bizitza eman dute. Garai ezberdinetan, bandera ezberdina soinean, ideologia konpartitu gabe batzuetan, baina askatasun ametsaren bidean denak. Haien bizitza eta lekukotza gure historiaren atal zatiezina da, faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zietelako. Zuentzat guztientzat gure oroitzarik beroena.
Asko mintzo gara memoriaz, inolako desenkusarik gabe biolentziari zilegitasuna kenduko dion memoria demokratikoa eraikitzearen beharraz. Hala ere, badirudi bakarra dela deslegitimatu beharreko biolentzia. Ez milaka pertsona bide bazterretan anonimotasunean mantentzen dituena; ez Estatuaren fondo erreserbatuekin finantzatu zena; ez manifestazioak edo asanbladak disolbatzeko tiroak jaurtitzen zituena; ez kontroletan euskal herritarrak akabatzen zituena; ez demokraziaren jarduna, oinarrizko eskubideen jarduna, oztopatu duena;…
Hilabete asko daramatzagu ikusten eta entzuten nola ahots ezberdinak mintzo diren biktimen umiliazioaz. Gurean gertatutako biolentzia bakar baten biktimei egiten diete erreferentzia, ordea. Akaso Estatuaren biolentziak jasan ditugun biktimok ez dugu arrazoirik umiliatuta sentitzeko?
Bizi dugun egoeraz jabetu besterik ez dago, edo gure biktimarioek bizi duten egoera aztertu, zentzu apur batekin ohartzeko guk ere umiliatuta sentitzeko nahikoa arrazoi baditugula.
Aurtengo urriaren 24a. Madril. Bandera frankistak, “¡Viva Franco!” oihuak, eskuin beso goratuak… Diktadorearen eta bere obra odoltsu eta biolentoaren gorazarre argia. Baina Espainiako justiziak hemen ez du biktimen umiliaziorik ikusi, ez du terrorearen exaltaziorik ikusi, ez du hiltzaile genozida baten figuraren omenaldirik ikusi… Honakoa da, bada, oinordeko den Estatuaren maila demokratikoa.
Umiliantea da GALekin izandako harremanagatik kondenatutako zenbait politikarik kartzelan Altsasuko gazteek baino denbora gutxiago pasa izana.
Umiliantea da gure senideen exekutore izan zirenak kondekoratzea eta biziarteko ordainsariak jasotzea.
Umiliantea da Euskal Herriko erakunde nagusietariko batzuek etengabe uko egitea autokritika eskaerak egiteari gure gizartea kolpatu zuten hainbat eta hainbat biolentziaren eragileri eta ardurak izan zituzten guztiei.
Umiliantea da oraindik gaur egun ehundaka pertsona behartzea astebururo kilometroak eta kilometroak egitera, arriskuan jarriaz beren bizitzak salbuespenezko erabaki politiko batzuen ondorioz.
Errekaldeko plaza honetatik gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu Jose Angel Otxoa de Eriberen senide eta lagunei. Noiz arte jarraitu behar dugu drama honekin?
Larriki gaixo dauden preso guztiak etxera behingoz!
Umiliantea da ahaztea aipatzea zer nolako inpunitatearekin urratu zituen Estatuak ehundaka herritarren giza eskubideak. Umiliantea da ez eskatzea autokritikarik egiteko Iñigo Cabacas hil zutenei, Gurutze Iantzi hil zutenei, Gasteizko martxoaren 3ko krimenen arduradunei, Almeria kasukoei, Jose Atanes hil zutenei (Alegi eta Beasain artean, bide baztar batean eraildako Galiziako gizona)… Gutxi batzuk aipatzearren.
Ekidin nahi gaituzte. Estatuaren biolentzien biktimen zerrenda osatzen dugunak ekiditen gaituzte. Modu kontzientean, gainera, haiek bere gain hartzeko prest ez daudena beste batzuei exigitzearen hipokrisiari aurre egin behar ez izateko. Honen guztiaren oinarrian dagoena da indartzen saiatzea Estatuaren biolentziaren erabilera legitimatu asmo duten diskurtsoak, ehundaka pertsonaren giza eskubideak urratu zituztenak. Hori ez al da moralki onartezina?
Gure mina eragin zuen eta sekula horren aitortzarik egin ez duen biolentziari ez zaio inolako eskakizunik egiten, ez da interpelatzen. Honek pentsatzera garamatza behin eta berriro eztabaida publikoan dabilen autokritika eskaera ez dela, benetan, bakeari eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako konbikzio moraletan oinarritzen, interes politiko zehatzetan baizik.
Biktimak kategorizatzen diren bitartean, biolentziak ukatzen, erantzunkizunak kamuflatzen… amaitezina dirudien etika demokratikoaren inguruko eztabaida batean gaude murgilduta, honen helburua solik delarik bizi dugun gatazkaren izaera politikoa difuminatzea, eta ez pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetu osoz diharduen kultura demokratiko berri baten eraikuntza.
Eta ez da nahikoa esatea biolentzia ezberdinetako biktimak badirela; ez da nahikoa, zenbait eskubideren jabe egingo bagaituzte ere, biolentzia batzuk bakarrik ofizialki aitortuko dituzten legeak abian jartzea.
Beharrezkoa da ardura politikoak nork bere gain hartzea, eta hausnartzea zergatik izan den posible, zein testuingurutan izan den posible, Estatu batek horrelako krimenak aurrera eraman ahal izatea, bere inpunitatea ikustaraztearekin batera.
Bizi izan dugun errealitatea ukatu duten mediku forentseek, epaileek, komunikabideek eta klase politikoak, inpunitateari tokia egiteaz gain, posible egin dute arduradunek ez hartzea beren gain dagokizkien erantzunkizunak. Eta, hala ere, jasan behar dugu batzuek pentsatzea ustezko nagusitasun moral baten jabe direla, beren ekintzen erantzunkizunak norbere gain ez hartzeko.
Gure eskubideak babestu behar zituen horrek urratu ditu gure giza eskubideak eta egin gaitu biktima. Ez al da moralki onartezina, errealitate horren aurrean, beste alde baterantz begiratzea?
Ziurta dezakegu gaur hemen gaudenok ez dugula inolako arazorik ezberdin pentsatzen dutenekin. Baina ez dugu onartuko inor saiatzea inposatzen gertatutakoaren inguruko kontakizunik, bakarra balitz bezala, beren arduren jabe ere egin nahi ez dutenean; eta ezta moraltasunaren inguruko lezioak ematen saiatzerik ere.
Pluraltasun ideologikoari diogun errespetutik, eta kontziente izanik etorkizuneko bakearen eraikitzeko, ezinbestean, iraganean gertatutakoaren inguruan jardun beharko dugula, horrek sorrarazten dituen korapilo guztiekin, gure determinazioa da lanean gogor jarraitzea egun ezberdintasunak diren horiek topagune bilaka daitezen.
Horretarako, uste dugu elkartzen gaiten horri heldu behar diogula, eta hausnartu behar dugula banatzen gaituenaren inguruan, guztion artean aurrera egiteko konpartitzen dugun helbururantz: elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza, non hamarkadetan bizitako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria izango den horrelakorik ez errepikatzeko berme.
Amaitzeko, esan nahi dugu gatazka behin betiko konpontzeko eta bideratzeko gure konpromisoak indarrean dirauela. Gatazka sortu izanaren arrazoiak politikoak izan ziren, eta politikoak beharko dute izan irtenbideek, pertsona guztiak dagozkien eskubideen jabe direla bermatzeko, elkarbizitza demokratikoa eraikitzen jarraitzeko eta gatazka behin betiko gainditzeko.
Aurrera goaz, haritzaren sendotasunarekin, egia bide eta askatasuna amets.